Bilboko Aste Nagusiko pregoilariak eta txupinereak euren jantziak estreinau ditue

Dabi Piedra 2016-08-09 13:24   Kulturea

Patxo Telleria aktoreak irakurriko dau pregoia abuztuaren 20an eta Gisèle Felli Gorritxo, Komantxe konparsakoa, arduratuko da txupinaz.

Gisèle Felli Gorritxo eta Patxo Telleria | Ikusi handiago | Argazki originala

Bientzat be ohore handia da kargu hori betetea 2016ko Bilboko Aste Nagusian, Telleriak eta Gorritxok adierazo dabenez. Pregoilariaren jantzi horia eta kapela luzea jantzita agertu da jentaurrean aktore bilbotarra, bere alboan Komantxe konparsako kidea egoala, txupinerearen jaka gorria aldean.

Ohitureak agintzen dauen legez, abuztuaren 20an, zapatua, Arriaga antzokiko balkoitik botako dau pregoia Patxo Telleriak. Ondoren, Gisèle Felli Gorritxok txupina biztuko dau eta horregaz hasiko da bederatzi eguneko jaia. Txupin garbia nahi dogu, Bilbo uri garbia izatea nahi dogulako, adierazo dau Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Jaietako zinegotziak. Horregaitik, ospakizun horretan urunik eta arrautzarik ez botetako eskatu deutse herritarrei.

Txupinaren egunerako eskakizun nagusia garbitasunagaz lotuta dago, beraz, ondo pasetako deia ahaztu barik. Aste Nagusiko ohar nagusia, ostera, Bilboko Konparsetako ordezkari Liher Barrantesek egin dau: Gozamenerako astea da eta era askean disfrutau behar dogu danok, errespetuz. Txupinereak eskari horregaz bat egin dau, guztion askatasunagaz jaiak gozagarriagoak dira. Horregaitik, sexu erasoei eta errespetu bako jokabideei sendo aurre egingo deutsela agindu dabe Konparsetako eta Udaleko kideek.

Patxo Telleria aktoreak onartu dau, sorpresaz hartu dauela pregoilari izateko eskaria, baina zalantzarik egin barik onartu dauela. Mila gauzatan sartuta ibilten naz, batzuetan arrakastaz beste batzuetan zorakeriak izaten dira, baina sekula be ez jatan bururatuko Bilboko pregoilari izatea, autortu dau. Pozik nago Aste Nagusiko ordezkari izateaz, herriak sortutako jaiak diralako.

Itziar Urtasun zinegotziak gogoratu eragin dauenez, aho batez onartu eban Jai Batzordeak Patxo Telleriaren hautagaitzea. Sari eta omenaldi asko jasotakoa da Telleria, antzerkigintzan ibilbide luzea bete dauelako. Esaterako, igazko Euskerearen Egunean Bilboko Udalak berak gorazarre egin eutsan, Mikel Martinezegaz batera. Horregaitik, pregoilari izateko persona egokia dala ikusi dabe.

Bestetik, Gisèle Felli Gorritxo txupinera izatea konparsek erabagi dabe. Txandakatu egiten dira konparsak euren kide bat zeregin horretan ipinteko eta aurten Komantxeren txandea izan da. Bertako kide da Gorritxo. Ohorea da jantzi hau eroatea, adierazo dau txupinereak, baina egia esan, oraindino ez nago urduri. Errespetuan oinarritutako parte hartzerako deia egin dau.

Aste Nagusirako prestakuntzak hasi dira, horrenbestez, Bilbon. Txupinerea eta pregoilaria aurkeztuta, atzera kontua hasi da. Bederatzi egunez, ospakizunak dagozan leku guztietan ibiliko dira Gorritxo eta Telleria, jaia beste era baten bizitzeko erea eukiko dabe. Marijaiagaz batera, Aste Nagusiaren ikonoak dira txupinerea eta pregoilaria, esan dau Urtasunek.

 

Urtasun, Gorritxo, Telleria eta Barrantes

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu