Zezeilaren 9an hasiko da Korrika Kulturala

Bizkaie! 2017-01-25 13:30   Euskerea berbagai

Ekitaldiz betetako egitaraua dakar AEK-k, 20. Korrikaren aurreko asteak girotzeko asmoz. Musikea, antzerkia, jantzea eta bertsoak egongo dira.

Korrika Kulturalean parte hartuko daben sortzaileak, Gasteizen egindako aurkezpenean (argazkiak: AEK) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gasteizen aurkeztu dabe Korrika Kulturala, uri horretan hasiko dalako zikloa, zezeilaren 9an. Kepa Junkera eta Sorginak entzuteko aukerea egongo da egun horretan. Korrika Kulturalaren bidez, ahaleginaren eta lan militantearen atal txiki bat eskaini nahi deutsagu bueltan euskal gizarteari, Asier Amondo Korrikako arduradunak adierazo dauenez.

Korrika heldu aurreko asteak girotzeaz gan, euskal kulturea bultzatzen da Korrika Kulturalean. Horregaitik, ikuskizunak herririk herri ibiliko dira, Korrikaren 20. edizinoa hasi aurreko asteetan. Asier Amondok azaldu dauenez, Korrika Laguntzaile txartela daukienentzat % 10 merkeagoa izango da Korrika Kulturaleko ekitaldietako prezioa.

Aitatutako moduan Kepa Junkera eta Sorginak Gasteizen izango dira datorren hilaren 9an, Maletak diskoa aurkezten. Estreinau barri diran beste hainbat ikuskizun be sartu ditue Korrika Kulturalaren egitarauan. Esate baterako, Tartean Teatroren (Mikel Martinez eta Patxo Telleria) Ez dok hiru! Euskal musikaren benetako istorioa antzezlana ikusi ahal izango da, baita Kukai jantza taldearen Oskara plazara be. Labetik atera barria da, era berean, Ane Labakaren eta Beatriz Egizabalen Erradikalak gara, Lanku bekea irabazi barri dauen lana. Ipuin-kontalaritzea eta bertsolaritzea buztartzen ditue Labakak eta Egizabalek.

Ez dira faltauko Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Tipi-tapa, Korrika! ikuskizunaren bidez, Korrika zer dan azalduko deutsie pailazoek umeei. Bestetik, Euskal Herriko Bertsozale Alkarteagaz alkarlanean, barriro ipiniko dabe martxan Bertso Korrika. Korrika herririk herri girotzeko saioak dira Bertso Korrikaren oinarria. 2013an eta 2015ean Euskal Herri guztiko bertsolari eta bertso eskolen babes zabala izan eban ekimenak eta aurten barriro holan izatea nahi dabe.

Bertso Korrikan parte hartu nahi daben bertso eskolek eskabidea egiteko aukerea daukie. Helburu ugari ditu Bertso Korrikak: Euskerea ikasi barri dabenei edo ikasten dabizanei bertso saio bat entzuteko aukerea emotea, herri bakotxeko bertsolariei kantetako lekua eskaintzea, herri edo auzoetako euskaldunak batzea...

Ekitaldiz beteta dator Korrika Kulturala, beraz. Sakelako telefonoetarako aplikazinoa sortu dabe, ikuskizun guztien agendea batzeko eta nobedade guztien barri emoteko. Ganera, aplikazino horregaz, 20. Korrika une bakotxean non dagoan jakin ahal izango da, geolokalizazinoaren bidez (martiaren 30etik apirilaren 9ra egingo da 20. Korrika).

Kepa Junkera eta Sorginak, ekitaldiaren aurkezpenean

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu