Eguna egunkaria gogoratzeko plakea ipini dabe Bilbon

Bizkaie! 2017-02-02 13:12   Euskerea berbagai

Orain dala 80 urte euskerazko lehenengo egunkariaren egoitzea egon zan lekuan ipini dabe oroigarria, Posta kaleko 17.ean.

Juan Mari Aburto, erdian, berbetan; atzean, Andres Urrutia eta Bingen Zupiria | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerazko lehenengo egunkaria, Eguna, sortu zaneko 80. urteurrena bete da aurten. Horregaitik, Bilboko Udalak gomutan hartu nahi izan dau Egunaren ekarpena. Ekitaldi instituzionala antolatu dabe Bilboko Posta kaleko 17. zenbakian, egunkari haren egoitzea egon zan lekuan, eta plakea ipini dabe. Holan, euskerazko lehenengo egunkariaren memoria gizarteratuko da.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua izan dira ekitaldiko buruak. Bertan egon dira, ganera, Andres Urrutia euskaltzainburua, Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazinoko presidentea eta Laura Mintegi Euskal PEN Klubeko presidentea, euskalgintzako beste eragile batzukaz batera. Udal Txistulari Bandeak Ametsetan piezea jo dau, Eguna sortu ebenen amesa gogoan.

Posta kalean egindako ekitaldiagaz, beraz, Egunaren 80. urteurrena ospatzeko ekitaldiak hasi dira Bilbon. Datorren barikuan, hilak 10, Egunaren inguruko jardunaldia egingo da Euskaltzaindiak Plaza Barrian daukan egoitzan. Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak ez eze, Sabino Arana Fundazinoak, Deiak eta Euskal PEN Klubak antolatu dabe hitzordu hori.

Eguna egunkariaren lehenengo zenbakia 1937ko urtarrilaren 1ean kaleratu zan. Ordurako, gerra bete-betean egoan Bizkaia. Posta kaleko 17. zenbakiko erredakzinotik, kazetari gaztez osotutako lantaldeak 139 zenbaki plazaratu zituan, harik eta bagilaren 13an proiektua zarratu eben arte, faxistak Bilbon sartzear zirala.

Egitasmo laburra, sei hile eskasekoa, izan zan Eguna, baina egindako ekarpena apartekoa da: Euskera hutsean argitaratutako lehenengo egunkaria izan zan. Ordura arte, euskera hutsean aldizkari batzuk atera ziran eta erdarazko medio batzuetan euskerazko orriak egozan. Egunak urrats bat aurrera egin eta euskera hutsezko egunerokoa posible zala erakutsi eban.

80 urte geroago, Egunaren ondarea nabarmena da, euskerazko kazetaritzeak sekulako aurrerakadea izan dau eta. Euskera hutsezko hedabide asko dagoz gaur egun, tartean egunkariak, aldizkariak, irratiak, telebistak eta medio digitalak. Posta kalean ipinitako plakearen eta hilaren 10eko jardunaldiaren bidez, gaur egungo egoerara heltzeko aitzindari izan zan Egunari jagokon errekonozimendua egingo jako.

Posta kaleko plakeak dakarren irudia

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu