Etxahun Arregi: 'Aldarrikatu egiten dogu pop taldea garela'

Dabi Piedra 2016-12-05 09:16   Barriketan

Zazkel taldeko kidea

Azkue Fundazinoak antolatutako Banden Lehia sariketea irabazi dau Zazkel talde bizkaitarrak. Musika-talde gazteei bultzadea emoteko lehiaketea da hori. Bilborock aretoan jokatutako finalean, Sutan, Hi Exekutibo eta Izeberg izan zituen aurkari, baina epaileen eta publikoaren botoei esker, Zazkelek irabazi eban. Horri esker, disko bat modu profesionalean produziduteko aukerea emongo deutsie antolatzaileek. Ganera, Bilbao BBK Live eta EH Sona jaialdietan joko dabe. Etxahun Arregi Zazkeleko sortzaileetako bat da eta Banden Lehiako esperientziaren ganean berba egin deusku.

1.- Zorionak Banden Lehia irabazteagaitik. Zelan hartu dozue?

Eskerrik asko. oso pozik gagoz, ia-ia ezusteko kontua izan zala esan geinke, ze ez genduan garbi ikusten irabaziko genduala. Honek erantzunkizun handia be badakar, Baga-Bigagaz diskoa atera behar dogu eta pilak jarri behar doguz, serio hasi kanta barrien konposizinoan.


2.- Zergaitik erabagi zenduen Banden Lehian izena emotea?

Orain dala bi edo hiru urte be apuntau ginan, ez genduan irabazi. Finalera be ez ginan pasau. Aurten, behin diskoa plazaratuta eta taldeak formea hartu dauenez, erabagi dogu barriro izena emotea. Irabazteko aukeraren bat bagendula begitantzen jakun eta pausua egin genduan.


3.- Zelako esperientzia izan da Banden Lehiako kanporaketetan eta finalean jotea?

Ona, baina intensoa izan da. Lehiaketeak beti dauka misterio hori, ez dakizu aurrera egingo dozun ala ez. Finalaren lehenengo partean publikoaren botoak kontau ziran, sare sozialen bidez emondakoak. Ezustean, geuk lortu genduzan boto gehien eta Oihan Vega aurkezleak epaimahaiaren erabagia esan ebanean, polita izan zan. Uste dot epaimahaiak aho batez erabagi ebala saria guri emotea.


4.- Bultzadea izango da hau zuentzat, ezta?

Bai, hori be bazan gehigarri bat, izena emotera animau gintuan horrek. Irabazi ez arren, finalera pasetea be, berez bada promozino on bat. Finala irabazita, zer esanik ez.


5.- 2012an sortu zan Zazkel, nortzuk zarie taldekideak, eta nondik dator izen hori?

Sei kide gara, baina hasikerako idea Asier baxu-jolearena eta nirea izan zan. Zeozer desbardina egin nahi genduala pentsetan hasi ginan eta beranduago sartu ziran nire arreba Irati, Oskar tekladuetan, Jon Tolosa 'Tolo' gitarran eta koroetan eta Asier baterian. Zazkel izena aukeratu genduan, ze taldekideen esanetan ni apur bat saskela naz, zikina edo lizuna esan nahi dau eta terminoa gustau jatan. Erabagi genduan zetaz idaztea, Zazkel.


6.- Bilboko taldea da Zazkel?

Bai, Bilbokoa. Taldekide guztiok Bilbo ingurukoak gara, baina orain sakabanatuta gagoz, bata Zumaian bizi da, beste bat Zeberion, badago Sopelan bizi dan beste bat be bai... Entseguak Zeberion egiten doguz, lokal bat daukagu herriko eskola zaharretan.  


7.- Ze estilotako musikea egiten dozue?

Askotan taldeei ez jake gustetan estilo baten etiketan sartzea, baina guk lotsa barik esaten dogu pop-a egiten dogula, pop erradikala. Euskal Herrian rock musikea oso zabaldua dago eta pop musikea be entzuten da rock taldeen doinu batzuetan, baina pop-rock dala dinoe, beharbada ez onartzeko pop musikea dala edo Euskal Herrian pop musikea egiten dala. Guk bai, aldarrikatu egiten dogu pop taldea garela.


8.- Zeintzuk dira zuen eraginak?

Niretzat edozein musika izan daiteke, baita heavy-metala be. Hortik idea txiki bat hartu baneike, aurrera. Batez be, 1980ko euskal musikea da gure eragina, adibidez Itoiz edo Hertzainak-en soinu klase hori. Estadu Batuetako disko musikea be bai, 1970 eta 1980ko hamarkadan baltzek egiten ebena.


9.- Berbak idazteko orduan, ze gai lantzen dozuez?

Berbak abstraktu samarrak izaten dira, baina abstraktutasun horren barruan gure aldarrikapenak sartzen doguz. Adibidez, Bilbo plastifikauta dagoala salatzen dogu kanta batzuetan, lehen nortasun bat eukan eta orain dana da modernoagoa baina hotzagoa, nortasun bakoa. Laktosa bako esnearen kontra be kantetan dogu, esaterako, nortasuna zelan galtzen dogun salatzeko. Horrezaz ganera, jantzan egiteko eta gerria mobiduteko aldarrikapena egiten dogu.


10.- Ze disko kaleratu dozuez orain arte?

Bi daukaguz, maketa bat eta disko luze bat. Maketan bost abesti dagoz eta diskoan, ostera, horreek bost abestiak eta beste bost. Maketea oso apala da baina diskoa baliabide profesionalagoakaz grabau genduan. Kakirenera [Kaki Arkarazo] joan ginan, Garate estudioetara, eta modu profesionalean grabau genduan. Diseinu aldetik be konplexuagoa da maketea baino, sofistikatuagoa.


11.- Zuen zuzeneko kontzertuak zelakoak dira?

Jantzan egiteko eta abestu ahal izateko kontzertuak izaten dira gureak. Gure helburua hori da, publikoa jantzan egitera eta abestera bultzatuko dauen musikea jotea.


12.- Gazteak zarie zuek. Musikearen munduan gauzak asko aldatu dirala esaten da, gaur egun gatxagoa dala proiektuak aurrera ateratzea eta, zer esanik ez, musikatik bizi izatea. Zuek nabaritzen dozue gatxa dala musikearen munduan lekua egitea?

Hertzainak-ek esaten eban Euskadin rock&rollak ez du inoiz dirurik emanen, ez dakit. Guk uste dogu beste bide bat hartu leitekeela, beste estilo bat. Orain arte egin dana egiten badozu gatxa da lekua egitea. Horregaitik erabagi dogu zeozer desbardina edo anitzagoa eskaintzea, alternatiba bat. Nik esango neuke oraingoz asmatzen gabilzala, baina gagozan lekutik arrakasta handia eukitzera edo ezagunak izatera bide luzea dago oraindino.


13.- Zuen musikearen bidez alternatiba bat emon nahi deutsazue publikoari. Musikeak zer emoten deutsie zuei?

Ni, behinik behin, errealizauta sentiduten naz, faltau jatan piezea da niretzat musikea sortzea eta zuzenekoetan jotea. Asetuta ixten nau.


14.- Zazkel taldeagaz gan, musikeagaz badaukazu beste loturarik?

Orkresta taldean hasi nintzan, bonboa joten ibili nintzan urte dezente. Gero erabagi neban proiektu personalago bati ekitea. Eszenatokian eta kalean besteen abestiak joten ia 15 urte neukazanetik ibili nintzan, baina uste neban bazala ordua neurea zan zeozer egiteko. Hortik dator Zazkel eta hori da, gaur egun, nire musika proiektu nagusia. Hori bai, Musika ikasketak egiten nabil, jakintza formalago bat izateko, baina Zazkel da nire egitasmo nagusia orain.


15.- Banden Lehia irabazita, diskoa argitaratuko dozue datorren urtean. Horrezaz gan, zelan ikusten dozu Zazkelen etorkizuna?

Kontzertuak emotea, hori da gure helburua. Eta aretoak betetzea. Jente asko ez dogu behar ondo pasetako, baina aretoa betetzen bada, hobeto. Gero, sos batzuk ateratzen badoguz kontzertuakaitik, bikain. Baina, funtsean, behar doguna kontzertuak emotea da, eta jentea etorri daitela.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu