Otxandion hasiko da 20. Korrika, eta Iruñean amaitu
2016-11-09 12:55 Euskerea berbagaiBatzuk lelopean, 2017ko martiaren 30etik apirilaren 9ra bitartean egingo dau AEK-k euskerearen aldeko 20. Korrika. Ekimena sortu ebenak omenduko ditue.
Urte birik behin egiten dauen moduan, Korrikaren lekukoak Euskal Herriko kale eta errepideak bisitauko ditu 2017ko udabarrian. 1980an hasi ziran antolatzen eta dagoeneko, 20. ekitaldira heldu da AEK-ren eta euskerearen aldeko lasterketa berezi hori.
Donostiako San Telmo museoan aurkeztu dabe 2017ko Korrika, Remigio Mendiburuk egindako lekuko originala gordeten dan lekuan. Asier Amondo Korrikaren arduradunak eta Mertxe Mujika AEK-ren koordinatzaile nagusiak parte hartu dabe ekitaldian.
Aurkezpenean aurreratu dabenez, Bizkaian hasiko da Korrikaren 20. edizinoa, martiaren 30ean, eguena. Izan be, Otxandio izango da abiapuntua. Makina bat uri, herri eta auzotatik pasau eta gero, Nafarroan egongo da helmugea, Iruñean hain zuzen. Apirilaren 9an helduko da lekukoa euskaldunen uriburu historikora.
Leloa Batzuk izango da. Batzuk bat baino gehiago da eta, modu horretara, hizkuntzeak eta kultureak daukien aniztasuna azpimarratu nahi dabe. Ganera, herritarrei euskerara hurreratzeko konbitea be badago leloaren atzean, bat eta zuk kontzeptuakaz berba-jokoa eginaz. Hizkuntzea, kulturea eta mundu BAT sendotzeko bidean, ZUK be bat egin zeinke, azaldu dau Asier Amondok. Norberaren hizkuntza-aberastasuna eta munduko hizkuntza aniztasuna bizi izatera dei egin deutsie herritarrei, ikasiz, erabiliz, ahalbidetuz.
Korrikak jentea batu egiten dauela adierazoteko, irudi koloretsua diseinau dabe 20. edizinorako. Kolore askotako hondoaren ganean, kolore zurian agiri dira batzuk berbearen sei letrak.
Korrikaren sortzaileak omenduko ditue 20. edizinoaren atxakian. 1980an ipini zan Korrika martxan eta harrezkero, Amondok adierazo dauenez, euskalgintzearen, euskal kulturearen eta euskerearen erreferentza bihurtu da. Halako ekimen bateratzaile bat sortzeagaitik omenduko ditue Korrikaren hasikerako antolatzaileak.
Mertxe Mujikak esan dauenez, aurreko Korrika amaitu zanetik euskeraz bizi izateko aukerea sendoagoa da euskal gizartean. Euskerearen normalizazinoan sakontzeko, baina, ezinbestekoa da helduen espazioek be euskeraz funtzionetea. Hori da AEK-ren urteotako zeregin nagusia, azaldu dau Mujikak. Euskaltegietara bideratutako baliabideak oraindino ez dirala nahikoa ohartarazo dau.
Bideo labur bat be plazaratu dau AEK-k: 20. Korrika.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!