Perlak taldeak disko barria aurkeztu dau

Bizkaie! 2016-06-23 09:10   Musikea

Laukote gipuzkoarraren bigarren diskoa da Itzaletatik eta Bilboko Kafe Antzokian entzun ahal izango dira zuzenean doinu barriak, Perlak eta Dekot taldeek eskaini daben emonaldian.

Perlak, maiatzean Bergaran emondako kontzertu baten (argazkia: Perlak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Hamaika abesti dakarz Itzaletatik diskoak. Orain dala urte bi plazaratutako lanaren bidetik, post-punk estiloaren ingurukoa da bigarren hau be. Dana dala, Perlakek izandako garapena nabarmena da lan barrian: Gitarrek pisu handiagoa daukie eta horrek rockera hurreratu ditu abesti batzuk. Bestetik, soinu sendoagoa dauka Itzaletatikek.

Ahots asko entzun leitekez diskoan. Maite Martiarenak dauka horretarako ardurea baina, pieza batzuetan, Miren Narbaiza eta Patxi Agirre taldekideen ahotsa dago. Perlakeko laugarren kidea Ilargi Agirre da. Gogoan izan behar da, ganera, 2013an sortu zanetik hona, Oihane Abarrategik taldea itxi dauela eta Miren Narbaiza sartu dala haren ordez. Dana dala, disko barrian Abarrategiren ahotsa entzun leiteke kanta baten.

Itzaletik egin beharreko lana begien bistara ekarteko ahalegina dago diskoaren atzean, hortik Itzaletatik izenburua. Esate baterako, emakumeek musikagintzan egiten daben lan ezkutua agirian itxi nahi dabe (taldeko lau kideetatik hiru andrazkoak dira). Genero ikuspegitik eregita dagoz kantetako berba asko. Mina eta hasarrea sarri aitatzen ditue, baina mezu positiboak be badagoz diskoan. Hori guztia, post-punkaren giro ilunetik kontatuta. Mungiako Gaua estudioan grabau dabe diskoa.

Maiatzaren amaiera aldean argitaratu eban Perlakek Itzaletatik diskoa. Donostian eta Beran aurkeztu eban lehenengo eta Bilbora ekarri ditu orain doinu barriak. Ondoren, Zarautzen emongo dau zuzenekoa garagarrilaren 1ean eta Bermeoko Beleza Malandran, garagarrilaren 22an.

Dekot talde bizkaitarrak be jo dau Bilboko Kafe Antzokiko kontzertu horretan. Mungialdeko taldeak Gaztea Maketa Lehiaketea irabazi barri dau eta, modu horretara, garagarrilean Bilbao BBK Live jaialdi entzutetsuan joko dau. Ibai Ayerza, Ibon Agirre, Ane Barrenetxea eta Janire Lopez dira Dekoteko kideak. Indie-rock, post-punk eta elektronika estiloko kantak joten ditue, ingelesez.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu