Jorge Luis Tejedor: 'Nik pentsau baino euskerazko leku-izen gehiago dagoz Sestaon'

Dabi Piedra 2017-01-30 08:42   Barriketan

Sestaoko toponimia liburuaren egilea

Lanbidez libutegiko behargina dan arren, toponimia da Jorge Luis Tejedorren zaletasuna, hau da, leku-izenen ezaugarriak eta jatorria. Bere herriko, Sestaoko, leku-izenetan euskereak itxitako arrastoaren bila hasi eta, konturatu orduko,  toponimoen bilduma ederra batzen hasi zan. Hori da Sestaoko toponimia liburuaren abiapuntua. Erdi Arotik hona, Sestaok izan dauen bilakaerearen lekuko diran toponimoak datoz lan horretan. Euskaltzaindiaren eta Sestaoko Udalaren laguntzinoagaz egin dau argitalpena Tejedorrek.

 

1.- Zelako leku izenak aztertu dozuz?

Sestaoko historiaren azken 500 edo 600 urteak hartzen ditu liburuak eta toponimoak klase guztietakoak dira: Bideak, dorretxeak, baserriak... era guztietako izenak dira.


2.- Jasotako izen bakotxa zelan aurkeztu dozu liburuan?

Lehenik eta behin, esan behar da liburuan agertzen diran izen guztiak agirietan dokumentauta dagozala. Artxibo ugaritan ibili naz begira. Liburua bera, hiztegi baten moduan antolatu dot, hau da, orden alfabetikoan sartu dodaz toponimoak. Alderdi historikotik kokatu dot izen bakotxa, datu batzuk emonaz. Esate baterako, hartzen badozu San Francisco izena, hor azaltzen da zelan industrializazinoaren ondorioz sortutako izena dan, toponimo barria dala... Edo hartzen badozu Ondezaga, ba hori izen zaharragoa da Sestaon, eta lekuaren bilakaerea agertu dot, lehen nekazari eremua zala esanaz eta abar. Toponimo bakotxari kontestua ipini deutsat, ahal dan neurrian: Zelan sortu zan, ze girotan...


3.- Ze artxibotan ibili zara bila?

Sestaoko liburuak arakatu dodaz eta bisita asko be egin dodaz. Derioko eleiz artxiboa, Foru Aldundiarena, Artxibo probintziala, Bidebarrietako liburutegia, Portugaleteko Udal Artxiboa eta Balmasedako Jaubetzearen Erregistroak. Horreek izan dira nire lanerako iturri nagusiak.


4.- Gaur egun erabilten diran leku-izenak bilatu dozuz, ala galduta dagozanak be badagoz liburuan?

Danetarikoak sartu dodaz, zaharrak eta barriak. Dana dala, niri guztiz ezezagunak egin jatazan pilo bat topau dodaz. Arraroak egiten jakuz niri eta nire edadeko Sestaoko gehienei. Azken finean, Sestaon, beste leku guztietan legez, 20 toponimo inguru erabilten doguz egunerokoan, toponimo nagusiak izango litzatekez horreek eta, ganerakoen artean, batzuk galdu egiten dira. Gerra Zibiletik hona, eta batez be migrazinoen eraginez, toponimo barriak sortu dira eta zaharretako batzuk lurperatuta geratu dira. Ahaztutako horreek berreskuratu dodaz, argitara atera. Guztiz ezezagunak ziran pilo bat toponimo dagoz liburuan, atera kontuak, dorretxeak, oinetxeak eta halakoak. Sestaoko historia apur bat be berreskuratu dot.


5.- Balio filologikoa dauka azterlan honek. Horrezaz gan, baina, toponimoek balio historikoa be badaukie, ezta?

Bai, eta Sestaoren kasuan garbi ikusten da hori. Sestaoko historian badago marra bat, landa bizimoduko herriaren eta industrialaren arteko mugan dagoana. 1870 bueltan dago marra hori. Datu bakarra emongo dot: 1870ean Sestaok 400 biztanle inguru zituan eta zazpi urte geroago, 4.300 pasautxu. Zazpi urtean hamar bider hazi zan biztanle kopurua! Marra hori oso nabarmena da historian eta, ondorioz, toponimoetan be igarten da. Toponimo zahar batzuk desagertu eta, industrializazinoaren eraginez, barriak agertu ziran. Fabriken alboan eratu ziren auzoen izenak, adibidez San Francisco, Aurrera, Astilleros, La Escarabilla... Horreek guztiak leku-izenak dira baina, jatorriz, enpresen izenak dira.


6.- Ezaugarri desbardinak ditue industrializazinoaren aurreko eta osteko izenek?

Toponimoek bizitzea bera islatzen dabe eta, beraz, bai, aldea dago. Sestaon sasoi bakotxean egon dan bizimoduaren lekuko dira leku-izenak. Fabrikaren bat kenduta, 1840 inguruan Nuestra Señora del Carmen galdarategia egon zalako, Sestao zaharrean izen guztiak ziran errotak, bideak, ortuak, iturriak, baserriak eta halakoak. Sestao industrialean, jakina, nekazaritzeagaz lotutako izen barririk ez da sortzen, beste bizimodu bat agertzen dalako. Orduan sortzen dira lehenengo kaleak, Txabarri, Rivas eta horreek. Lehenengo auzoak, auzo urbanoak esan nahi dot, be bai: Urbinaga, Astillero... askotan fabrikei lotuta eregiten ziran auzo barriak.  


7.- Antxinako toponimoak aldatuta heldu dira gugana?

Batzuk bai. Asko galdu egin dira, baina gaur egunera heldu diranen arteko baten batzuk desitxuratuta dagoz. Esate baterako, Sestaoko toponimo zaharrenetariko bat Ondezaga da, baina gaur egun Ondejeda esaten deutsie, erderazko kutsu hori emonda. Sestaoko parkerik handienak izen hori dauka, Ondejeda-Las Camporras, baina jatorriz euskerazko izen bat da. Erderazkoak ehun urte baino ez daukaz.


8.- Gaur egun udalerrian erderea askoz gehiago entzuten dan arren, euskerazko toponimo asko topau dozuz ezta?

Bai, nik uste dot Sestao hizkuntzen arteko muga-mugan egoala sasoi baten. Ni ez naz aditua honetan eta nire ustea baino ez da, baina esango neuke euskerea eta erromantzea batzen zirala Sestao inguruan. Denporan zenbat eta atzerago joan, toponimo euskaldun gehiago agertzen dira, baina erdaldunak be asko dagoz. Enkarterriko erromantzearen kutsua daukie Sestaoko erderazko toponimoek. Sorpresea hartu dot, nik pentsau baino euskerazko toponimo gehiago dagoz Sestaon.


9.- Toponimoei begiratuta, Sestaon euskerea noz galdu zan jakin leiteke?

Ez dago jakiterik, baina han eta hemen entzuten danaren arabera, emoten dau Sestao eta Barakaldo euskaldunak zirala 19. mendearen hasikerara arte. Baina ez dago probeterik. Anekdota batzuk badagoz euskereagaz lotuta. Esaterako, 17. mendearen bueltan gertakari bat jazo zan Sestaon eta herriko errejidorearen goitizena Tximurra zan. Deigarria da zelan jenteak goitizenez ezagutzen eban halako autoridade bat eta euskerazko goitizena zan ganera. Eta sasoi barriagoetan, beharbada 19. mendean, Sestao eta Barakaldoko mugan bentazain euskalduna egoan, bera izatez Leioakoa zan. Behin erderazko agiri bat heldu ei jakon eta, ez ebanez ulertzen, Sestaoko abadeagana jo eban, itzulpena egiteko eskatuaz. Nire ustez esanguratsua da hori, ze bentazainarenera herritar asko joaten ziran eta haregaz euskeraz baino ezin eben berba egin, elebakarra zalako.


10.- Sestao iraganean askok uste dabena baino euskaldunagoa izan zala gaur egungo herritarrei erakusteko balioko dau zure liburuak?

Liburuak pentsakera hori aldatuko dauenik ez dot esango, baina ate bat zabaldu leike. Behintzat, uste dot balioko dauela Sestaoko jenteari, batez be gazteei, erakusteko herriaren historia zein izan dan. Eta ez bakarrik industrializazinoa, horrek azkenean ehun urteko epea baino ez dau hartzen. Gazteek erreferentzia batzuk daukiez eta uste dot garrantzitsua dala Sestao zer izan zan erakustea industrializazinoaren sasoian, baina aurretik be bai.


11.- Nork lagundu deutsu liburua egiten?

Sestaoko Udalak diru-laguntzinoa emon deust. Euskaltzaindiak, ostera, liburua zuzendu dau eta baliabide teknikoak jarri ditu nire eskura, argitalpena behar dan modukoa izan daiten. Izenak bildumearen barruan atera dogu. Halandabe, autoekoizpena izan da, nik neuk jarri dot dirua neure boltsikotik.


12.- Zu, izatez, Bilboko Bidebarrieta liburutegian zabiz lanean. Zer dala eta hasi zinan proiektu honetan?

Beti gustau izan jataz leku-izenak, etxean toponimiaren inguruko bilduma ederra daukat. Izenen gorabeherak, esangurea, jatorria... jakitea beti izan dot gustoko, txikitatik. Orduan, behin hasi nintzan Sestaoko toponimoak batzen eta, batez be, Sestaon euskerearen arrastoak bilatzen. Herriko erderan gorde diran berba batzuk topau nebazan, adibidez zaborra edo txinbo. Horrek eroan nau beste lan honetara. Ezagutzen ez ziran leku-izenak topau nebazan eta liburuari formea emoten hasi nintzan.


13.- Zelan ikusi zenduan liburu bat argitaratzeko beste material zeunkala?

Niretzat guztiz ezezagunak ziran izenak agertu ahala, konturatu nintzan Sestaoko beste jente askorentzat be ezezagunak izan behar zirala, ze nik 57 urte dodaz. Hor konturatu nintzan ezohiko gauza bat zala, altxor moduko bat. Buru-belarri hasi nintzan lanean eta lehen aitatutako artxiboetan arakatzeari ekin neutsan. Bost edo sei urte  behar izan dodaz hau amaitzeko.


14.- Liburua zelan banatuko dozu?

Euskaltzaindiak badaukaz ale batzuk salgai Bilboko egoitzan. Sestaon bertan, euskaltegian eta Itaka tabernan dagoz salgai. Ni ez naz honetatik bizi, eta gastautako dirua errekuperetan badot, konforme.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu