'Gozamenerako bidaia' bat izango da Bilboko Udal Musika Bandearen denporaldi barria

Dabi Piedra 2016-09-22 14:01   Musikea

Areto barruko 2016-2017 zikloan, Bilbon ez eze, Donostian eta Iruñean joko dau Udal Musika Bandeak.

José Rafael Pascual-Vilaplana, Nekane Alonso eta Ana Madariaga | Ikusi handiago | Argazki originala

Bigarren denporaldia izango da hau José Rafael Pascual-Vilaplanarentzat Bilboko Udal Musika Bandearen zuzendari titular karguan. Oraingoan be, gai nagusi bat aukeratu dau zikloko emonaldi guztiak batzeko. Bandeagaz bidaiatuz izango da denporaldiaren izenburua, baina, Pascual-Vilaplanak azaldu dauenez, bidaien esangura zabala izan dau gogoan: Bidaiak, ez zentzu geografikoan bakarrik, kontzertuak gozamenerako bidaiak izatea nahi dogu, entzuleen garapen personalean lagundu.

Ohiko legez, Euskalduna jauregia izango da denporaldiko kontzertuen egoitza nagusia. Halandabe, aurten, Bilbotik kanpora be ostera bi egingo ditue. BilbaoMusika erakundeak sinatutako hitzarmen baten harira, Donostiako Musikenen izango da bandea 2017ko zezeilean. Hango ikasleei musika banda profesional bategaz alkarlanean lan egiteko aukerea emongo deutsie. Iruñean, ostera, La Pamplonesa bandeagaz egingo dan alkartrukeari esker joko dabe bilbotarrek.

Zikloari ekiteko, baina, Azkuna Zentroa aukeratu dabe. Joan dan barikuan, hilaren 16an, jo eben denporaldiko lehenengo kontzertua eta bariku honetan, hilak 23, beste emonaldi bat egongo da leku berean. Kontzertu biak Emozinozko bidaiak lelopean batu ditue. Programazino eklektikoa preparau dogu ziklo hasikera honetarako, musikearen bidez entzuleei sensazinoak sortzeko asmoz, azaldu dau Pascual-Vilaplanak.

Euskalduna jauregiko ohiko programazinoko lehenengo emonaldia urriaren 9an izango da. Kontzertu berezia izango da Itsaso bien arteko bidaia izeneko hori. Kantauri itsasoa eta Mediterraneoa alkartu nahi ditu Udal Musika Bandeak eta, horretarako, euskal konpositore biren eta beste horrenbeste kataluniarren piezak joko ditue. Jesus Guridi eta Jose Mª Usandizaga izango dira Kantauri aldeko doinuen ordezkariak eta, Mediterraneo aldeko konpositoreak Albert Guinovart eta Miguel Asins Arbó izango dira.

Urrian, ganera, La Pamplonesa bandeagaz alkartrukea egingo dau Bilboko bandeak. Urriaren 23an alkarregaz joko dabe talde bietako musikariek Bilboko Euskalduna jauregian. Astebete geroago, hilaren 30ean, Iruñeko Gaiarre aretoan izango da emonaldia.

Zemendian, Euskalduna jauregiko kontzerturik aitagarriena Bidaia musika britainiarragaz izenburuduna izango da. Timothy Reiniss zuzendaria bertan dala, Britainia Handiko musikearen errepasoa egingo da zemendiaren 6an, doinu klasikoetatik hasi eta gaur egungo estiloetaraino. Abenduaren 19an, Gabonetako kontzertu berezia egongo da. Umeak izango dira joko doguzan pieza guztietako ardatza, zehaztu dau Pascual-Vilaplanak.

Urte barrirako be proposamen ugari dakarz Bilboko Udal Musika Bandeak. Besteak beste, Donostian, Musikenegaz alkarlanean emon beharreko kontzertuak egongo dira, zezeilean. Aurretik, baina, urtarrilaren 19an, Gernikako bonbardaketearen 80. urteurrena gogoratzeko kontzertu berezia antolatuko da Euskaldunan. Gernikan oinarritutako obrak izango dira, Picassoren koadro ezagunean zein bonbardaketan, dino Pacual-Vilaplanak, bertoko eta kanpoko konpositoreen begiradak batu nahi izan doguz. Holan, Gorka Hermosa akordeoilariaren pieza bat estreinauko dabe eta Miguel Asins Arbó, Jan Hadermann eta David Snow-en obrak be entzungo dira.

Udabarrian be, agenda bete-betea izango dau bandeak. Martiaren 12an, Iñaki Urkizu zuzendari dala, 1970eko hamarkadako doinuak gogora ekarriko ditue, Serafin Zubiri konbidau nagusi dala. Apirilean, banden errepertorio historikoei errepasoa egingo deutsie kontzertu bitan.

Bilboko Udal Musika Bandeak, areto barruko denporaldiaz gan, beste agerraldi asko egiten ditu urte guztian. Ospakizun eta ekitaldietan, esaterako, ohikoa da bandako musikariak egotea. Era berean, aurten zuzendari artistikoen ikastaroa egiten dabilz, José Rafael Pascual-Vilaplana gidari dala. Hamar ikaslerentzako lekua egoan eta, 72 hautagaik izena emon ebenez, aukeraketa zorrotza egin behar izan eben. Ikastaroan landutakoa urriaren 22an izango dan kontzertuan erakutsi ahal izango dabe parte-hartzaileek.

Igazko programazinoa zoragarria izan zan, aurtengoa zer esanik ez, adierazo dau Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak. Pascual-Vilaplanak trebetasun handia dauka programazino onak aukeratzeko eta, ganera, 45 musikari profesional baino gehiago dagoz bandan, azaldu dau Alonsok. BilbaoMusikako zuzendari Ana Madariaga be pozik agertu da zikloagaz, denporaldi erakargarria da, kalidadezko errepertorioa da.

Gure erronkea bandearen gaitasuna ezagutzera emotea da, azaldu dau Madariagak. Horren kontura, Nekane Alonsok dino Bilbo uri musikala izatea dala helburua. Horretarako, erreferentziazko musika-eskolea eta banda profesional bi doguz, Udal Bandea eta Txistulariena, gogoratu dau zinegotziak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu