Euskerazko blogak aztertuko ditu Azkue Fundazinoak, inkesta baten bidez

Bizkaie! 2017-01-31 12:17   Euskerea berbagai

Azken urteotan gai horren inguruko azterlan sakonik ez dala egin ikusi dau Azkue Fundazinoak eta, hortaz, edozein erabiltzailek beteteko moduko inkestea plazaratu dau.

Inkestearen helburua euskal blogintzearen ganeko datu gaurkotuak lortzea da: Zenbat diran, nork eta zelan kudeatzen dituan, zein baliabide dituen... Behin analisia amaituta, ateratako ondorioak gizarteratuko ditue. Blogetan lehiaketearen sari-banaketa ekitaldian emongo dabe inkestearen emoitzen barri, martiaren 30ean. Izan be, egun horretan euskal blogintzearen inguruko jardunaldia antolatuko dau fundazinoak.

Euskalgintzan eta interneten dagoan kezka bat da blogen inguruko datuena, Azkue Fundazinoak azaldu dauenez. Blogetan lehiaketea martxan ipini ebenean, fundazinoko langileei be jakinmina biztu jaken eta inkestea egitea erabagi eben. Hartara, euskerazko blogen benetako egoerea zehatzago ezagutu ahal izango da.

Azkue Fundazinoak adierazo dauenez, badaukaguz blogak euskeraz sortzeko plataformak zein blogetako edukiak zabaltzeko baliabideak, baina ez daukagu blogintzearen inguruko ikuspegi orokorrik. Fundazinoak dinoanez, Joxe Aranzabelek 2007an egin eban gaiaren inguruko azterlan sakon bat eta harrezkero ez da ezer egin.

Euskal blogen inguruan lortutako datuak hainbat alorretan erabili ahal izango dira. Interneteko erabiltzaileentzat, erakundeentzat, teknologia barrietan dabizan garatzaileentzat eta abar, balio handiko datuak izango dirala uste dau Azkuek. Baita blogarientzat eurentzat be. Etorkizuneko estrategiak zehazteko abiapuntua izan leitekez datuak.

Ikuspegi ahalik eta zehatzena eta errealena lortu ahal izateko, erabiltzaile ugariren datuak bildu nahi ditue inkestan, zenbat eta gehiago, hobeto. Horregaitik, edonork bete leike galdetegia, blogen munduan aditua izan zein ez. Baldintza bakarrak dira, internet erabiltzea, euskeraz jakitea eta, ahal dala, blogen bat ezagutzea.

Inkestako galderen bidez, ikuspegi nagusi bi ezagutu nahi ditu Azkue Fundazinoak: Batetik, gaur egungo blogen inguruko galderak egongo dira, zelako blogak dagozan eta erabiltzaileek gustuko zer daben jakiteko. Bestetik, aurrera begirako ikuspegia izateko galderak be egongo dira, kontsumitzailearen beharretan oinarritutakoak.

Inkestea Azkue Fundazinoaren webgunetik bete leiteke (hemen).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu