Jon Intxaurraga: 'Euskeraz bizi nahi daben guztiek lekua daukie Berbaizun'

Dabi Piedra 2016-10-17 09:30   Barriketan

Berbaizu euskera alkarteko kidea

Deustualdeko Berbaizu euskera alkarteak 25 urte bete ditu. Bilboko 1. barrutian euskerea bultzatzeko jaio zan orain dala mende lauren eta indartsu segiduten dau zeregin horretan. Orain, ganera, Mullerrenea gunearen ardurea dauka Berbaizuk eta, horri esker, hainbat jarduera antolatzeko leku egokia dauka Deustuko bihotzean. Horrezaz gan, auzoko eragileakaz, eskolakaz eta abar lanean ibilten dira berbaizukideak, Berbalagun proiektua ahaztu barik. Deustuko erdigunetik barrutiko ganerako auzoetara gehiago zabaltzea da alkartearen erronka nagusietako bat, Jon Intxaurraga kideak azaldu deuskunez.

 

1.- Zelan ospatuko dozue mende laureneko ibilbidea?

Urteurrena ospatzen hasita gagoz, lehengoan Harkaitz Cano etorri zan Irakurleen Txokora. Bere azken liburuaren ganean egin genduan berba, Beti oporretan da izenburua. Udabarrira bitartean egingo doguz ospakizunak. Adibidez, zemendian, Ipar Euskal Herriaren inguruko zikloa antolatuko dogu, orain preparetan gabilz. Lehen Mundu Gerrearen inguruko saioagaz hasiko dogu zikloa eta, ondoren, Iparraldean agertu diran hainbat dinamika ezagutzera emon nahi doguz, hemen Hegoaldean ezagunak ez diranak. Amaitzeko, kontzertua egingo dogu. Apirilaren 1ean, Berbaizukide Eguna egingo dogu. Asmoa da belaunaldi guztietako berbaizukideak batzea. Deustuko jaietan euskerearen erabilerearen inguruko zeozer egin nahi dogu eta beste gauza asko be bai. Egitarau betea izango da eta, ganera, bazkideak lortzeko kanpainea egingo dogu.


2.- Orain dala 25 urte, zelan sortu zan Berbaizu?

Lehenik eta behin gauza bat argitu behar da: Orain dala 25 urte Deusturi Euskara Dariola izeneko alkartea sortu zan. Berbaizu horren segida bat da, 2000n sortua, baina guk hasikerako proiektu haren urteurrena ospatzen dogu. Azken finean, alkarte bi izan arren, alkarren segidakoak dira.


3.- Zelan azalduko zeunke Berbaizuk egiten dauen lana?

Gu, funtsean, euskera alkarte bat gara, euskerea bultzatu nahi dogu, ez dogu euskera klaserik emoten. Ze jentea beti etorten jaku galdezka ia klaserik emoten dogun. Jarduera ugari antolatzen doguz: Berbaldiak, kontzertuak, ... Txoko ugari be badoguz alkartearen barruan: irakurleena, kantugintzakoa eta abar. Txantxiku izeneko astialdi talde bat be badogu, hori umeentzat da eta ohiko programazinoa be badogu, tartean Berbalagun proiektuko taldeak. Urtean behin, euskerearen ganeko ziklo berezi bat antolatzen ahalegintzen gara. Igaz, adibidez, sorkuntzea, euskerea eta Bilbo ardatz zituana egin genduan. Horrezaz gan, Deustuko Jai Batzordean gagoz eta jaietan txosnea ipinten dogu.

Azken finean, danetarik egiten dogu, baina dana euskeraz, hori da gure ezaugarria. Edonork antolatu leike edozer gugaz, euskeraz baldin bada. Bide horretan, Deustualdeko ikastetxe ia guztiakaz hitzarmen moduko bat dogu, Deustualdeko Euskerearen Unibersoa izeneko ekimena martxan ipinteko. Urtean zehar, jarduera ugari egiten doguz alkarregaz.


4.- Zenbat lagun zabilze gaur egun Berbaizun?

Soldatapeko behargin bakarra dabil Berbaizun lanean, baina jente asko gabilz proiektuan laguntzen. Boluntarioen lana garrantzitsua da. Guk lantalde asko daukaguz, bakotxa gai batez arduratzen da, eta hor parte hartzen dauen jentea dago, talde batzuetan hamar lagun dagoz. Ganera, Txantxiku astialdi taldean 16 begirale daukaguz.


5.- Bilbo barruan, Deustualdean egiten dozue lan. Zein da eremu hori?

Deustua, Ibarrekolanda, Arangoiti, Erribera eta San Inazio auzoak hartzen doguz, horri esaten deutsagu Deustualdea. Deustua auzoan bertan bagara ezagunak, baina beharbada beste auzoetan, Erriberan edo San Inazion adibidez, ez horrenbeste, baina gero eta jente gehiagok ezagutzen gaitu. Horretan be bagabilz eta, esaterako, aurtengo San Inazio auzoko jaietan, iragarki bat ipini dogu, gehiago inplikau gara. Gure bazkide oso aktibo bat be han bizi da eta gure lanaren barri emoten dau San Inazion. Orokorrean, uste dot badaukagua oihartzuna. Gaur egun, Berbaizuk 300 bazkide inguru ditu.


6.- Euskera hutsezko Prest! aldizkaria argitaratzen da hilero Deustualdean. Berbaizugaz ze lotura dauka?

Nik ez neuke Prest! Berbaizuren barruan sartuko, baina egia da hartu-emon estua daukagula. Gugaz lanean kazetari bat dago, Lur, eta bera da aldizkariko zuzendaria. Ale bakotxeko edukinak eta proponidutako gaiak batzen ditu eta hilean behin guri erakusten deuskuz, gure ekarpenak egin daiguzan. Batzuetan geure kontuez idazten dogu aldizkarian. Ni neu be Prest!-en batzarretara joaten naz. Deustualdeko Prest! eta Santutxu aldeko Berton, BLB erakundeak argitaratzen ditu eta Berbaizu da BLB-ko kideetako bat, baina ez bakarra. Beraz, bultzatzaileetako bat da.


7.- Berbaizuren egoitzearen alboan, Mullerrenea izeneko gunea dago, jarduera asko egiteko aprobetxetan dozuen lokala. Zein da Mullerrenearen jatorria?

Orain dala bost edo sei urte hartu genduan ardurea eta atondu egin genduan. Euskerazko gauzak egiteko gune bat da, baten batek euskerazko zeozer antolatu gura badau, lekua izan daiala. Tailerrak, kontzertuak eta abar egoten dira eta talde batzuk hemen batzen dira. Azken finean, gure asmoa da, Deustuan leku bat egotea, euskerazko gauzak antolatzen dirana, hori da Mullerrenearen zeregina.


8.- Deustualdean, euskerearen aldeko lanari jagokonez, ze hutsune beteten dau Berbaizuk?

Hasteko eta behin, erreferentzia bat gara auzoan, euskereari lotutako gaiei jagokenez. Tontokeria bat emoten dau, baina jente asko etorten jaku galdezka, ia euskera klaserik emoten dogun eta hor ikusten da erreferente bat garela. Guk, ganera, bermatzen dogu edozein jarduera euskeraz egingo dogula. Beste alkarte batzuek be jarduera ugari antolatzen ditue, baina kasu batzuetan euskeraz dira eta beste batzuetan gaztelaniaz. Gurean beti euskeraz izango dala ziurra da. Edo astialdi taldeak, adibidez, nik ez dakit auzoko besteek zer egiten daben baina gure astialdi taldea, Txantxiku, euskeraz da. AEK-gaz alkarlanean, Berbalagunaren antolatzen dogu guk. Deustualdeko berbalagun taldeak Berbaizutik kudeatzen doguz.

Ganera, euskeraz zeozer antolatu nahi dauenari aukerea emoten deutsagu. Horretarako, zorionez, Mullerrenea daukagu orain. Euskeraz bizi nahi daben guztiek lekua daukie Berbaizun. Hemen Euskaraz hemen Berbaizu pegatinea be horretarako daukagu. Deustualdeko 40 komertzio ingurutan ipinita daukie. Pegatinea daukan taberna edo denda batera sartu ezkero, badakizu euskaraz artatuko zaituela. Urtero, euskeraz arretea emoten dauen saltoki bati saria emoten deutsagu eta aurten Erriberako taberna bati emon deutsagu. Modu horretara, alkarlanerako bidea be zabaltzen da, euskerazko gauzak antolatzeko.


9.- Beraz, alkarlanerako bidea zabaldu dozue dendakaz eta tabernakaz. Auzoko ganerako eragileakaz badozue hartu-emonik?

Bai, esaterako eskolakaz. Euskerearen Unibersoa ekimenean, oker ez banago, auzoko bederatzi ikastetxek parte hartzen dabe, Deustuko ia guztiek. Horrek parte-hartze aktiboa eskatzen dau, beraz ez da gitxi. Arangoitiko Euskal Jaian be laguntzen dogu, Deustuko Jai Batzordean gagoz... Erriberako ZAWP guneagaz be hartu-emona hasi dogu eta bide horretan sakondu nahi dogu.


10.- Zelakoa da euskerearen egoerea gaur egun Deustualdean?

Ba, egia esan, Bilboko auzo euskaldunenetako bat da eta hori ez dogu guk asmau, datu ofizialek holan dinoe. Bilbo barruko auzoa izateko, euskerea majo entzuten da. Halandabe, beste leku batzuetan dagoan arazoa Deustualdean be badago, erabilerearena. Euskaldun asko garen arren, berba egiteko orduan mugak dagoz. Horregaitik, erabilerea bultzatzeko lana da gure zeregin nagusietako bat. Hori errazteko bidea izan leitekez Hemen Euskaraz hemen Berbaizu pegatinak, ze modu horretara euskaldunek badakie non eta nogaz egin leikeen euskeraz.


11.- Euskerearen aldeko lan horretan, zeintzuk dira auzoko beharrizan nagusiak?

Erabilerea da, esan dodan moduan, gaietako bat. Bide horretan, Berbaizuk ekimen bat baino gehiago ditu martxan. Ume eta gaztetxuentzat, adibidez, Txantxiku astialdi taldea dago. Helduentzat, Berbalaguna. Bilboko Udalagaz alkarlana beharrezkoa da, eskoletara euskerea erabilteko ekimenak eroateko. Tailerrak eta holakoak eginda, lortu nahi dogu umeek euskeraz gehiago eta sarriago berba egitea.


12.- Aurrera begirako proiekturik badarabilzue buruan?

Gaur egun daukagunagaz nahikoa dogula esango neuke! Gagozan moduan segidutea ez da txarra. baina badaukaguz asmo batzuk, bai. Esaterako, Mullerrenea barritu nahi dogu, apur bat atondu. Epe luzera begira, ezer zehatzik ez daukagu, baina idea batzuk bai. Erabilerearen inguruko zeozer gehiago egin nahi genduke: Donostiako Egia auzoan euskera hutsean berbetan ibili ziran aste betez eta gero antzeko ekimenak egiten hasi dira beste herri eta auzo batzuetan. Geuk be holako zeozer egitea ez dot baztertzen.

Bazkideak aktibetako zeregina be badogu, ze bazkide asko gara, baina horreetako gehiagok gure ekintzetan laguntzeko edo lantaldeetan sartzeko pausua egitea nahi dogu. Amaitzeko, gazte taldea martxan jartea be badago Berbaizuren asmoen artean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu