Lutxo Egiak eta Chema Trujillok irabazi dabe Cafe Bar Bilbao gidoi lehiaketea

Dabi Piedra 2017-01-27 12:28   Kulturea

Antzerki laburreko gidoien sariketeak 14. edizinoa bete dau. Identitarteak da Egiaren testua eta Elle n´est pas Liz Taylor Trujillorena.

Lutxo Egia, Mikel Martinez eta Chema Trujillo | Ikusi handiago | Argazki originala

Cafe Bar Bilbao taberneak eta Tartean Teatroa konpainiak antolatzen dabe urtero antzerki laburrerako gidoien lehiaketea. Gidoi on bat oinarrizkoa da antzerkian, azaldu dau Mikel Martinez lehiaketako arduradunak, sarri ez gara konturatzen, baina gidoigintzea da sormeneko atalik inportanteena.

Antzerkirako gidoiak idazteko mugak daukiez sortzaileek, gatxa izaten dalako gidoi hori hartuko dauen konpainia bat topetea. Horregaitik, urtero lehiaketea antolatzea bultzadatxu bat da idatzi nahi dabenentzat. Saria laguntzino txiki bat da, jentea antzerkirako testuak idaztera animau nahi dogu, esan dau Martinezek.

Aurtengo edizinoan, euskerazko sailean hamar testu aurkeztu dira eta gaztelaniazkoan, 25. Alde horretatik pozik dagoz antolatzaileak, kopuru polita dala uste dabe. Ganera, batez be euskerazko modalidadean, aurten kalidade bikaineko testuak egon dirala azpimarratu dau Martinezek: Hamar testuetatik bost egon dira oso maila altukoak, azken finean beti izaten da gatxa onena zein dan erabagitzea.

Lutxo Egiak antzerkirako idatzi dauen lehenengo piezea da Identitarteak eta berau saritu dau epaimahaiak, euskerazko atalean. Izenburua Igor Elortzak egindako berba joko batetik hartu dau Egiak. Horretan oinarrituta, identidadeen ganeko gidoia eregi dau. Identidadearen ganeko jolas bat egin nahi izan dot, identidadearen auzia gaur egungo gizarte honetan zertan dan azaldu, esan dau Egiak.

Gai sakona dan arren, formatu arin baten aurkeztu dau Lutxo Egiak Identitarteak lanean. Aktore bi baino ez ditu behar pieza labur horrek. Egoera surrealistetatik eta absurduetatik abiatuta, gogoetea sortu nahi izan dot. Lan umoretsua da Identitarteak.

Beste alde batetik, Chema Trujillok irabazi dau Cafe Bar Bilbao lehiaketearen gaztelaniazko atala, Elle n´est pas Liz Taylor testuari esker. Liz Taylor aktorearen eta Marcel Duchamp artistearen arteko alkarrizketa bat da gidoiaren oinarria. Gela baten alkar topauko dabe biek eta arte garaikidearen ganean berbetan hasiko dira, horixe da istorioaren abiapuntua.

Trujilloren lanak badauka jatorri deigarri bat. Lagun bati oparitzeko idatzi neban, azaldu dau autoreak berak. Ana Blanco aktorea da lagun hori eta antzerkian Liz Taylorrena egiteko amesa izan dauenez beti, Trujillori gidoi hau idaztea otu jakon, gero Blanco pertsonaia nagusia izan daiten.

Cafe Bar Bilbao sariketea irabazteagaitik, mila bana euro jasoko ditue irabazleek. Gidoia oholtzara eroateko bidean, Cafe Bar Bilbaoren eta Tartean Teatroaren babesa izango dabe, ganera. Urteroko sariketetako irabazleen testuak argitaratu egiten ditue, hainbat urtetakoak liburu baten batuta. Mikel Martinezek aurreratu dau hurrengo alea laster argitaratuko dabela eta hor ez dira faltauko Egiaren eta Trujilloren lanak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu