Iurdana Acasuso: 'Euskeraz bizi nahi dabenei bidea errazten deutse Mintzatuk'

Dabi Piedra 2017-01-23 08:30   Barriketan

Azkue Fundazinoko zuzendaria

Euskerea eta teknologia barriak, horreek dira Azkue Fundazinoaren oinarri biak. Mintzatu aplikazinoak biak batzen ditu. Alde batetik, sakelako telefonoetarako aplikazino barritzaile bat da. Bestetik, euskerearen erabilerea bultzatzeko tresnea da. Euskeraz egiten dan edo egiteko aukerea dagoan lekuak etiketetako aplikazinoa da Mintzatu. Urte barriagaz batera, erronkea bota deutse Azkue Fundazinoak euskaldunei: Baietz 5.000 leku etiketau 2017a amaitu orduko.

Mintzatu aplikazinoaren ganeko azalpenak emon deuskuz Iurdana Acasuso Azkue Fundazinoko zuzendariak. Erronkea zertan dan eta ze helburu daukazan aitatu dau. Bide batez, orain martxan daukien blog lehiaketearen ingurukoak be ekarri deuskuz.

 

1.- Urte amaierarako 5.000 leku etiketauta euki nahi dozuez. Zelan doa erronkea?

Astiro doa, Gabonetan bota gendulako erronkea eta oraindik ez da astirik egon. Mintzatu aplikazinoa, berez, 2012ko amaieran sortu zan eta, lau urteko ibilbide honetan, bigarren bersinoa da orain bultzatu nahi dogun hau. Orain arte, 1.300 leku inguru egon dira etiketauta eta, orduan, Gabonetan erabagi genduan, geure buruari erronkea ipintea, Mintzatun 5.000 leku etiketauta izatera heltzea. Gure zorion agurra bialtzeaz batera, erronka horretarako deia zabaldu genduan gure lagun, jarraitzaile eta abarren artean. Azken finean, Gabonak beti izaten dira norbere buruari erronkak ipinteko sasoia eta hau polita dala uste dogu. Deia, orokorrean, gizarte guztiari egiten deutsagu. Hogei egun dira erronkea martxan hasi zala eta oraindino goiz da esateko erronkearen erantzuna zenbaterainokoa dan. Hamabi hile daukaguz aurretik.


2.- Mintzatu aplikazinoaren bidez ze helburu bete nahi dau Azkue Fundazinoak?

Mintzatu da, esaldi bakarrean esanda, euskereak munduan daukan lekua adierazoteko erremintea. Hau da, Mintzaturen bitartez, euskeraz zerbitzua edo arretea emoten daben lekuak identifikau eta euskaldunon artean zabaltzen doguz. Etiketautako lekuetan euskeraz berba egin leitekela adierazota, lortuko geunke bertara joaten diranek euskeraz egin ahal izatea, hizkuntzeagaz zalantzarik euki barik. Horrek eragin zuzen bat dauka: Euskeraz bizi nahi dabenei edo praktikatu nahi dabenei bidea errazten jake.


3.- Euskaldunak alkartzeko be balio dau, ezta?

Duda barik, ze Mintzaturen bidez lekuak identifiketan doguz baina, era berean, personak be identifikau leikez. Adibidez, Mintzalagun edo Berbalagun talde bat alkartzen danean, talde hori etiketau leiteke eta holan jakin geinke ze lekutan praktikau geinken euskerea. Beste adibide bat be ipiniko dot: Udan Washingtonera joan ginan, Folk Life Festivalera, eta guk eskaintzen doguzan tresnen barri emon genduan. Orduan, Washington inguruan bizi diran euskaldun batzuek euren burua etiketau eben Mintzatun eta konturatu ziran alkarren alboan bizi zirala. Ordura arte ez eben alkarren barri izan. Beraz, Mintzatu gai izan da alkarren barri ez daukien euskaldunak konektetako.


4.- Beraz, Mintzatu mundu guztian erabili leiteke?

Hori da, Mintzatuk munduko mapea erakusten dau, gero handitu edo txikitu egin leiteke, baina munduko edozein lekutan etiketau leitekez euskeraz berba egiteko lekuak.


5.- Hemendik kanpora, esaterako euskal etxeetan, ezagutarazo dozue Mintzatu?

Bai, eta euskal etxe batzuk etiketauta dagoz. Ipar zein Hego Amerikan dagoz lekuak, Txinan kokatutako euskal enpresaren baten be bai... Gure asmoa baliabide hau ezagutarazotea da, jakin badakigulako munduan zehar euskaldun asko dagozala.


6.- Erraza da Mintzatu deskargau eta erabiltea?

Bai, erraza da. Eskuko telefonoetan ohikoenak diran sistema bietarako garatu dogu, bai Androiderako eta bai iOS-erako be. Software librean dago eta dobakoa da. Deskargetea eta erabiltzaile bihurtzea oso erraza da. Ganera, erabilteko atseginagoa izan daiten, jolasaren itxurea emon deutsagu, ingelesetik datorren gamifikazino kontzeptua geureganatuta. Holan, erabiltzailearentzat dibertigarria be bada.


7.- Halandabe, Mintzatu erabilten ikasteko ikastaroak iragarri dozuez.

Guri eskatu ezkero, Mintzatu zer dan eta zelan funtzionetan dauen azaltzera joaten gara. Eskari batzuk izan doguz dagoeneko. Batez be, herrietako mintzalagun taldeek konbidau gaitue gure egitasmoa azaltzera.


8.- Azkue Fundazinoaren ardatz nagusi biek bat egiten dabe Mintzatun: Euskereak eta teknologia barriek. Euskereak badauka presentzia nahikoa mundu birtual edo digitalean?

Datuek baietz dinoe. Euskerea, interneten, osasuntsu dagoala dinoe datuek. Euskereak erabiltzaile sutsu eta konprometiduak ditu interneten eta horrek asko laguntzen dau. Horretan aurrera egiten segidu behar dogu, ze internet komunikazino tresna bat da eta euskerea, hizkuntza bat dan heinean, komunikazinorako tresnea da be bai, eta interneten egon behar dau, etorkizunean bizi indarra izan daian. Hizkuntza txikien artean osasuntsu dago, beraz, ekin daiogun horri, gero eta osasuntsuago egon daiten.


9.- Interneteko osasun on hori bizitza errealera eroatea ez da erraza, ezta?

Garbi dago euskerearen erronkea erabileran dagoala gaur egun. Azken inkesta soziolinguistikoak adierazoten dau euskereak gora egin dauela azken 25 urteotan, baina erronkea da hobekuntza horri eustea eta erabileran sakontzea. Gatxa da hori, ziur, kultura aldaketa bat eskatzen dauelako. Kontuan hartu, lekurik euskaldunenak kenduta, euskaldun askoren bigarren hizkuntzea dala euskerea. Beraz, euskerearen erabilerea nagusi izateko, ohitura aldaketea beharrezkoa da. Horra bideratuta egiten dogun pauso bakotxa ona eta beharrezkoa izango da. Azkue Fundazinoak indarra jarriko dau eremu teknologikoan.

10.- Gaia aldatuko dogu. Izan be, Blogetan. Blog izarren bila lehiaketea antolatu dau Azkue Fundazinoak. Blog lehiaketa hori nori zuzenduta dago?

Edozein blogarik parte hartu leike. Esan dogunez, euskerea osasuntsu dago interneten eta horren arrazoietako bat da komunidade aktibo bat daukagula. Erabiltzaile askok blogak daukiez eta gai ugari lantzen ditue. Lehiaketa honegaz lan hori saritu nahi dogu. Norbanakoak zein taldeak izan, euskerazko bloga euki ezkero parte hartu leiteke. Sariketarako blogak aurkezteko, modu bi dagoz: Batetik, blogariek eurek aurkeztu leikee euren burua; bestetik, blogen jarraitzaile edo zaleei be dei egiten deutsegu, euren gustoko blogak proponidu daiezen.


11.- Argia aldizkariagaz batera antolatu dozue lehiaketea. Zer emoten deutso lehiaketeari Azkueren eta Argiaren arteko alkarlanak?

Argiak, euskal komunikabideen artean erreferentzia izateaz gan, blogen atal bat dauka eta blogariei tartea eskaintzen deutse. Horri balioa emoten deutsagu guk. Orain dala urte bi lehiaketearen asmoa sortu jakunean, berehala ikusi genduan bion arteko lankidetzarako aukerea. Lehenengo edizino harek arrakasta handia euki ebanez, epe laburrera beste edizino bat antolatzea erabagi genduan, oraingo hau.


12.- Baina ez da urteroko lehiaketa bat, ezta?

Bigarren edizinoa antolatzea egokia izango zala ikusi genduanean, bagenkian ezinezkoa izango zala urtero egitea. Blogek heldutasun puntu bat behar dabe eta oso gatx ikusten genduan urtero-urtero blog barriak sortzea edo blogari barriak plazara urtetea. Horregaitik pentsau genduan, urtero egin beharrean, urte birik behin egokiagoa zala, tarte aproposagoa dalakoan. Nik uste dot erabagi egokia izan dala, ze izena emoteko epea zabaldu eta berehala hasi gara proposamenak jasoten.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu