Ibai Ayerza: 'Hartzen dogun musika dana ilun bihurtzen saiatzen gara'

Koldo Isusi Zuazo 2016-06-06 11:48   Barriketan

Dekot taldeko gitarristea

Maruri-Jatabeko Ibai Ayerzak, Ibon Aguirrek, Ane Barrenetxeak eta Janire Lopezek osatzen dabe Dekot taldea, 2014an jaiotako talde gaztea. Indie rock, post punk eta elektronika doinuak buztartuz XXV. Gaztea Maketa Lehiaketea irabazi dabe oraintsu eta eta 5.000 euroko sariaz gan, aurten BBK Live jaialdian joteko aukerea izango dabe.

Dekot taldeak lau abesti dakarzan EP bat argitaratu barri dau, kantuetako izenburuak euskeraz dira baina ingelesez kantetan dabe bizkaitarrek. Aurrerantzean, barriz, kantuak euskeraz be sortzeko asmoa iragarri dabe.

Gustora izan gara barriketan Ibai Ayerza taldeko gitarristeagaz.


1.- Finalean, epaimahaikoek ebatzia emon eta zeuon izena entzun zenduenean, zer pasau jatzun burutik?

Joe, ba, momentu horretan ez dau pentsamendu edo gogoetarako astirik, emozino asko pilatzen jatzuz; ur botilea bota neban airera, lagunak besarkatu eta sokorruka, arrantzaka hasi ginan, energia gustia atera genduan eta apur lasaitu ostean, horra heltzeko bidean zenbat burruka, zenbat ensaio, zenbat kontzertu on eta txar emon doguzan jatortzu burura.


2.- Gaztea Maketa Lehiaketea irabazteak BBK Live jaialdian kontzertua emoteko aukerea ekarri deutsue, milazak lagunen aurrean joteko aukerea. Bihar-etzirako ze ondorio ekarri leike hitzordu horretan joteak?

Gogoeta bi edo egin doguz; batetik, BBK Live jaialdian joteak ateak zabaltzen deutsuzala eta, bestetik, aukera ezin hobea dala gure musikea, gure taldea ezagutzera emoteko, baita gure zirkulutik kanpo be. Hori bai, aukera ona izan arren, badakigu beharrean jarraitu behar dogula, ezin garela gora adi geratu eta dana eginda dagoalakoan geratu. Holako aukerak ondo aprobetxau behar dira eta guk orain momentuan behar egiteko gogo gehiago daukagu.

Miresten doguzan talde askok emon ditue kontzertuak Kobetamendin, kasu batzuetan gure lagunak dira eta bidea guk baino lehgen urratu daben lez, badakigu nondik nora jo.

Ganera, BBK Live jaialdiaren jarraitzaileak gara, batez be, Ibon eta Ane taldekideak eta, aurretik be egon ginan Maketa Lehiaketaz, jaialdiaz eta berba egiten, sarrerak erosteko aukereaz eta abar. Eta bitxia bada be, Ibonek eta nik ez genduzan erosi eta hara, orain protagonista izango gara bertan.


3.- BBK Live jaialdian, garagarrilaren 7, 8 edo 9an, badakizue zein egunetan joko dozuen? Ze kontzertu ez dozu galduko?

Ez, oraingoz ez deuskue ezer esan. Taldearen historia txiki bat eskatu deuskue kredituetan eta sartzeko baina zein egunetan joko dogun ez dakigu.

Ganerakoan, nik neuk badakit Arcade Fire taldearen kontzertua ez dodala galduko; gure estilotik urrun egon arren, 2000. urtetik aurrera eszena alternatiboan sortu dan talderik handienetakoa dala. Horrezaz gan, Foals, Editors be nabarmenduko neukez, lehen be egonda dagoz hemen baina ez dodaz ikusi zuzenean eta kriston gogoa daukat ikusteko. Courtney Barnett be gustora ikusiko neuke, Grammyetarako izentauta egon dan artistea, Wolf Alice guri asko gustetan jakuna, zeozelan gure eredu dana...


4.- Dekot, daukat aditzaren kontrakzinoa da, bizkaierearen eremuan, zabal dabilena. Zelan asmau zenduen taldearen izena?

Geure burua behartu genduan, taberna baten sartu eta izena asmau arte handik ez urtetea erabagi genduan. Zorionez ez ginan mozkortu ze nahikoa arin pentsau genduan. Berba euskalduna gura genduan, laburra eta jenteak erraz hartzeko modukoa, baita erdaldunek be. Daukat, dakat eta holakoak be agertu ziran baina azkenean dekot bizkaierearen alde egin genduan, indartsua begitandu jakun hasiera-hasieratik eta horrexegaz gabiz.


5.- Lau zarie taldean, mutil bi eta neska bi eta ahots nagusia neska batena izateak indar berezia dauka, beste kasu batzuetan ikusi dogun legez, urrun joan barik, ganera...

Bai. Badakit Belako taldea dozula gogoan eta egia da gure inguruan beste talde batzuk be sortu dirala, berbarako, Leun, Gaztea Maketa lehiaketan be sari bat irabazi dauena, lagunak dira eta asko miresten doguz holako taldeak. Ganera, hemen Mungialdean eta ikusten gagoz rock iluna edo indie post punk alternatibo horretatik aparte be badagozala taldeak emakumeen protagonismo eta presentzia bereziagaz. Taldeetan abeslari emakumeak lehendik be ezagutzen doguz asko baina azken aldion beste tresna batzuekaz be ikusten doguz, bajuagaz, gitarreagaz eta abar. Esango neuke aurrerantzean estilo horretako, talde misto gehiago sortuko dirala.

Gure kasuan, lau gara, mutil bi eta neska bi. Ni neu gitarristea naz, sinteak be erabilten dodaz eta koru batzuk be egiten dodaz; tekladuak joten dituana, berez, Ane da, abeslari nagusia; Janire bajistea da; eta Ibon, barriz, bateristea da.


6.- Bizkaitarrak eta euskaldunak izanda, kantuak ingelesez kantetan dozuez baina deigarriena da kantuen izenburuak euskeraz dirala. Zergaitik?

Horrexegaitik, deigarria izan daiten... [Barreka]. Bromak aparte, euskereagaz gainditu bako ikasgaia edo daukagu, askotan esan dot eta esanagaz bat badago nahitaez behar bat, egiteko bat; hemendik aurrera euskeraz egingo doguz abesti gehiago, oraingoz bat bera be ez daukagulako. Serio hartuko dogu gaia nahiz eta oraingoz izenburuetan bakarrik agertu euskerea eta badakigu marketing aldetik kaosa darabilgula ze ingelesezko abestien bila doazanek ez ditue hartuko euskerazko izenburua dabelako; eta kantuak euskeraz bilatzen dituanak, barriz, ingelesa entzungo dau eta, akaso, baztertu egingo gaitu.


7.- Lau abestigaz osotutako lana argitaratu barri dozue:  Lurra, Haizea, Ura eta Sua, indar handiko lau osogai. Gaiei jagokenez, zer kontetan dozue kantuetan?

Lurra izenekoan badako istorio txiki bat. Gure musikea iluna da eta tarteka maitasun eza eta holako gai tipiko-topikoak be sartzen doguz baina beste era batera tratauta; Haizea kantua, berbarako, abstraktoagoa da, estribilloan bertan esaten da: 'emaidazu barriro askatasuna...'. Mundu bat da letra bakotxa. Gai zehatzik ez darabilgu eta Anek sorzten dituen kantuetan, tipiko-topikoak agertu daitekez baina neuk sortutakoetan poesia da nagusi. Ez jat gustetan gaietan holako zehaztasun handirik emotea, edegita ixtea gustetan jat. Anari, Gorka Urbizu, Katamalo eta dodaz erreferente berbak sortzeko. Gero, ingelesera itzulikeran, barriz, jatorrizko euskerazko berba batzuen indarra galtzen da, beste batzuetan irabazi... Hor ibilten gara burrukan.


8.- Alde musikalari erreparauta, indie rock, post punk eta elektronikearen buztarketea dakarzue. Zeintzuk diran zuon ereduak? Zer musika entzuten dozue?

Nahikoa edegiak gara eta danetariko musika estiloak jarraitzen doguz; hori bai, hartzen dogun dana ilun bihurtzen saiatzen gara, iluntasunak aparteko sakontasuna dakarrela pentsetan dogulako. Beraz, gitarra, bajua eta bateria formazino tradizionaletik harago, sinte, sanpler eta tresna barriagoakaz ibilten gara olgetan. Indie rock esaten jakon estilo hori hartu dogu hasikeratik eta lehen esan deutsudazan horreetatik aparte, Arctic Monkeys, Franz Ferdinand nabarmenduko neukez. Horrezaz gan, talde alternatiboak be gustetan jakuz, Kasabian, Muse, Arcade Fire. Eta bitxikeria moduan, nik pilo bat entzuten dot Ludovico Einaudi italiarra, pianoagaz konposatzen dauena, ez dauka zerikusirik gure estiloagaz baina inoiz piano atalen bat agertzen bada gure kantuetan, pista moduan bota deutsut tipo honen izena.


9.- Zuzenekoetan jenteak zelan hartzen ditu zuon kontzertuak?

Publikoaren atentzinoa erakartea lortzen dogu eta hori ez da gitxi... Edozelan be, hasi gara konturatzen hitzordu handietan eta jenteak ezagutzen dituala gure kantuak eta golpean hasten dirala jantzan eta kantetan; estribillo errazak dira gureak, garrasiak dira, egia esateko eta nik esango neuke orain hasi garela publikoagaz konektetan.


10.- Hemendik aurrera zer, diskoa grabetako amesik?


Lau kantuz osotutako EP txiki baina lan handia eragin euskun bat daukagu oraingoz, produkzinoa neuk egin neban James Morganegaz batera Magix Box estudioan; inbersino, sakrifizio eta lan handia izan zan eta horri be etekina atera beharko deutsagu. Baina, jakina, kantu gehiago be badaukaguz grabau ez badoguz be, nahikoa ordubete inguruko kontzertuak eta emoteko. Finalean, berbarako, doinu barri bat be sartu genduan, euskerea be tarteka sartuta eta hortik goaz. Horixe da orain gure asmoa, jo ta jo ta jo, geratu barik, geure burua eta musikea erakutsi ahal dan leku gehienetan.  

Diskoa oso bat grabetako aukereari jagokonez, apur bat zain gagoz, ze eskaintza, ze aukera, ze baldintza dagoan ikusteko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu