Nekane Balluerka aukeratu dabe UPV/EHUko errektore

Bizkaie! 2016-11-25 08:54   Kulturea

Hautagai bakarrak botoen % 66,31 lortu dau.

Nekane Balluerka katedraduna hautatu dabe bart, UPV/EHUn egindako errektorea aukeratzeko hauteskundeetan. Balluerkak lortu dau emondako botoen % 66,31. Unibersidadteko kideek hautatzen dabe errektorea, sufragio orokor haztatuaren bidez. Hautagai bakarra egon danez, hautatua izateko, emondako botoen herena lortu behar eban egin beharreko haztapenak eginda.

Sektoreka emoitzak ondokoak izan dira:

- Lotura iraunkorra daben 2.198 irakasle eta ikertzaile doktoreetatik 1.643k bozkatu dabe (1.150 aldeko boto, 471 zuri).
- Lotura iraunkorra daben 311 irakasle eta ikertzaile ez-doktoreetatik 205k bozkatu dabe (138 aldeko boto, 67 zuri).
- Ganerako 2.965 irakasle eta ikertzaileetatik 852 bozkatu dabe (602 aldeko boto, 230 zuri).
- 40.352 ikasleetatik 2.032k emon dabe botoa (1.074 aldeko boto, 873 zuri).
- Administrazino eta Zerbitzuetako Personaleko 1.879 kideetatik, 1.134k emon dabe botoa (714 aldeko boto, 411 zuri).

Botoa honela haztatzen da: irakasle doktore iraunkorrei % 56,25 jagoke; irakasle iraunkor ez-doktoreei, % 7,50; ganerako irakasle eta ikertzaileei, % 2,09; ikasleei % 22,08; eta, azkenik, administrazio eta zerbitzuetako langileei, % 12,08.
Beraz, botoak haztatu ondoren, ondokoak dira emoitzak:

II doktore iraunkorrak: % 39,91 aldeko boto eta %16,34 zuri.
II ez doktore iraunkorrak: %5,05 aldeko boto eta% 2,45 zuri.
Ganerako II: %1,51 aldeko boto eta % 0,58 zuri.
Ikasleak: %12,18 aldeko boto eta %9,90 zuri.
AZP: %7,67 aldeko boto eta % 4,41 zuri.

Emoitzen behin betiko aldarrikapena abenduaren 1ean egingo da, inpugnazinoak aurkezteko epea igaro ondoren.


Nekane Balluerka doktorea (Ordizia, Gipuzkoa, 1966)

Portaera Zientzien Metodologia jakintza arloko katedraduna da, eta Psikologia Fakultadeko irakaslea. Gaur egun Graduondoko Ikasketen eta Nazinoarteko Harremanen arloko errektoreordea da, eta aurretik UPV/EHUko kudeaketan hainbat ardura izan dau. Kargu barriaz jaubetuko da urtarrilaren erdialdean, eta bera izango da UPV/EHUko errektore ardurea hartuko dauen lehen emakumea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu