'Eguzkia sartzen danean, bizitea desagertzen da'

Bizkaie! 2017-02-02 10:43   Euskaldunak munduan

Orain hiru bat egun, txakur polit hau Everesteko Behe Kanpalekuan agertu zan, ezustean. Gatz dau izena eta dagoeneko espedizinoaren parte da; izan bere, jagoteaz gan, geugaz bizi eta lo egiten dau. 

Hara gora igon gura badogu, bizitea desagertzen danean egin behar dogu. Orduan baikara talde indartsua, eta orduan jakingo dogu balentria honetarako prest ete gagozan, eta geure bildurrei aurre egiteko kapaz izango ete garen.

Goizeko zazpi eta erdiak dira, eta lo egitea gogoko dodan arren, lo sakuan egoteaz bere aspertu egiten naz; egunari heltzeko gogoak daukat, eta arazo guztiei aurre egiteko gogoa. Berba gitxitan, bizirik nagoala sentidu nahi dot.

Lehen eguzki izpiek bederatziak eta erdi inguru horretan joten dabe, eta momentu horretan esnatzen dau biziteak bere; halan da be, batzuentzat bakarrik, Aitor eta Pablo ez baitira ohetik jagiten goizeko hamarrak edota hamar terdiak arte. Eta, ni ordu horretarako... ipurtarin hutsa eginda nago. Beraz, euren dendetatik urtetako sekulako trikimailu eta txantxak egiten deutsiedaz. Hori bai, hau luzerako doala konturatu naz, eta beraz, barriak asmau beharko dodaz, kar, kar.

Alkarregaz gosaltzen dogu hirurok, eguna planifikau eta egin beharreko lanak banatzen doguz. Hemen egunak konturatu orduko pasetan dira; 12 ordu inguru emoten doguz norberaren dendan gorputza berotan eukiteko.

Pablori asko gustetan jako bazkalondoko lo kuluxkea egitea, baina galarazo egin deutsat eta egun bi daroaz holan, eta zinez, ez dauela faltan botaten, izan be, nahikoa ordu emoten doguz bakardadean, ganera, aparteko orduak bere egiteko moduan!!!

Azken egunotan, Bea, Roger eta Adrian etorri jakuz bisitan, eta eskerrak emon nahi deutsiedaz geugaz konpartidutako momentu ahaztezin horreengaitik. Lagunak geure bizitzetako osogai ukaezinak dira.

Goizak ez dira oso emonkorrak izaten, gosariak bazkariakaz batzen jakuzalako. 13:00ean jaten dogu beti, eta hortik aurrera, hasten gara martxan. Egunero dago lana. Normalean, gainezka egiten deusku lanak, baina ez gara larritzen. Nahiago dogu alkarri irribarre bat eskaini.

Pablori Cheppal eta Norburegaz bromatan ibiltea ikaragarri gustetan jako, eta niri berari eta Aitorri ulea hartzea. Esaterako, Pablo gixajoari eskuko telefonoa ezkutatzen deutsat beti, eta “hotza edo beroa” jokora jolasten dogu. Aitorri, ostera, tabaskoa edota pimentoia botaten deutsagu infusinoan. Egia esan, zelako pazientzia daben biek nigaz!!

Oso harro nago bietaz, persona eta profesional legez. Aitor eta Pablo oso jatorrak dira, egunero topetan ez diran horreetariko personak, hain zuzen; beraz, pozarren nago espedizino honen parte diralako.

Aitorrek 9 hilebeteko alabea dauka, Erika izenekoa eta egunero berba egiten deusku haren ganean. Asko botaten dau faltan; ikaragarri. Baina heltzen jakuzan barriakaz batera, bere eboluzino guztia jarraitzen gagoz. Gaur, ohetik bajatu da bera bakarrik, eta laster, oinez ikasiko dau!!

Erikak ezezaguna ezagun egiten dauen legez, geuk bere sekulako gogoa daukagu eguraldia hobetu eta gorantz egin ahal izateko; hau da, printzipioz, Bigarren Kanpalekutik hona dagozan 22.000 pausuak igaroteko.

Eguzkia lotara doanean, eguneko momenturik gogorrenak biziten doguz; onartu beharra daukat, Sagarmathak (Everest) baekiala zertara gentozen. Idealak baketsuak dira, baina historia bortitza eta krudela da.

Espedizinoan atera aurretik, neure senak hainbat jakinarazpen emon eustazan, eta jakin banekian hainbat zailtasun bizi beharko neukezala, eta orain arte, senak ez deust hutsik egin. Baina oraingoan, zopa sume batek sentimendu horren konfiantza galtzera eroan nau. Halan da be, ofizio honetan, nork jakin.

Ganera, argitu nahiko neuke, espedizino batean zopa bat hartzea sentimendu txarrei lotu ohi dodala beti. Neure barren-barrenean gordeko eida kontu honen zergaitia.

Gaur, badinotsuet, ostera, orain arte Everesteko Behe kanpalekuan hartu dodazan zopa guztiek erronka honen inguruko sentsazino baikorrak helarazo deustiezala.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu