Bilboko 75 dendatara eroan dabe Arte Ederretako ikasleen sormena

Dabi Piedra 2016-06-06 12:47   Kulturea

Arteshop ekimenaren seigarren aldia martxan ipini dabe Bilboko Udalak, Bilbao Artek eta EHUko Arte Eder Fakultadeak. Uriko 75 saltokitan interbentzino artistikoak egin ditue beste horrenbeste sortzaile gaztek. Bagilaren 18ra arte ikusi ahal izango dira.

Juan Zapater, Arantza Lauzirika eta Xabier Otxandiano | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbo erdiguneko zein auzoetako dendek parte hartzen dabe Arteshopen. Seigarren ekitaldi honetan, sekula baino komertzio gehiago dagoz ekimenea, 75, eta horregaitik, Xabier Otxandiano Udaleko Garapen Ekonomikoko zinegotziak dino finkatutako hitzordua dala, gero eta interes handiagoa sortzen dau.

Merkatarientzat eta artistentzat, bientzat dakar onurea Arteshopek, antolatzaileek azpimarratu dabenez. Dendariek euren establezimendua nabarmentzeko eta publiko barria erakarteko erabili leikee artisten interbentzinoa. Sortzaileek, ostera, EHUko ikasleak diranez, fakultadetik kanpo euren talentua garatzeko eta erakusteko gunea topetan dabe.

Gure ikasleen lanaren erakusleiho bat da Arteshop, nabarmendu dau Arantza Lauzirika Arte Eder Fakultadeko dekanoak. Artista bakotxak askatasuna dauka egokitu jakon dendan nahi dauen erako interbentzinoa egiteko: Instalazinoren bat, erakusleihoa margoztea, performancea... Artearen munduan dabilzanei espazio publikoan lekua eginaz, euren sormena garatzeko aukerea emon nahi deutsegu, ganeratu dau Otxandianok.

75 artista gazteei laguntzen, hamar tutore edo gidari ibiliko dira. Esperientzia zabalagoko artistak izango dira horreek gidariak eta Bilbao Arte arduratu da hamarrak aukeratzeaz. Urtean urtean, gero eta fruitu hobeak emoten ditu gure arteko alkarlanak, adierazo dau Juan Zapater Bilbao Arteko zuzendariak. Artista gazteei zein euren tutoreei laguntza ekonomikoa emoten jake eta, modu horretara, era profesionalean lan egitea zer dan ezagutu leikee.

Bagilaren 18ra egongo dira interbentzino artistikoak dendetan. Erriberako merkaduan eta Plaza Biribileko turismo bulegoan be esku hartuko dabe artista gazteek. Igazko arrakastea ikusita, aurten be bisitaldi gidatuak egongo dirala aurreratu dabe antolatzaileek. Herritarrek botoa emon ahal izango dabe interbentzinorik onenak aukeratzeko. Publikoaren saria irabazten dauenari 450 euro emongo deutsiez.

Ganera, adituen epaimahai batek emondako beste sari bi be egongo dira. Bilboko Udalak, Bilbao Artek eta EHUk hamar interbentzino aukeratuko ditue eta epaimahaiak horreen arteko bati emongo deutso sari nagusia, 1.200 eurokoa. Bigarren saria 600 eurokoa izango da.

Dendak eta uria, sormenagaz lotzen ditu Arteshopek, adierazo dau Xabier Otxandianok, uriko merkataritzea bultzatzea da gure helburua. Juan Zapaterren ustez, uriak jasoten dauen oparia da Arteshop: Artea ez da museoetan bakarrik egoteko, beste espazio batzuetan be agertu behar da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu