Bilboko gazte sortzaileen topagune izango da Harrapazank

Dabi Piedra 2017-02-09 11:47   Euskerea berbagai

Gazteen astialdian euskerea bultzatzeko programa horren 12. edizinoa antolatu dabe Bilboko Udalak eta Topaguneak. Ehundazak gaztek emon dabe izena.

Koldo Narbaiza eta Itsaso Paia | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurreko urteetako arrakastea ikusita, aurten sekula baino luzeagoa izango da Harrapazank programea. Orain hasi eta maiatzera bitartean egingo diran ekintzez gan, lehenengo aldiz uda osteko egitaraua dakar. Euren alderdi artistikoa landu nahi dabenek, Distirazank talentu lehiaketan parte hartuko dabe eta sormena eta esperimentazinoa nahiago dabenek, ostera, Probazank ataleko tailerrak izango ditue eskura.

Jarduera guztiak euskeraz dira, izan be, Koldo Narbaiza Bilboko Udaleko Euskera zinegotziak azaldu dauenez, helburu nagusia uriko gazteen artean euskerearen erabilerea bultzatzea da. Astialdian euskerea bultzatzeko bide barriak topetea da gure asmoa, dino Narbaizak. Gustuko dituen gauzak eginaz, neska-mutilek euskeraz ondo pasetea lortzen dogu.

Itsaso Paia Harrapazankeko arduradunak dino oso pozik dagozala gazteek emondako erantzunagaz. Izen-emote epean ehundazak lagun apuntau dira eta batzuk kanpoan geratu behar izan dira. Esaterako, Bilrobot tailerretan 180 plaza dagoz eta 693 apuntau dira. Pena da horrenbeste gazte kanpoan itxi behar izatea, adierazo dau Paiak. Leku gehienak beteta badagoz be, jarduera batzuetan oraindino leku libreren bat dago: Popping jantzan, DJ tailerrean, pintxoenean...

Harrapazanken urteroko egitarauaren oinarrietako bat Distirazank talentu lehiaketea da. Aurten 78 taldek emon dabe izena, 209 parte-hartzaile. Itsaso Paiak dinoanez, era guztietako adierazpen artistikoak aurkezten ditue gazteek lehiaketan, baina musikea eta jantzea dira ohikoenak. Lehiakideak talde bitan banatuko dira: Junior (8-13 urte) eta Senior (14-18).

Zezeilaren 13an hasita, Distirazankeko talde guztientzako entseguak egongo dira Bilboko udaltegi publikoetan. Artista profesionalen gidaritzea izango dabe, lehiaketara ondo preparauta heltzeko. Hautaprobak martiaren 13tik 21era izango dira eta kategoria bietako finalak, maiatzaren 6an eta 7an, Bilborocken. Kategoria bakotxeko 10 talde egongo dira finalean. Ganera, finalera heltzerik ez daukien taldeentzat, sakontze tailerrak egongo dira.

Beste alde batetik, Probazank atala dauka Harrapazankek. Gazte guztiek ez daukie sen artistiko hori, eta nahiago izaten dabe tailerren bidez esperimentazinoan ibiltea, adibidez, dino Itsaso Paiak. Eurentzat da Probazank. Atal bitan banatuta dago, Sortuzank eta Bilrobot. Lehena, 9 eta 18 urte bitartekoentzat da eta, bigarrena, 8 eta 12 urte bitartekoentzat.

Bilboko hainbat auzotan egingo ditue Sortuzankeko tailerrak. Grafitia, DJak, smartphone bidezko argazkigintzea, sukaldaritzea... alor asko landuko ditue tailerrotan. Bilroboten, ostera, robotikea izango da ardatza.

Aurtengo nobedadea uda osteko jarduerak izango dira, hau da, aurten Harrapazank ez da maiatzean amaituko. Hiru jarduera nagusi izango dira uda ostean:

Selfie lehiaketea: Harrapazankek 12 urte bete dituanez, hilabetero selfi bana ateratzeko eskatuko deutsiegu gazteei, hamabina guztira, dino Itsaso Paiak. Sare sozialetan selfieak ipinten dituenen artean, hilero onena aukeratuko dabe. Ganera, onenakaz 2018ko egutegia egingo dabe.

Izarren Hautsa Akademia: Udan ondo-ondo pasau eta deskantsau ostean, Distirazanken ibili diran gazteei barriro deituko deutsiegu, adierazo dau Itsaso Paiak. Musika, jantza eta antzerkigintzako trebetasunak hobetzeko saioak izango dira akademia horren oinarria. Distirazanken jarraipen baten modukoa da, dino Paiak. Distirazanken parte hartu dabenek, zein 9 eta 18 urte arteko beste edozein gaztek parte hartu ahal izango dabe. Ikasitakoa Harrapazank Txalofest galan aurkeztuko dabe gazteek, abenduaren 2an.

Klikazank: Hau be lehiaketea da, kasu honetan internet bidezkoa. Interneten ibiltea gustuko dabenentzako lehiaketea da, interneteko euskerazko edukiak hobeto ezagutzen lagunduko deutse parte-hartzaileei, azaldu dau Paiak. Lau proba izango ditu Klikazankek eta teknologia barriakaz lotutako sariak banatuko dira.

Informazino eta argibide guztiak Harrapazank.eus webgunean dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu