Pau Guillen: 'Gizarteak gero eta gehiago eskatzen dau LGTB gaiak lantzea'

Dabi Piedra 2017-02-13 10:45   Barriketan

Zinegoak jaialdiko zuzendaria

Datorren astean, zezeilaren 20an, hasiko da Zinegoak, Bilboko LGTB Zinemaldia. Motorrak berotzen hasteko, baina, asteon bertan ekingo deutsie 3, 2, 1... Zinegoak! zikloari. Edizino berezia izango da aurtengoa, aste bete beharrean aste bi iraungo dauelako eta, ganera, sari berezi bi emongo diralako: Batetik, Joao Pedro Rodrigues zuzendari portugaldarra eta, bestetik, Queer Kampala, hau da, Ugandan ospatu dan lehenengo LGTB zinemaldia.

Aurreko urteetan Zinegoakek euki dauen igoereari eutsi eta Bilboko agenda kulturaleko hitzordu garrantzitsuenetako bat izaten segiduteko asmoz, 101 ekitaldi dakarz jaialdiaren 14. edizinoak. Horrezaz gan, 3, 2, 1... Zinegoak! eta Hedapena zikloak dagoz, jaialdiaren aurretik eta ostean, hurranez hurran. Horren guztiaren ganean egin dogu berba Pau Guillen Zinegoakeko zuzendariagaz.

 

1.- Zinegoak aste bikoa izatera pasauko da. Aldaketa horretarako indartsu ikusten ei dozue zeuen burua, zergaitik?

Publiko gehiago etorri zan igaz eta horregaitik pentsau dogu, egun gehiagoko egitaraua antolatuta, jenteak aukera handiagoa eukiko dauela gure ekintzetara etorteko. Aste bakarra labur geratzen izan jaku, programazino guztia sartu ezinda ibili izan gara eta. Uste dogu jarduerak ez dabela zertan horren pilotuta egon eta eskaintzea aste bitan banatuko dogu. Gitxienez, igazko ikusle kopurua etortzea nahi dogu, ze gure asmoa ez da kopurua bikoxtea, jenteari erraztasunak emotea da helburua. Bide batez, dokumentalari espazio aproposagoa emon ahal izango deutsagu, arreta handiagoa merezidu dauelakoan gagoz. Orain arte, fikzinozko filmek pase bina izan dabe, baina dokumentalek bana. Aurten, dokumentaletarako be pase bikotxak egongo dira, denporaz nasaiago ibiliko garelako. Aurten lehenengo aldiz, epaimahai berezi bat egongo da dokumentalen arloan. Lehenengo astea hartuko dabe dokumentalek eta bigarrenean fikzinoaren txandea izango da.


2.- Dagoeneko 14. edizinora heldu da Zinegoak eta, aitatu dozunez, publikoak erantzun ona emoten dau. Guztiz finkatutako hitzordua da Zinegoak Bilboko eskaintza kulturalean?

Nik baietz esango neuke,  jentea jaialdi honen zain egoten da. Aurreko baten pasadizo bitxi bat jazo jatan. Kide bat eta biok posta bulegoan gengozala,  hango behaergin bat etorri jakun esanaz, hara, zu Zinegoakekoa zara eta! Oso gustuko dot Zinegoak, urtero zain egoten naz pelikulak ikusteko. Anekdota bat baino ez da, baina esanguratsua, pertzepzino hori gero eta gehiago izaten gabizalako. Gero eta publiko zabalagoa daukagu, geuk be hobeto komuniketan dogu zer egiten dogun, beharbada horrek izango dau eragina.


3.- Jaialdia aste bira luzatu arren, zuen helburua ez dala haztea dinozue. Zein da, ba, helburua?

Ez dogu bilatzen haztea, Zinegoak handiagoa izatea, ezpada jente guztiak erosotasunez disfrutau ahal izatea eskaintzen dogun guztiaz. 101 proiekzino eta jarduera doguz aurten, hori astebetean ipini ezkero, jenteak ezin izango dau batzuetara joan. Aste biren artean banatu ezkero, eskaintza horretaz disfrutetea errazagoa da. Uste dogu estrategia aproposa dala, ikusiko dogu zuzen gabizan.


4.- LGTB gaiak dira Zinegoaken oinarria. Urte batzuetatik hona gai hori zinemagintzan normaltzat hatzen hasi dala nabaritu dozue?

Sexualidadearen ganean berba egiten daben filmak gehiago dira, generoa eta identidadea lantzen dituen lan gehiago dagoz, hori bai. Nik uste dot igoera horrek loturea daukala gizartearen jarrereagaz, jenteak gero eta gehiago eskatzen dau gai honeek lantzea. Esaterako, orain dala urte batzuk transexualidadeaz berba egitean, emoten eban marginaltasunaz berba egitea zala eta ikuspegi hori aldatzen joan da, eboluzino bat egon da. Orain beste modu baten begiratzen jako gaiari, baina oraindino bidea dago egiteko, LGTBen errealidadea era guztiz naturalean ikusi arte. Zinemaldi handiek, ganera, LGTB gaietako sariak edo atalak daukiez orain, esaterako Berlinalek orain dala 20 urtetik emoten dau Teddy saria. Horrezaz gan, sari nagusiak be eskuratzen dabiz LGTB komunidadearen errealidadea erakusten daben filmak, orain pantaila handira heltzen dira halakoak, publikoak eskatzen dauelako. Oraindino gitxi dira, baina igoerea nabarmena da.


5.- Zinegoaken zazpi euskal produkzino ikusi ahal izango dira. Euskal Herrian be lekua egiten dabil LGTB zinemea?

Betidanik egon dira era horretako filmak hemen, baina orain gehiago dira. Orain dala hiru urtetik beti egiten dogu euskal fim laburren zikloren bat. Ganera, urtero film luzeren bat egoten da LGTB gaiak lantzen dituana, askotan zeharka izaten dan arren. Esango neuke sortzaileek hurreko gaitzat joten dabela eta poztekoa da. Guk horretan zelanbait lagundu badogu, ederto.


6.- Aurten dokumentalei leku zabalagoa egingo deutsazue. Loraldian dago formatu hori?

Duda barik, loraldian dagoan formatua da dokumentala. Batez be, formatu zurruna izateari itxi deutsalako, orain askatasun handiagoa hartzen dabe egileek dokumentaletan. Aniztasunagaz edo identidadeagaz lotutako gaiak lantzeko orduan, nik uste dot fikzinoa gatxagoa dala, dokumentalak adierazoteko modu ugari emoten ditu aukeran eta gogoetea sartzeko be aproposagoa da. Errealidade konplexuen ganean berba egiteko orduan, ikusi dogu egileek dokumentalaren alde egiten dabela gero eta gehiago.


7.- Zinegoak zinema-aretoetatik kalera eroatea da zuen asmoetako bat. Zelan egingo dozue hori?

Badaroaguz urte batzuk asmo horregaz. Batez be, jenteagaz nahastau nahi izaten dogu. Antolatzaileok ahalegintzen gara gure programazinoa beste eragile batzuen eskaintzeagaz bateratzen. Esaterako, La Fundicion aretoagaz aspaldiko alkarlana dogu eta, aurten be, antzezlan bat egitea adostu dogu. Produkzinoan sartu gara, hau da, ahalegin ekonomiko bat egin dogu obra hori gauzatu daiten. Produkzinoan sartu barik be, beste eragile batzuen ekitaldiak gureakaz koordinetan doguz. LGTB gaiakaz lotutako ekimenen baten barri izan ezkero, Zinegoaken inguruan estreinetako proposamena egiten deutsagu antolatzaileari, esaterako. Horren barruan, berbarako, BBK Salaren Klasikoak pantaila handian zikloagaz adostu dogu Some like it hot filma emotea, Hollywood klasikoan sexu orientazinoa zelan lantzen zan erakusten dauena. Euren programazinoa da, baina guk bat egiten dogu.


8.- Queer Kampala jaialdia sarituko dozue aurten. Ugandan, homosexualidadea debekatuta dagoan herrialde baten antolatu da, lehenengoz. Halako egoera gatxean sortu izana eredugarria da zuentzat?

Garrantzitsua eta oinarrizkoa da halako ekimen bat, egia esan, Queer Kampalaren ganean berba egiten dodan bakotxean hunkitu egiten naz. Eurakaz berba egin gendunean laguntzeko prest gengozala esan geuntsen, eurena behar-beharrezko lana dala uste dogulako. Ganera, saria emongo deutsegu, errekonozimendu legez. Saria pozarren hartuko dabela esan deuskue, eurentzat ohorea dala eta lanean segiduteko indarra emongo deutsela. Era berean, Queer Kampalaren barri izatea iparra ez galtzeko modu bikaina da, gauzak zergaitik egiten doguzan ulertzeko bidea. LGTB zinemaldiak egitea beharrezkoa da oraindino, aldarrikapena eta alkarri laguntzea ezinbestekoak dira gaur egun.

Ondo merezidutako saria da Queer Kampalarena. Aurreko baten gai honen inguruan berbetan gengozan, zelakoa ete dan LGTB jaialdi bat antolatzea homosexualidadea debekatuta dagoan leku baten. Ba, nik uste dot, halako egoera baten, LGTB personak bakartuta egoten dirala, ez daukie erreferentziarik, ez daukie nora jo. Queer Kampala topagune baten modukoa da, helduleku bat horrenbeste jenterentzat. Kolektiboari ikusgarritasuna emoten deutsie eta gure zeregina da hemendik ekimen horren barri emotea, eta ahal dogun neurrian babesa emotea.


9.- Asteon hasiko da, eguaztenean, 3, 2, 1... Zinegoak! zikloa, jaialdia bera hasi aurretik. Zer egongo da hor?

Zinegoak kalera ateratzeko asmo horretan, uriko eragileakaz kolaborazinoak antolatzen ahalegintzen gara eta ziklo hau aproposa da alkarlan horren emoitzea agertzeko. Kulturgintzan gabizan guztiok, nork bere alorrean, aportazinoa egitea da kontua. Azken finean, helburua da kulturea ahalik eta jente gehiagogana heltzea. Hasteko, eguaztenean, Guggenheim Museoan egongo gara. 20 urte beteko dituanez, TopARTE programea antolatu dau museoak eta, horren barruan, dokumental bat emongo dogu. Ume transexualen ganean ETBn emondako dokumental baten egileakaz berba egingo dogu eguenean, gaurkotasun handiko gai bat plazaratu dabela uste dogulako. Bilbao Web Festeko jenteagaz be egongo gara barikuan, eta LGTB gaiak websailetan zelan lantzen diran ikasiko dogu. Bideojokoetan LGTB edukiak zelan sortzen diran be azalduko deuskue.

Eta zapatuko ekitaldia be ez dot ahaztu nahi. Pikara Magazine aldizkarikoek antolatu dabe jardunaldia, Sare Lesbianisteagaz alkarlanean. Alicia Ramos kantautorearen eta Txus García poetearen emonaldi bat izango da, dobakoa. Hau guztia jaialdiaren aurretik izango da, jarduera bat egun bakotxean eta asmoa da, Zinegoaken aurretik motorrak berotzen hastea. Jaialdiaren inaugurazinoa bera hilaren 20an izango da, Arriaga antzokian.


10.- Zinegoak amaitu eta gero, Hedapena zikloaren bidez, Hego Euskal Herriko 32 herritara helduko dira Bilbon ikusitako filmak. Zinegoakek, gero eta gehiago, Bilbotik urteteko jokerea dau?

Hasikeratik ikusi genduan beharrezkoa zala jaialdia Bilbora ez mugatzea. Lehenengo jaialdian ez, baina bigarrenean hasi ginan idea hori lantzen. Uste dogu inportantea dala Bilbon ikusten diran obra honeek kanpora ateratzea. Bilbon eragina badau jaialdiak, herri txikiagoetan zer esanik ez. Hedapena zikloa apurka-apurka joan da hazten. Hasikeran Bizkaia aldean ibiltzen ginan, gero Gipuzkoara be heldu ginan eta, gaur egun, Arabako eta Nafarroako herriak be badagoz zirkuituan. Pozik gagoz, Hedapena euren herrira eroateko eskari asko izaten doguzalako. Herri batzuek ez dabe urtero parte hartzen, beste batzuk ia hasikeratik dagoz gugaz, alboko herriaren esperientziaren barri izan eta probetea erabagiten dabenak be badagoz... Film laburrak zein luzeak aukeran daukiez eta aurkezpena, kartelak eta halakoak geuk ipinten doguz. Astialdiagaz lotutako kalidadezko tresna kultural bat udalen esku ipintea da gure asmoa eta, ganera, aniztasunaren mezua zabaltzen dogu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa