Eguna egunkariaren inguruko jardunaldia egingo dabe Bilbon zezeilaren 10ean

Bizkaie! 2017-01-26 09:52   Euskerea berbagai

Euskerazko lehenengo egunkariaren 80. urteurrena gogoratzeko ekitaldia izango da, Euskaltzaindiak azaldu dauenez.

1937ko apirilaren 28ko Egunaren azala, Gernikako bonbardaketearen barri emonaz | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal kazetaritzearen historian mugarria izan zan Eguna, euskera hutsean argitaratutako lehenengo egunkaria izan zalako. 1937ko urtarrilaren 1ean plazaratu eban lehenengo zenbakia eta urte haretako bagilaren 13an azkena. Ondoren, faxistek Bilbo hartu eben eta proiektua betiko desagertu zan. Guztira, 139 ale argitaratu zituan Egunak.

Harrezkero zortzi hamarkada pasau dirala ikusita, hainbat eragilek jardunaldi berezi bat antolatzea erabagi dabe, Egunaren kontestua eta ekarpena aztertzeko. Euskaltzaindia da antolatzaile nagusia eta Bilboko Plaza Barrian daukan egoitzan izango da ekitaldia, zezeilaren 10ean, barikua.

Ganera, Akademiagaz batera, jardunaldiaren bultzatzaile dira Bilboko Udala, Sabino Arana Fundazinoa, Euskal PEN Kluba eta Deia. Orain dala 80 urte argitaratzen zan Eguna jardunaldiaren ardatza izango dan arren, gaur egungo euskal prentsaren nondik norakoak aztertu eta eztabaidatu nahi dituela azaldu dabe antolatzaileek. Egunak gaur egungo komunikabideetan daukan eragina be aitatuko dabe.

Kazetaritzan eta euskalgintzan adituak diran hainbat lagunek parte hartuko dabe jardunaldian. Esate baterako, Joan Mari Torrealdai euskaltzainak egingo dau berba, hau da, Eguna desagertu eta mende erdira Euskaldunon Egunkariaren hasikerako urratsetan ibili ziranetako bat. Euskal kazetaritzan urte askoan eragile eta ekintzaile izan dan Amatiño be Bilboko ekitaldian izango da. Beste parte-hartzaile batzuk izango dira Xabier Altzibar EHUko irakaslea, Joseba Agirreazkuenaga EHUko katedraduna eta abar.

Goizeko 9:00etan hasiko da jardunaldia eta, gitxi gorabehera, arratsaldeko 14:00ak artekoa izango da. Berbaldiak eta mahai-inguruak dagoz egitarauan. Euskaltzaindiak azaldu dauenez, jardunaldira joateko ezinbestekoa da aurretik izena emotea, 94 415 81 55 telefono zenbakian edo info@euskaltzaindia.eus helbide elektronikoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu