Jurgi Fuentes: 'Beti egon da alkarlana Mungiako bertsolarien eta musikarien artean'

Dabi Piedra 2017-01-16 08:40   Barriketan

Bertso guztien habia diskoaren bultzatzaileetako bat

Mungiako Taket bertso eskolearen ekimenez, Bertso guztien habia izeneko diskoa plazaratu dabe, alkarlanean, herriko hainbat sortzailek. Bertsolariak arduratu dira gaiak pentsau eta bertsoak idazteaz eta eskualdeko musikari ugari ibili dira horreei musikea ipinten. Emoitzea, bederatzi abestiko diskoa izan da. Taket bertso eskolearen lanaren erakusgarri da diskoa eta Mungian eta inguruko eskualdean dagozan bertsolarien eta musikarien arteko alkarlana estutzeko balio izan dau. Taket bertso eskolako kidea da Jurgi Fuentes eta bera izan da diskoaren koordinatzaileetako bat. Proiektuaren nondik norakoak azaldu deuskuz.

 

1.- Bertso guztien habia proiektuan Mungialdeko sortzaile ugarik parte hartu dozue, baina non dago idea honen jatorria?

Berez, idea hau aspalditik izan dogu buruan. Bertso eskolan sarri komentetan genduan, baina ez genduan momenturik topetan martxan ipinteko. Baina igaz, bertso eskolearen 20. urteurrena zala eta, honi bueltak emoten hasi ginan, zelan egin begituten. Egia esan, subertea izan dogu, ze Mungiako musikari asko gure ezagunak dira, edo lagunak, eta horrek asko erreztu dau. Alkarlanean hasi eta holan sortu da.


2.- Zergaitik bertsolariak eta musikariak batu disko baten?

Nahiko modu naturalean urten dau. Hartu-emona badago lehendik, bertso-eskolan dabizan batzuk musika-talderen baten be badagoz... egia esan, ez dago arrazoi jakin bat formatu hau aukeratzeko, berez urten deusku holan.


3.- Mungialdea eskualde bertsozalea eta musikazalea da?

Bertsolaritzea, nik esango neuke azkenengo urteotako indartsuen dagoala. Gaztetxuen artean jente barria erakarri dogu eta helduetan be bagabiz batzuk. Bat-bateko taldean lau edo bost dagoz aktibo baina saioak hilean behin antolatzen ahalegintzen gara, gitxi gorabehera.

Musikariei jagokenez, nik uste dot beti egon dirala talde ezagunak Mungia inguruetan eta orain be nahiko fuerte dagoala kontua. Rock alkarte bat dago eta talde asko dabiz joten.


4.- Diskoan parte hartu dabenen artean, badagoz oso ezagunak diranak (Rafa Rueda, Belako...), baina horren ezagunak ez diranak be bai. Danei egin deutsazue lekua.

Hasikeratik jakin genduan, izen handiko jentea inguruan eukita, diskoaren zabalpenean edo proiektuari zabalpena emoteko, asko lagunduko ebala. Baina besteak be kontuan euki gura izan doguz, herriko jentea dalako.


5.- Zein da proiektu honen helburua?

Bertso eskolearen egunerokotasunaren barruan, zeozer diferentea eukitea beti da polita. Gure egunerokotasuna izaten da bertso eskolara joatea, bertsotan egin, saioetara joan... honegaz, gauza diferenteak probau doguz, estudioan sartu, adibidez. Umeek be parte hartu dabe eta eurentzat oso esperientzia polita izan da. Aurrerantzean, aparteko asmorik ez dogu. Diskoa entzun eta disfrutau eta herrian zabalkundea emon.


6.- Pilo bat bertsolarik eta musikarik parte hartu dozue. Dana koordinetea nekeza izan da?

Gaiak ipinten hasi ginan. Ze gairen ganean kantauko genduan pentsau, geure artean banandu, eta idatzi. Sorta bakotxak neurri desbardin bat eukitea erabagi genduan, hori argi euki genduan hasikeratik. Gero, musikariei pasau geuntsan guk sortutakoa eta, kasu batzuetan, doinu bat baino gehiago euki zituen aukeran, aproposena zein zan eurek erabagiteko, edo moldaketaren bat egiteko. Estudiokoa bai izan da apur bat kaotikoa, hori guztia koordinetea ez da erraza izan, jente asko batu garelako. Pare bat hile, edo hiru, behar izan genduzan grabazinorako, maiatzaren eta bagilaren bueltan ibili ginan horretan. Agendea hartu eta bakotxaren egunak enkajetea izan da gatxena.


7.- Parte-hartzaileen arteko giroa zelakoa izan da?

Oso ona, ze badinotsut, gehienok alkarren lagunak gara, edo bestela oso hurrekoak. Orduan, erraza izan da. Ganera, estudioko teknikoa be ezaguna dogu, ingelesa da izatez, baina Mungian bizi da. Beragaz be oso ondo ibili gara, danerako erraztasunak emon deuskuz, aholkuak be bai... jente guztia oso prest agertu da.


8.- Disko guzti-guztia Made in Mungia dala dinozue.

Gaietatik hasi, parte-hartzaileakandik pasau eta estudioan amaitu, guztiok gara Mungiakoak. Azken ordura arte ez genduan jakin diseinua nork egingo euskun eta, azkenean, Igotzek, beste herritar batek egin deusku. Orduan, dana Mungia inguruan sortua da, hortik Made in Mungia esaldiarena.


9.- Abestietako gai gehienak bertsolaritzeagaz lotuta dagoz: Bertso-eskolakoen gorabeherak, bertsolarien egoera xelebreak, herriko bertsolariak... Zer transmitidu nahi izan dozue?

Gertutasuna batez be. Bertso eskolatik urtendako proiektu bat danez, oso geurea, hurreko gaiak lantzeari garrantzia handia emon deutsagu. Bertso eskolan egiten doguna jenteari erakusten be lagunduko dau. Ganera, umeek kantetan daben abestian, eguaztenero bertso eskolan zer egiten daben esaten da eta gonbidapena be bada, euren adinekoak bertso eskolara etorri daitezan. Baten bat engantxetan badogu, ba ederto.


10.- Diskoko azken piezea esker bertso bat da. Nori edo zeri emoten deutsazuez eskerrak?

Batez be, parte-hartzaileei. Borondatezko lana egin dabe, bakotxak bere aletxua ipini dau, diskoa aurrera atera ahal izateko. Ganera, alde ekonomikotik, Mungiako Udalak be lagundu deusku eta eurei be eskerrak emon gura deutsieguz.


11.- Diseinu berezia egin deutsazue diskoari: Frutak, artoa, lauburua... ikusten dira azalean, baina tresna modernoak be bai. Zer adierazten dau?

Jente askok esan deusku, lehenengo begiratuan, oso diseinu tradizionala emoten dauela, lauburua eta artaburuak ikusten diralako. Berez, bodegoi bat da eta elementu asko dagoz bertan. Musika-tresnak, jolasak, erremintak... apur bat danerik. Bertsoa sortzeko prozesua, azken finean hori dalako: Edozein gai, edo edozein elementu hartzen dogu eta bertsoa sortzen da. Bodegoia aprobetxau dogu musika-tresnak be sartzeko, azken baten, diskoaren osotasuna hor irudikatu gura izan dogulako.


12.- Orain, zuen lana herritarrakana heltzeko ordua da. Zelan banatuko dozue diskoa?

Salmenta puntu batzuk ipini doguz, Mungiako liburutegian, herriko tabernan, Bakioko Urzabal tabernan... ganera, bertso-eskolako guztiok ale batzuk izango doguz, beraz, gutako edonogaz kontaktua egin eta pasauko deutsagu ale bat interesa daukanari. Holan zabalduko dogu.


13.- Hartu-emon oparoa eragin dau diskoak, musikari eta bertsolarien artean. Aurrera begira alkarlanean segiduteko bidea zabaldu dau honek?

Nik uste dot, aurrera begira egin leitekela gehiago. Ganera, penaz gagoz, inguruko musika-talde guzti-guztiak ezin izan doguzalako proiektu honetan sartu. Hori bai, beste zeozer egiten hasi aurretik, tartetxu bat hartu beharko dogu, batez be koordinazino beharretan ibili garenok, trankilago hartu, ze nekagarria izan da. Baina, bai, badago aukerea zeozer gehiago egiteko. Dana dala, aurretik be, oraingoaren moduko proiektu sendo bat euki barik, alkarlana beti egon da bertsolarion eta musikarien artean. Bertso-eskolako batzuk musikari be badiralako, edo letrak eskatu deuskuezelako edo dana dalakoagaitik.


14.- Eta diskoko kantak zuzenean aurkezteko asmorik badozue, emonaldiren baten?

Ba, momentuz, nik uste dot diskoan geratu beharko dirala. Komentau izan dogu emonaldiaren aukerea sarritan, baina hainbeste musikari, hainbeste bertsolari garenez, ez dogu erraz ikusten. Horrenbeste jentegaz, ez dakit emonaldi bat ondo egiteko kapazak izango ete garen. Asmoa badogu, musikariei eskerrak emoteko, afari-meriendaren bat . Holan, danak konbidau eta proiektuaren ganekoak komentauko doguz. San Antontxu jaien ostean egingo dogu.


15.- Taket bertso-eskolaz egingo dogu berba amaitzeko. Gaur egun, zelakoa da?

Alde batetik, asterokotasuna dago, han batzen gara bertsotan egiteko. Gero eta garrantzi gehiago emoten deutsagu plazako jardunari eta hilean behin edo hile birik behin saioak eukiten doguz. Ez badeuskue deitzen, guk geuk antolatzen doguz, inguruko herrietako tabernetan edo afari formatuan. Aktibo gagoz alde horretatik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa