Zortzi finalistak prest Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalerako

Dabi Piedra 2016-12-13 12:32   Bertsolaritzea

Abenduaren 17an, zapatua, jokatuko da finala, Bilboko Miribillako kiroldegian. Onena emoteko gogoz eta entzuleei saio ederra eskaini nahian dagoz zortzi protagonistak.

Enbeita, Galletebeitia, Ugartetxea, Ajuriagojeaskoa, Ibarzabal, Lekue, Uria eta Amuriza | Ikusi handiago | Argazki originala

Lau emakume eta lau gizon egongo dira Miribillako oholtzan zapatuan. Batek izan ezik, beste guztiek badakie zer dan Bizkaiko finala jokatzea, baina batek be ez dau sekula txapela jantzi. Etxahun Lekue, Onintza Enbeita, Jone Uria, Ibon Ajuriagojeaskoa, Beñat Ugartetxea, Miren Amuriza, Xabat Galletebeitia eta Nerea Ibarzabal finalistek agerraldia egin dabe Bilbon, zapatuko hitzorduari begira daukiezan sensazinoak azaltzeko.

Gauza baten bat etorri dira zortzi finalistak: Entzuleei gozatu arazoteko saioa egin nahi dabe eta horretarako zortziren ahalegin kolektiboa beharrezkoa izango da. Final on bat eskaintzeko erantzunkizun kolektiboa dogu, azaldu dau Galletebeitiak.

Xabier Amurizak be bide beretik jo dau: Irabazten dauenak irabazten dauela, final ederra izan daitela. Hain zuzen be, Amurizak jantziko deutso txapela aurtengo irabazleari. Berak be finaletan kantetearen trantzea behin baino gehiagotan pasau dauenez, aholkua emon deutse zapatuko finalistei: Lasai ez da egon behar, tensinoa behar da, baina ganerakoan, egun ederra izango da, seguru.

Bizkaiko Bertsozale Alkarteko Asier Ibaibarriagak adierazo dauenez, Xabier Amurizak urteotan egindako lan isila saritu nahi dabe, irabazleari txapela janzteko ardurea berari emonaz. Erreferentea da, oholtzan bertsotan ibili danean zein isileko beharrean, adierazo dau Ibaibarriagak, bertsolaritza modernoaren ikur nabarmenenetako bat da. Plazetatik erretiroa aurten hartu dau Amurizak eta une aproposa izan da omenaldi honetarako. Erretiro urtearen erremate ezin egokiago eta ezin biribilagoa izango da, esan dau Amurizak berak, txapela norberak janztea polita da, baina inori janztea be bai.

Finalean kantauko dauen zortzikotean gazteak eta beteranoak dagoz. Alde horretatik, orekatua izango da. Etxahun Lekuek 2002an kantau eban lehenengoz Bizkaiko finalean eta aurten be ez dau hutsik egin. Gustura ibili naz finalaurrekoan, finalean be sensazino horregaz amaitu gura dot, adierazo dau larrabetzuarrak. Berarentzat txapelketa express izan da hau, orain dala aste biko finalaurrekoa izan zalako bere lehenengo saioa eta dagoeneko finalean da.

Onintza Enbeitak be, finalaurrekoetatik finalerako saltoa baino ez dau egin aurten. 2006tik, finaletako ohiko arpegia da muxikarrarena baina aurten desbardin biziko dau. Madrileko zereginak albo batera itxita, txapelketea hobeto segidu ahal izan dauela dino, sartuago egon dala. Kontzienteago izan naz nire akatsez, besteen kantaeraz... Finaleko ezaugarri askok ilusinoa biztu deutsie Enbeitari, esaterako, Miribilla beteta ikusteak edo final parekidea izateak, lau neska eta lau mutilegaz.

Ibon Ajuriagojeaskoa be beteranoa da, 2006an heldu zan finalera, baina aurreko edizinoetan huts egin dauenez, nobedadeetako bat be bada neurri baten. Urte batzuk egin dodaz finaletik kanpo eta aurten beste mentalidade bategaz etortea erabagi dot, lasaiago, aitatu dau. Ahal danik eta goren amaitzea eta publikoak arratsalde ona pasau daiala, horreexek Ajuriagojeaskoaren helburuak.

Beñat Ugartetxea da beste beteranoetako bat, aurreko finalean huts egin eban arren. Aurten, txapelketea lasai baina saioak nerbioso pasau dituala dino. Final laurenetan hasi eban ibilbidea eta bere burua ondo ikusi eban. Pozik nago finalean egoteagaitik, azpimarratu dau mallabiarrak.

Jone Uria gaztea da oraindino, baina eskarmentua badauka, laugarren finala izango dau zapatukoa. Gustura egon naz finalaurrekoan, ia finalean be holan nagoan, edo ahal bada, hobeto. Uriak dino pribilejioa dala finalean egotea.

Miren Amurizarentzat bigarren finala izango da hau eta Miribillako bidea luzea egin jakola autortu dau. Aurreko txapelketan ez nintzan finalera heldu eta esan leiteke orain dala urte bi hasi nintzala hau preparetan. Orain arteko kanporaketetan gustura ibili dala dino berriztarrak eta finalean ahalik eta saio onena egitea dala bere helburua. Bizkaian belaunaldi aldaketea egon da eta finalean inoz baino nabariagoa izango da hori, adierazo dau.

Bestetik, txapelketa arraroa izan da hau Xabat Galletebeitiarentzat, kanporaketa asko jokatzera ohituta dagoalako. Aurreko edizinoan finalista izan zanez, baina, aurten finalaurrekoetan hasi da lekeitiarra. Ilusinoz doala dino Galletebeitiak, finalaurrekoan erakutsitako bertsokerea erakutsi nahi dot finalean, nire onena emon.

Amaitzeko, Nerea Ibarzabalek lehenengoz jokatuko dau Bizkaiko txapelketako finala. Udabarriko kanporaketetan ekin eutsan eta, bere esanetan, pausoz pauso joatea izan da bere estrategia, finala urrun ikusten ebalako. Hasi nintzanean, apirilean, finalean pentsau be ez neban egiten, dino Ibarzabalek. Gazteena eta barriena naz, ahalegina egingo dot finalean hori ez daiten gehiegi igarri.

Zapatuan, arratsaldeko 17:00etan hasiko da finala (atea 15:30ean zabalduko da) eta antolatzaileek garraio publikoa erabilteko deia egin dabe. Sarrerak salgai dagoz Bertso Sarrerak atarian, barikura arte. Zapatuan txarteldegia zabalduko da. Gai-jartzaileak Amaia Ugalde eta Maite Berriozabal izango dira eta epaileak, honeek: Ander Txakartegi, Joseba Santxo, Jurgi Fuentes, Leire Etxebarria, Mirari Azula eta Miriam Juaristi.

Ehun boluntario baino gehiago arduratuko dira finaleko beharrizan guztiak beteteaz. Asier Ibaibarriagak eskerrak emon deutsiez laguntzaile horreei eta baita txapelketan parte hartu daben ganerakoei be, bertsolarietatik hasi eta zaleakanaino.

 

Zortzi finalistak eta, erdian, Xabier Amuriza eta Asier Ibaibarriaga (argazkia: Bizkaiko Bertsozale Alkartea)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu