Antartikan sortutako artelanak ipini ditue Andrea Juanek eta Teresa Jareñok Bizkaia Aretoan

Dabi Piedra 2016-05-17 12:01   Kulturea

Argentinako Gobernuaren Antartikako zuzendaritzearen eta EHUren alkarlanari esker abiatutako proiektuaren barruan, 45 egun pasau zituen Andrea Juan eta Teresa Jareño artistek Antartikako base baten. Han sortutako obrak Bilboko Bizkaia Aretoan dagoz ikusgai, maiatzaren 25era arte, Artea Antartikan izenburupean.

Arantza Lauzirika, Andrea Juan eta Teresa Jareño | Ikusi handiago | Argazki originala

Andrea Juan artista argentinarraren eta bere herrialdeko Antartikako Zuzendaritza Nazionalaren arteko hartu-emona 2005ean hasi zan. Ikerketa zientifikoagaz eta zeregin militarrakaz batera, kontinente izoztuko baseetan proiektu artistikoak garatzeko programea sortu eben. Herrialde askotako artistak Antartikako baseetan egotaldiak egitera konbidau ditue urteotan eta igaz, lehenengoz, unibertsidade bategaz alkarlana hasi eban Juanek, EHUgaz hain zuzen.

Arantza Lauzirika EHUko Arte Ederren Fakultadeko dekanoaren esanetan, Andrea Juanen proiektuan sartzeko, ikuspegi artistikoa eta teknologikoa kontuan hartu ditue. Andrea Juanek Antartikako egonaldia proponidu euskunean, hango lurragaz lotutako sorkuntzea bultzatu behar zala adostu genduan, zehaztu dau Lauzirikak. EHUko ikasleek aurkeztutako proiektuen artean, Teresa Jareñorena aukeratu eben. Arte Garaikide eta Performatiboen masterra egiten dabil gaur egun Jareño.

Holan, Andrea Juan eta Teresa Jareño Antartikako base militar baten egon dira 45 egunez. Juanek Solar storm izeneko seriea sortu dau han eta Jareñok, ostera, Uraren hezurra dalako egitasmoa garatu dau. Esperientzia izugarria izan da, oso ondo egon gara, azaldu dau Jareñok, 45 egunean nire proiektua beste kezkarik ez dot euki.

Antartikan gizakien zibilizazinoren bat egon izan balitz, zelako artea eukiko eban imaginau dau Jareñok bere proiektuan. Antartikan ez dago berezko kulturarik, han bizi diran bakarrak baseetako beharginak diralako. Hortaz, hango soinuak eta materialak aztertuta, irudimena erabili dau Jareñok.

Jareñoren irudimenean sortutako kultura horretako musika-tresnak eta doinuak dira erakusketearen ardatza. Musikea zibilizazino guztiek daukie eta horregaitik aukeratu dot, azaldu dau. Gitarrearen itxurako tresna bat eta txirulatxu batzuk sortu ditu, hango materialak erabilita. Era berean, Antartikako fenomeno naturalen eta animalien soinuetatik abiatuta, eskala musikala eta doinu batzuk asmau ditu. Antartikari ahotsa emon nahi izan deutsat.

Teresa Jareñok sortutako musika-tresnak

Ingurumenagaz lotutako kezkak batu ditu, bere aldetik, Andrea Juanek. Eguzki-ekatxek Lurraren azalean eragiten dituen aldaketak agirian itxi nahi izan ditu argazki koloretsuen bidez. Eguzki-izpi ikusezin baina kaltegarriak kolore biziko oihalakaz ordezkatu ditu. Holan, oihalak Antartikako paraje bakartietan hegaz ikusi leitekez argazkiotan. Aldaketa klimatikoa aztertu nahi izan dot eta eguzkiaren izpiek daukien eragin kaltegarriaz gogoetea egin, azaldu dau Juanek.

Artista bien sorkuntzak Bizkaia Aretoko Axular gelan dagoz ikusgai, maiatzaren 25era arte, goizeko 8:00etatik arratsaldeko 20:00etara. Sartzea librea da.

Andrea Juanen argazkietako bat

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu