Amets Arzallus: 'Badaukat loturatxua Bizkaiagaz eta bizkaiereagaz'

Koldo Isusi Zuazo 2013-12-23 10:27   Barriketan
2013ko Euskal Herriko Bertsolari txapelduna

Bidean gozau eta barruan eukan guztia emon ostean, txapela etxera eroan eban Amets Arzallusek. Buruz burukoan, orain lau urtekoa errepetiduta, Amets Arzallus hendaiarra nagusitu jakon Maialen Lujanbio hernaniarrari eta historian lehenengoz joan da txapela Iparraldera. Hogei alkarrizketa baino gehiago eskaini ondoren izan zan geugaz Amets eta neke punturik barik, patxada handiz emon eutsen erantzuna gure galderei.


1.- Ezer baino lehen, zorionak orain lau urte bigarren sailkatu ostean, aurten etxera eroan dozulako txapela. Etxera, Iparraldera, eta hori lehenengoz jazo da. Aurrekoan emakume bat izan txapelduna eta aurten, lehenengoz joan da txapela Iparraldera. Anekdota hutsa ala garrantzitsua da Iparraldera joatea txapela? Zergaitik da garrantzitsua?

Ez dot gura lar personalizau Iparraldera heldu dan txapelarena, batetik, saiatzen garelako geu be nahikoa zauri dan mugea gainditzen eta lehen be txapelak hegoaldean geratu diranean, Euskal Herri osoak bere sentidu izan dauelako txapela, eta orain be, Hendaiara heldu dan txapelari zazpi probintzietatik begi bardinakaz begiratzea espero dot. Baina hori guztia lehenetsi arren, egia da Iparraldera joan dala txapela, eta horrek balio badau euskalgintzan, kulturgintzan, bertsogintzan, bertso eskolen lanean, baratze, goldatze lan horretan dabilzanentzat, gaztetxuentzat beste ilusino bat berpizteko nire txapela gustora itxiko dot dagoan lekuan. Hendaiako Ikastolako umea naz, eta badakizu ataka larrian jarri dauela estaduak, maila politikoan zuzenak diran jarrerak erakutsi arren, gero ikusten da euskerea hilten ixteko prest dagoala. Horri guztiari bueltea emon eta egunero lanean dabilen eta euskaldun biziteko Hendaian eta Iparraldean lanean dabilzanei laguntzeko balio badau, txapelaren energia guztia hortxe isurtzen dot.


2.- Iparraldeko bertso eskolak aitatu zenduzan agurrean eta Sustraik Seaska eta Iparraldeko ikastolak. Hur-hurretik zelan dago egoerea egun?

Ez dot alarmistea izan nahi, baina hizkuntzearen egoerea larria da. Itxaropenari ez deutsadaz lehio danak itxi gura, baina errealidadeari begirik ez deutsat itxi nahi eta errealidadea hemen da euskerea landara xumea dala eta landarea zapaltzeko arriskua dagoala. Iparraldean, leku batzuetan euskerearen berreskurapena hazia da ikastolen lan izugarriaren bidez, baina kosta egiten dan lana da; beste zonalde batzuetan, barriz, transmisinoan galtzen dagoan hizkuntzea da euskerea, eta ikusten dodana da Iparraldean badoan belaunaldiak darabilen euskerea, kalidadez eta kantidadez eta datozen belaunaldi gaztetxuek dakarren euskerearen artean sekulako amildegia dagoala. Katea eten egin da eta horren kontzientzia hartu behar dau euskaldunak, arduran dagoan jenteak, ardura politikoa baita hizkuntza bat galtzen ixtea. Alor politiko instituzional horretan gogor egin behar da arduradunek larritasun horren kontzientzia hartu eta neurriko erabagiak hartu deiezan. Horrezaz ganera, euskaldunon eguneroko bizitzan besteek hartzen ez dituen ardurak hartu eta eguneroko erabilerearen arazoagaz topo egiten dogu; erabileran euskaldunok askoz koherenteagoa izan behar dogula uste dot, euskerea kalean hilten ez ixteko. Euskaldunak egin behar dau egiten dauena baino gehiago.


3.- Txapelaren zama sinbolikoa kolektiboa dala esan izan dozu, eta kanpotik begiratuta, arraro egiten jaku hori txapelketan lehia dagoalako eta danak zoazielako txapelaren bila, ala ez?

Danok gustora hartzen dogu txapela, ez dago dudarik, baina txapelaren bila-bila, berbearen zentzu hutsean ez dot inor ikusten, bakarren bat akaso, neu behintzat ez naz norabide horretan sentiduten; badagoz bestelako bilaketak geure barruan, bertsoak berak nahikoa motibetan, berotzen nau eta emozinoaren eta sentimendu trasmisino horren bila ibilteak berotzen nau. Bidean ibili eta azaltzen bada gustora hartzen da, baina txapela uste dot kantuan gabilzanak, nahiz eta ilusino eta poz berezia emoten dauen, erlatibizazino hori egiten dogula. Maialenen eskolan ikasi dot hori, zer dan garrantzitsua eta zer ez dan, txapela baino gauza garrantzitsuagoak badagozala eta alde horretatik, domekako saioan eguerdirako egin neikeana eginda gustora sentidu nintzan eta arratsaldean gailurrera helduko ete nintzan edo hirugarren kanpalekuan geratuko nintzan ez nekian, baina ordura arte egindakoagaz oso gustora nengoan.


4.- Oso oker ez bagagoz, 2001eko Txapelketa Nagusiko finalean sartzeko oso gitxi falta izan jatzun eta hamabi urte geroago txapela irabazi dozu. Jakiten al dau batek noiz dagoan txapela irabazteko preparauta?

Erantzun gatxa. Beste kantulagun guztiak be hor dozuz, eta txapela irabazteko prestauta ez dakit inor berez holan sentiduko dan, ganera bertsoa nahikoa jolas estua eta sorgina da, eta sekula ez dakizu bertsotan jatortzun momentu eta gai eta gorputzaldi horren aurrean barrutik zelan aterako jatzun. Esperientziak eta eskarmentuak be eukiko dau zeresana, baina batzuetan ustez gustora zabilzanean ilunaldia etorten jatzu, eta beste batzuetan, ustez gorputzaldi eskasagaz zoazenean, barriz, argi egiten dozu. Orduan, bertsolariak badaki noiz dagoan lan apur bat eginda eta burua argituta, baina gero prest azalduko ete jakon gorputza halako egunetan, hori nahiko misterio da guretzako be. Txapela irabazteko prestauta ez naz sekula sentidu, eta badakit ondoan ze bertsolari dagoan ikusita, nahiz eta neuk txapela irabazteko moduko saioa egin arren, beste batzuk be hori eta gehiago egiteko kapaz dirala eta, beraz, ni neu, saio horren bila ibilten naz.


5.- Hasi eta amaitu final bikaina egin zenduan arren, Zortziko nagusian, Sustrai Colinagaz batera, bi alkoholiko ohiren papelean egin zenduan akaso txapela irabazteko pausurik sendoena?

Bueno. Lehenengo pausua izan zan behintzat. Hor oso gustora ibili nintzan eta gero etorri ziran beste batzuetan be bai eta neureetan aukeratzen hasita ez dakit zuk dinozuna pausurik sendoena izan ete zan, baina ondo hastea, egunari, hasiera ona emotea beti da ona, konfiantzea, patxadea hartzen dozu, ze holan subertetan ez danean, leitekeana da zeure buruagaz burrukan hastea. Lehenengo ariketatik, Sustraigaz ganera, gustora hasi nintzan eta handik bueltan egunerako bidea argitu eustan, egia esan.


6.- Finalean zazpi ordu izaten dira, eta horrenbeste denpora tenple onean egotea ez da erraza. Patxada handikoa emoten dozun arren, barru-barruan zer sentiduten dozun jakin guran, zelan kontroletan dozuz tentsinoari eutsi beharra, ondo egindakoa edo huts egindakoaren osteko urduritasunak...

Buruak askotan norbera engainetan dau, eta batzuetan hobe da ondo eginda ibili beti, baina hurrengo saiora ateratzeko ondo egin osteko baretasun psikologiko hori ez da hobea, disgustora geratu osteko momentua baino. Final honetan, gorputzez eta sekula baino lasaiago heldu nintzan ensaiora eta egin beharrekoak eginda nituala sentidu neban. Hori holan izanda be, inoiz baino luzeago egin jatan finala; aurreko beste hitzordu batzuetan, barriz, ez dot holakorik sentidu. Aurten, zazpi ordu horreetan, goizean behintzat aurkitu neban burua energia mental dezenteagaz, baina finala maratoi psikologikoa da eta maratoian esaten daben 30. kilometro hori arratsaldean hasi eta lau, bosgarren orduan ginoiazala, hankak astunago sentidu nituan, kosta egiten jatala buruan berben bila nahi neban zorroztasunez ibilten, eta maratoi psikologiko horretan gogorra egin jatan, amaierea urrun ikusi neban. Gero, buruz burukora izentetan zaituenean indarbarritu egiten zara, tensinoaren in crescendo bat dago eta horrek berak apur bat altzetan zaitu, euforia puntu horrek lagundu eustan.


7.- Azken aldion bertsolariaren zein bertsozalearen gaztetasuna nabarmentzen dira. Finaliston edadea ikustea besterik ez dago: Beñat Gaztelumendi, 26 urtegaz gazteena eta Unai Iturriaga, barriz, zaharrena 39gaz. Zuk zeuk be 30 baino ez daukazuz...

Bai. Finalean beti izaten da aldaketatxu bat edo beste eta normalean, gazteago batek kentzen deutso zaharragoren bati lekua, eta aurten holan izan da. Bertsolaritzearen zaharbarritze hori beharrezkoa da; norberari be tokauko jako besteren batek bultza egin eta jaustea, eta penea emoten dauen arren, sakon-sakonean horixe da gauzarik ederrena bertsoarentzat.


8.- Amuriza eta Lopategiren ostean, bizkaitarrik ez dogu izan gailurrean eta hurrengo txapelketa nagusian Unai Iturriaga ez da egongo eta Igor Elortzak be dudak dituala iragarri dau. Erreleborik ikusten dozu, Amets?

Txapela irabazteko nahikoa talentu erakutsi dabe durangar biek, eta ez finaletan bakarrik, urte askoan baita plazetan be. Unaik bere jenio berezi horregaz eta Igorrek dauen dotorezia eta elegantzia bardin bako horregaz, nik uste gatxa izango dala horreen bion lekua betetea. Holako uztak, biak herri batekoak, ez da erraza izango holako bi agertzea. Baina Bizkaian badagoz bertsolari fin askoak, Bizkaiko txapelduna Arkaitz Estiballes be hor dago, Arkaitzek erakutsi dau zenbat balio dauen, eta gero gazteagoetan eta, nesketan, nahiz eta aurten txapelketan suberterik euki ez daben arren, Jone Uria eta Miren Amuriza nabarmenduko neukez.

Unai ezagututa, gatxa izango da hartu dauen erabagia aldatzeko konbentziduten, baina gustora egingo neuke ahalegintxua ia beste luzapen bat emoten deuskun kantulagunoi...; Igorren kasuan, azaldutako duda horreek segidutearen alde etortea espero dot.


9.- Bizkaiagaz zeozelako loturea dozu, neskalaguna bizkaitarra dozu eta oraintsu Markina-Xemeingo saio baten bizkaieraz kantau zenduan...

Hori zeuok esan beharko dozue nik botatakoa bizkaierea izan zan ala bizkaierearen berba batzuk sartu eta bestelako pastel bat egiten nenbilen... Baina egia da, badaukat loturatxua Bizkaiagaz eta bizkaiereagaz; sekula ez da jakiten bizitzeak zelako bideetara eroaten zaituan. Jatorriz Gipuzkoakoa daukat familia, baina neu Lapurdin eta Iparraldean hazia eta eskolatua naz, Iparraldekoa sentiduten naz barru-barrutik eta gero, barriz, Bizkaia aldera eroan nau bizitzeak, eta gusto handiz ibilten naz hortik; bizkaierea egunero entzuten dodan hizkuntzea da, eta apurka-apurka bagoaz probintzia guztiak josten.


10.- Andoni Egañak lau txapelketa nagusi jarraian irabazi ostean, Maialen Lujanbio nagusitu jakon 2009an eta lau urte barru zeuk kendu deutsazu Maialeni. Aurrera begira txapela jasoten alternantzia izango ete da?

Hori sekula ez da jakiten eta auskalo nondik joango diran gauzak, baina nik uste dot bertsolaritzeak bizi izan dauela garai bat, destronau ezinezko dinastia, hain zuzen eta hori arte handiz Maialenek destronau eban orain lau urte. Aurten, aldaketea gertatu da, baina nik uste dot lehengo txapeldun bakarraren figurearen garai hareek, ez dakit, amaitu dirala esango neuke, eta txapel aldakorren garaian sartu gaitekezala; hori polita izan daiteke bertsolaritzearentzat, baina, hori holan izanda bere, ez txapela defendidu beharra sentiduten dodalako, baina zalantzarik ez egin, bertsotan egin nahi horrek asko motibauko nauela espero dot, ze bertsotan badago oraindino zer ikasia, non sakondua eta ni saiatuko naz ahalik eta ahotsik finenaz eta bertsorik onenakaz azaltzen plazara. Baina ze emoitza izango dodan, ez nau horrek gehiegi kezkatuko, egiten dodan horregaz lehengoan baizen gustora geratzen banaz eta ahal bada, hobetoxeago, baina jakinda beste batzuk hobeto egin leikiela.


11.- Bertsolaritzearen eta, akaso, finalaren oihartzun mediatikoak ze gogoeta eragiten deutsu?

Zenbakiei larregi erreparau barik, geure beharrean gabilz sinistuta egiten dogun horretan, baina zenbakiek arrazoia emoten deutsuenean, poz handia hartzen dozu eta horrek erakusten dau badagoala zeozer jenteak sinistuten dauena, jentea berotzen dauena, eta nik uste dot testuinguru zabalagoan ulertu behar dala hori, izan be, badago bertsozaletasun trinkoaren Euskal Herritxu bat, baina hori baino zabalago badago euskalzaletasun, euskerearen bizinahi bat, herri baten amesa.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu