2016ko XXVIII. Bilbainada Lehiaketako sariak emon ditue

Bizkaie! 2016-06-24 11:13   Musikea

Euskeraz idatzitako bilbainadarik onenari emoten jakon saria, barriz, José María Larrazabalek idatzitako Bizkaitarren arima lanak jaso dau.

Bilbainada Lehiaketako epaimahaiak, Patxi Gonzalezen El habla de Bilbao lanari emon deutso gaztelaniazko bilbainada onenaren saria. Euskeraz idatzitako bilbainadarik onenari emoten jakon saria, barriz, José María Larrazabalek idatzitako Bizkaitarren arima lanak jaso dau. Bakotxak, garaikurraz gan, 955 euroko saria jasoko dau.

Beste alde batetik, 420 euroko saria jasoko daben zortzi akzesitak ondokoak izan dira:

Querido acordeón, Juan Carlos Pichel.
Carolina, Josetxu Villasante de Gaminde.
Cuando llegué a Bilbao, Roberto Gutiérrez de Rozas Cadiñanos.
Grúa Carola, Aurelio Marroquín Gómez.
Los jardines de Bilbao, Txaro San Juan-Fernando Ibarra.
Un tío de Bilbao, Carlos Terrón.
El barbero de Bilbao,   Agustín Ferrero Fernández.
De Urdúliz a Bilbao, Nacho Zarzosa – Enrique Florit.

Sari banaketa ekitaldia Aste Nagusiko barikuan (abuztuaren 26an) izango da Casilda Iturrizar Parkeko Pergolan, eguerdian, egun horretako bilbainada kontzertuaren barruan. Sariak Bilboko Alkateak, Juan Mari Aburtok eta Udaleko beste kide batzuek banatuko ditue.

Ohikoa danez, Bilboko Udalak, XXVIII. edizino honetako abesti irabazleak jasoko dituan disko bat argitaratuko dau, musikari profesionalek grabauta. Diskoa Arriaga Antzokian egingo dan zemendiaren 27ko galan aurkeztuko da. Igaz, gaztelaniazko lan irabazlea Carlos Terrónen El Chupinazo izan zan, eta euskerazkoa, azken hiru edizinoak irabazi dituan Jose Maria Larrazabalen Bilbao, amets bat.

Bilbainada lehiaketea, Bilboren egunerokotasuna erakusten daben abesti bilduma bilakatu da urteak igaro ahala. Konposizino horreek Bilboren historia kontetan dabe, arkitektura lanetan, garraiobideetan, erakundeetan edo personaia enblematikoenetan oinarrituta. Lehiaketeak arrakasta handia dauka herritarren artean, eta normalean, 20 eta 30 abesti artean aurkezten dira. Azken edizino honetan 25 lan aurkeztu dira.


2016ko epaimahaia

Ohorezko presidentea: Diego López de Haro jauna. Epaimahaiko kideak: Nekane Alonso, Kultura Zinegotzia; Enrique Campos, Nervión Taldeko (TeleBilbao – Radio Nervión) Zuzendaria; Iñaki Uranga, abeslaria; Ana Madariaga, Bilbao Musikako Gerentea; eta Amagoia Loroño Akordeoi Orkestrako zuzendaria.

Saritutako abestiez gan, aurtengo epaimahaiak Ohorezko Don Diego sari berezia emon deutse Indarra taldeari eta Mi Bodega taberneari, Bilbon hain sustraituta dagoan musika genero honi eskainitako laguntzino eta bultzadeagaitik eta, Mi Bodega tabernaren kasuan, genero hori bilbotarren eta bisitetan gaituenen artean zabaltzeagaitik, domeka goizetan lokala botxoko abesti horreekaz girotuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu