129 blog aurkeztu dira Blogetan! lehiaketara

Bizkaie! 2017-02-14 08:23   Euskerea berbagai

Euskerazko blogik onenak aukeratzeko lehiaketea da Blogetan!, Azkue Fundazinoak eta Argiak antolatua. Erabiltzaileek gustokoenaren aldeko botoa emon leikie orain.

Urtarrilean zabaldu eben antolatzaileek Blogetan! lehiaketearen bigarren edizino honetan izena emoteko epea. Euskerazko blogen bat daukienek euren blogak aurkeztu ahal izan ditue eta erabiltzaileek be egin ahal izan ditue proposamenak. Behin epea amaituta, Azkue Fundazinoak datua emon dau: 129 blog dagoz izena emonda.

Lau kategoriatan banatu ditue blogak, lantzen dituen gaien arabera: Proposamenik gehien kulturearen arloan jaso ditue, 58 hain zuzen; Astialdiaren kategorian 27 dagoz; Gizarte eta Politikan, 21; eta Zientzia eta Teknologian 23. Kategoria bakotxeko onenek irabaziko dabe saria.

Martiaren 10era arte, interneteko erabiltzaileek botoa emoteko aukerea daukie. Blogetan! lehiaketearen webgunean sartu eta gustokoena zein dan esatea besterik ez da egin behar (hemen). Twitter bidez be emon leiteke botoa. Epaimahai bat be badago eta, hortaz, erabiltzaileen zein epaimahaikideen eretxia kontuan hartuko da. Kategoria bakotxeko finalistak aukeratuko dira fase honetan. Behin betiko irabazleak epaimahaiak erabagiko ditu.

Epaimahaian honeek dagoz: June Fernandez blogari ohia eta Pikara Magazine aldizkariaren sortzailea; Joxe Rojas blogaria eta teknologia barrietan aditua; Zuzeu agerkari digitaleko Urko Uranga; Argiako kideak; eta Azkue Fundazinoko teknikari bi.

Botoa emoteko orduan, Azkue Fundazinoak zehaztu dau, edonork daukala botoa emoteko aukerea. Blog baten sortzaileak, esaterako, bere buruari botoa emon leikio. Edo beste baten blogari. Blogik ez daukienei be, batez be interneteko zaleak badira, dei egin deutsie euren eretxia emon daien.

Beste alde batetik, Azkue Fundazinoak gogoratu eragin dau, euskerazko blogen inguruko inkestea beteteko aukerea daukiela erabiltzaileek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu