Zuriñe Hidalgo: 'Kontzertuak emotea terapia baten modukoa da'

Dabi Piedra 2016-12-12 08:35   Barriketan

Hesian taldeko kidea

Hamar urte bete ditu Hesian musika-taldeak. Hori ospatzeko, kontzertu berezia emon eban Durangon, abenduaren 4an, hainbat musikari ezagun oholtzan zirala: Sorkun, Xabi Solano, Aitor Gorosabel, Petti, Alex Sardui, Ines Osinaga... Ganera, Hesian izeneko diskoa kalean da, taldearen ibilbideko zazpigarrena. Ohi baino pop doinu nabarmenagoak dakarz lan barriak, baina, funtsean, Hesian-en estiloari eusten deutso. Hamar urtean Euskal Herri guztiko jarraitzaile ugari erakarri dituan estiloari hain zuzen. Hesian-eko ahotsetako bat da Zuriñe Hidalgo eta taldea momentu gozoan dagoala azaldu dau.

 

1.- Hesian taldearen hamargarren urteurrena ospatzeko kontzertu berezia emon zenduen abenduaren 4an Durangon. Zer moduz joan zan?

Kontzertua primeran joan zan. Egia da egun estresantea izan zala, persona asko batu ginalako eta tensinozko une batzuk izan genduzan. Baina behin kontzertua hasi zanean, dana primeran joan zan, asko disfrutau genduan eta uste dot publikoak be disfrutau ebala. Alde horretatik, helburua beteta, chapeau.


2.- Zuokaz batera, gonbidatu asko egon ziran oholtzan, musikari ezagunak gehienak. Halako jentea zuen alboan egotea ez da makala.

Guretzat oso pozgarria izan da. Banan-bana joan ginan horreei deika eta danek poz handiz emon euskuen baiezkoa. Ni bete nauena zera da, kontzertuaren ostean gonbidatu guztiak etorri jatazala eskerrak emotera, oso gustura egon ziralako eta gure familiaren parte izaten itxi geuntselako. Hori guretzat ezin hobea da. Gu bai gagozala eurakaz eskertuta, eta talde legez oso harro.


3.- Hamar urte indartsu bete ditu Hesian-ek, kontzertu horren arrakatea lekuko. Zein da zuen sekretua hamar urtez goian iraun ahal izateko?

Nik uste dot sekretu asko dagozala, baina garrantzitsuena lan egitea da. Lan barik ez dago emoitza onik. Guk hasikeratik garbi izan dogu hau aurrera eroateko lan piloa egin behar dala eta konpromisoa hartu. Gero, egongo dira beste talde asko lan piloa egiten dabenak baina ez dabenak horrenbeste frutu lortzen. Guk, beharbada, suberte hori izan dogu, publikoagana heltzen gara eta lanak frutuak emotea da egon daitekeen gauzarik politena. Momentuz disko barriak harrera oso ona izan dau, orain toketan da jenteak entzutea eta ia oraingoan be emoitzea ona dan eta jenteak gustuko dauen.


4.- Euskal musikearen panoraman talde asko dagoz. Zuek zer barritasun edo aportazino eskaintzen dozue uniberso zabal horretan?

Batetik, emakume eta gizon ahotsen konbinazinoa daukagu, euskal panoraman ez da ohikoa gaur egun. Bestetik, gure taldeko haize-instrumentuek daukien lekua be ez da asko ikusten inguruko taldeetan. Normalean, haizeak ska edo reggae estiloakaz lotzen dira eta guk ez doguz horreek estiloak lantzen, rocka baino, eta haize sekzinoak emoten dauena beste ikutu bat da.


5.- Zu ez zara Hesian-en hasikeratik egon, urte asko daroazuzan arren. Zelan sartu zinan taldean?

Ni taldean 19-20 urtegaz sartu nintzan, 2010ean. Nik taldea ezagutzen neban baina, egia esan, ez nintzan jarraitzailea. Kantu batzuk ezagutzen nebazan baina ez nintzan zale handia. Probea egin neban, sartzeko, eta niretzat garrantzitsuena, hasiera haretan, izan zan ia taldean sartzean ze giro topauko neban, ia persona jatorrak ziran eta nire lekua topauko ete neban han. Talde barruan ez badago giro on hori, akabo, niretzat ezinbestekoa da. Eta lehenengo momentutik ikusi neban oso giro ona egoala, barre batzuk bota nebazan, jatorrak ziran eta aurrera egitea erabagi neban. Eta gaur arte.


6.- Musikea eta kantetako berbak sortzen dozuzanean, edo eszenatokian zagozanean, musikeak zer emoten deutsu?

Niri kontzertu batek dana emoten deust. Egun txarra zein ona izan, kontzertuak bete egiten nau. Askotan esaten dodanez, kontzertuak emotea terapia baten modukoa da niretzat, eszenatokira igon eta askatu egiten dot neure burua, dana emoten dot. Batez be, publikoa hor dagoala eta gure kantak abesten dituala ikustea, horrek beteten nau. Egundokoa da hori, gatxa da deskribatzea, bizi egin behar dozu sensazino hori. Plazea beteta egon zein ez, nik gustuko dodana entzuleak kantetan ikustea da, jantzan ikustea baino gehiago. Zure kantak abesten baditue, persona horreekana heldu zara, niretzat hori da egon daitekeen handiena.


7.- Kantak sortzean, zein izaten da zure inspirazinoa?

Beti idazten dot behar batek bultzatuta, sentimendu batek. Ezin dot egun baten jesarri eta kanta bat idazten hasi, beste barik. Denporalditxu batez egon naz ezer idatzi barik, ez jatalako ezer etorri eta ez dot neure burua behartu. Gero, beste sasoi batzuetan asko idazten dot. Zeozerk bultzatu behar nau: Sentimendu batek, nahi batek, dana dalakoak. Normalean, behin hasita, egun gitxitan amaitzen dot abestia, batzuetan egunean bertan.


8.- Diskoa atera barri dozue eta, aurkezpenaren egunean esan zenduen, beharbada hau dala zuen ibilbideko diskorik sentikorrena. Zergaitik?

Guk beti bihotzetik idazten doguz kantak, oso personalak izaten dira. Nireak edo Fran taldekidearenak izaten dira berbak, ez deutsagu inori eskatzen gure partez idazteko. Baina oraingo honetan, % 100ean biluztu gara, dana emon dogu diskoa sortzen eta uste dot nabaritzen dala, kanta guztiak dira oso-oso personalak, oso sentikorrak. Barru-barrutik urtendakoa da.


9.- Zuk hiru kanta sortu dozuz disko honetarako eta Franek beste hiru. Badirudi Franek ohi baino abesti leunagoak sortu dituala eta zuk, ostera, gogorragoak.

Letrak mundu bat dira, baina musika aldetik bai, holan da. Ni ahalegintzen naz neure ikutua emoten. Rock metala asko gustetan jat eta Hesian-en ez dogu halako estilorik lantzen, baina ahalegintzen naz nire gustukoa dana apurka-apurka sartzen. Nahi barik urten jataz kantuak ohi baino tanta bat gogorragoak, kañeroagoak. Diskoa bera be gorabeheratsua da, kanta leun eta gogorrakaz, baina hori ona edo txarra izan leiteke eta kasu honetan nik uste ona dala, disko anitza da.


10.- Diskoko musikea, dana dala, pop estilotik hur dago. Beharbada jasoko dozuezan eretxi batzuk dirala eta (komertzialegia dala edo musika errazegia), kritikak hartzeko prest zagozela dinozue, ez daukazuela ikarararik.

Kritikena mundu bat da. Ni kritika konstruktiboak jasoteko prest nago beti, destruktiboei ez deutset kasurik egiten. Batez be, nondik datozan kritika horreek, mundu guztiak dauka bere eretxia emoteko askatasuna. Orain dala urte batzuk bai kezkatzen nintzan gehiago kritikakaitik, baina momentu bat heltzen da eta hasten zara hartzen hartu beharreko kritikak, garrantzitsuak diranak, baina destruktiboak diranak ez.

Bestetik, batzuetan emoten dau pop berbeak hartu dauela holako ikutu txar bat. Niretzat ez da zuzena hori, beste estilo bat gehiago da. Beti lotzen da popa komertziala izateagaz eta ez, beste estilo bat baino ez da. Hesian-ek beti euki dau pop ikutu bat, melodietan batez be, eta ni ez naz lotsatzen hori esateaz. Halandabe, niri ez jat gustetan musikeari etiketak ipintea. Ze estilo dan gurea? Ba, Hesian da gure estiloa. Edo hartu gure kantak eta bakotxak esan daiala.  


11.- Bederatzi kanta dakarz diskoak, baina bi ez dira barriak, Hesianen aurreko diskoetatik hartutako kanta biren bersinoak baino. Zergaitik aukeratu dozuez horreek?

Taldearen ibilbidean arrakasta izan daben kantu bi hartu nahi izan doguz. Alde batetik, Behar zaitut dago, hori beti izan da ezaguna, kontzertuetan nabaritu egiten da. Bestetik, Ezin ahaztu. Hori atera genduan ni taldera sartu eta berehala. Horrek be arrakastea euki eban. Kanta kuttun bi dira eta pentsau dogu horreei buelta bat emon eta diskoan sartzea.


12.- Hesian-ek baxujole barria izango dau aurrerantzean, Ane Bastida. Zelakoa da bera?

Guk lehendik ezagutzen genduan Ane eta egun baten deitu neutsan ia gure taldekide izan nahi eban. Berak baiezkoa emon eustan, poz handiz. Garbi ikusi genduan lehenengo momentutik, ondo etorria mundiala izan da. Momentuz kontzertu bakarra emon dogu alkarregaz baina oso ondo joan da. Argi daukat ibilbide barri baten hasiekerea izango dala, oso polita ganera, eta disfrutatzeko gogoz nago.


13.- Aldaketak egin aurrera jarraitzeko, disko barria atera, kontzertuak... badirudi Hesian-ek luzerako indarra daukala.

Inoz ez dakizu, ni ahalegintzen naz momentua bizitzen. Ez dakit hamar urte barru non egongo garen, baina orain, disko barria kalean dala, birea hasteko gogo itzela dogu, disfrutau egin nahi dogu. Betiko legez, jo eta su ibiliko gara, lan piloa eginaz eta aurrera, batek daki noiz arte. Guk nahi dogun arte, edo publikoak nahi dauen arte.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu