Autonomia eta erakundeen babesa eskatu ditu Nekane Balluerkak, EHUko errektore kargua hartzean

Bizkaie! 2017-01-12 08:59   Kulturea

Gasteizen egindako ekitaldian, EHUko errektore izentau dabe Nekane Balluerka. Iñigo Urkullu lehendakariak unibersidade publikoaren garrantzia azpimarratu dau.

Nekane Balluerka, Iñigo Urkullu, Cristina Uriarte eta Iñaki Goirizelaia, Ajuria Enean (argazkiak: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Kargurako aurkeztutako hautagai bakarra izan zan Balluerka eta Ajuria Enean egindako ekitaldian hartu dau kargua. Euskal Herriko Unibersidadea gidatuko dauen lehenengo emakumezkoa da. Kargua zin egiteko ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak parte hartu dabe. Iñaki Goirizelaia, orain arte EHUko errektore izan dana be ekitaldian egon da.

Nekane Balluerkak adierazo dau ilusino handiz hartu dauela unibersidade publikoa zuzentzeko ardurea. Erronka ugariri aurre egiteko prest dagoala dino. Autonomia eta erakundeen babesa eskatu ditu EHUrentzat, formakuntzearen eta ezagutzearen alorreko helburuak bete ahal izateko. Hiru ardatz izango ditu bere agintaldiak: Nazinoartekotzea, alkarlana enpresakaz eta ikerkuntzea.

Ikasleentzat, EHU balio handiko formakuntzea jasoteko lekua izatea nahi dau Balluerkak. Era horretara, ikasleei enplegua eskuratzeko gaitasuna eta konpetentzia teknikoak eskaintzea ezinbestekotzat jo dau. Oinarri humanistea eta konpromiso soziala ahaztu barik, errektore barriak nabarmendu dauenez.

Iñigo Urkullu lehendakariak, bestetik, adierazo dau autogobernuaren funtsezko tresnetako bat dala EHU. Unibersidade-sisteman bikaintasuna lortzeko bidean sakontzea espero dau Urkulluk, Balluerkagaz alkarlanean. Gero eta lehiakorragoa eta edegiagoa dan mundu baten, EHUk dauen egokitzeko gaitasuna nabarmendu dau lehendakariak.

Karguaren zina egiteko unea

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu