Xabi Camarero: 'guztiaren ganetik ilusinoa eta itxaropena behar doguz'

Koldo Isusi Zuazo 2013-12-07 12:02   Barriketan
Urtz taldeko abeslaria

Urtz taldea 1988an sortu zan, orain 25 urte. Ekaitzaren garrasia (1992), Hautsa astinduz (1994), Hain urrun (1996), Lur gazian ametsak ereinez (1998), Aingeru (2001) eta Azken Eguna (2003) diskoak plazaratu ostean, taldeak agur esan eutson ordura arteko ibilbideari eta hamar urte geroago, barriro hasierako ilusino eta baikortasunagaz datoz bueltan. Urtz taldeak Astiro izeneko diskoa argitaratu dau oraintsu eta Xabi Camarero (ahotsa eta gitarra), Asier Arozena (gitarra eta ahotsak), Bittor G. Argüelles (baxua eta ahotsak) eta Josu Ariztegi (bateria eta ahotsak) prest dagoz zuzenekoakaz hasteko. Durangoko Azokearen inguruan, Plateruenan, Kauta taldeagaz batera, abenduaren 7an emongo daben kontzertua baino egun batzuk lehentxuago atrapau dogu taldeko abeslaria.


1.- Noiz eta zergaitik erabagi dozue 10 urte geroago taldea abiarazotea?

Pentsau barik sortu zan. Erabagia orain hile batzuk hartu genduan eta aparteko arrazoirik barik, bizitzak alkartu gaitu hasiera-hasierako partaideak. Orain 25 urte sortu zan taldea eta 10 urte dira taldeari agur esan geuntsanetik baina orain laurak alkartzeko aukerea izan dogu eta nahikoa arrazoi da hori barriro martxan hasteko. Bategite horretan sekulako gauzak biztu ziran barriro, oroitzapenak, lagunen arteko istorioak, emozinoak, giro ederra sortu zan lokalean. Barriro ensaioetara itzultzea pentsau genduan eta ezelako intentzino barik disko bat grabetako aukerea sortu jakun. Lagunmin batek beti esaten euskun disko bat grabau behar genduala, zeozer egin behar genduala eta ez geuntsan jaramon larregi egiten. Gaur arte. Oso pozik gagoz eta zuzenekoakaz hasteko gogotsu.


2.- Di-da etorri da diskoa, baina oso oker ez bagagoz lana aurreratuta izan dozue...

Bueno. Hile gitxi izan dira dana abiarazoteko, baina bai bakotxak altxor modukoak euki doguz etxean, musikak eta berbak, argia ikusi bako lanak eta holan errazagoa izan da; lokalean danon artean landu doguz eta entzuleek kantu barrietan be Urtzen esentzia atzemongo dabela uste dot.


3.- Zeuon erabagia, nahita hartutakoa izan dan arren, gogorra egin jatzue itzulerea? Zelako sentsazinoak bizi izan dozuez?

Itzulerea oso polita izan da, barriro lagun zaharrak alkartu garelako. Arlo musikalean, pentsau arren kantuak nahikoa ahaztuta edo egongo zirala, ezustea hartu dogu, bitxia izan da ze eskuek eta atzamarrek musika tresnakaz eta baekien bidea, nondik nora mobidu behar ziran. Edozelan be, gitxieneko lanketea egin behar izan dogu ensaioetan eta horreetan, giro politean, sano gustora ibili gara azken hileotan. Ordu asko sartu doguz, baina oso pozik gagoz egindako ahaleginakaz eta lortutako emoitzeagaz.


4.- Urtz desbardina ikusi eta entzungo dogu taula ganean?

Taldekideok helduagoak gara, kar, kar, kar... Denporeak aldatzen ditu fisikoak be eta bakotxak bere moduan eroan dau, baina orain Urtzen lana beste ikuspegi bategaz baloretan dogu; sasoi haretan oso esperientzia ederrak bizi izan genduzan eta gaur egun aukera honegaz beste ikuspegi bat daukagu, beste balore batzuk topau doguz, konturatu gara ze inportantea dan taldeko lana egitea, gure arteko hartu-emonak. Disko barrian, bai musikan eta bai berbetan be pentsetan dot mezu interesgarriak dagozala eta oraingoz ez dakigu jentearen gustokoa izango dan gure lana ala ez, baina gu pozik gagoz egindakoaz eta normalean, gustora egiten diranean gauzak, errazagoa izaten da horregaz konektetan dauen bat topetea. Lana bihotzetik egitea da giltza, hori da orain arte ikasi doguna eta disko barri honegaz bardin jokatu dogu; hauxe da barrutik atara jakuna, ezelako mugarik barik. Diskoa eta gure jarrerea baikorra
da oso.


5.- Azken lau urteotan isilik egon dan Kauta taldeagaz batera joko dozue Durangoko Plateruenan. Bueltan datozen talde bi alkarregaz oholtzan. Kontzertu berezia izango da zuontzako?

Duda barik. Ikusmina sortu da eta, baina ez dakigu jenteak zelan erantzungo dauen. Gazteenek ezagutu be ez gaitue egingo... Baina gogo handiz gagoz jenteagaz alkartzeko eta gure proposamen barria zabaltzeko. Bitxia bada be, guk taldearen jarduna bertan behera itxi genduanean, ez dakit ondo, baina hortxe bueltan hasi ziran Kautakoak eta, jakina, ez gara alkarregaz egon taula ganean eta, beraz, esperientzia polita izango da seguru.


6. Makinatxu bat kontzertu emon izan dozuez, baina nerbioak zelan dagoz etapa barriari ekin aurretik?

Kar, kar, kar... Oraingoz ondo gagoz. Ahalik eta lasaien hartzen saiatuko gara, eta dana oso azkar etorri jakun arren, Astiro diskoaren izenburuagaz eta horrek dakarren jarrereagaz bat egiten dogu, gauzak patxadaz hartu behar diralako. Baina egia da: ez orain, lehen be kontzertu baten aurrean edo bizitzako momentu berezi baten aurrean, beti izaten dozu urduritasun puntu bat. Hori ona da loak ez hartzeko.


7.- Zuzenekoetarako zerrendak osotzeko zuon abesti zahar kuttunenak eskatu deutsazuez zuon zaleei, kontzertuetan entzun gura leukiezan doinuak. Hartu dozue sorpresarik?

Urtzen klasikoak agertu dira asko, Hautsa Astinduz, Kaixo, Bizitzarekin dantzan, Iragana hil baino lehen... Baladak, abesti lasaiak eskatu deuskuez. Baina espero ez genduzan batzuk be badira, baita kontzertuetan joten ez genduzanak be, berbarako, Bai al ez; ahaztuta geunkan eta hori be eskatu deuskue. Polita da, ze konturatzen zara jenteak gogoratzen dituala gure kantuak eta euren bizitzako momentu zehatzetan gure kantuak esanguratsuak izan zirala. Danok daukagu gure bizitzako soinu-bandea edo dana dalakoa, eta hor gure kantuak agertzea benetan ederra da.


8.- Durangoko kontzertuaren ondoren, non joko dozue?

Oraingoz hiru kontzertu daukaguz berbatuta: urtarrilaren 17an, Donostiako Doka kafe antzokian; urtarrilaren 30ean, Bilboko Kafe Antzokian; eta zezeilaren 15ean, barriz, Atarrabiako Totem aretoan.


9.- Astiro diskoaren aurrerapena, Astiro izeneko kantua sano kutsakorra da. Zuon betiko estiloari eutsiz ereserki erako doinuak dakarzuez disko barrian be?

Diskoan danetariko kantuak dagoz, gusto desbardinetarako aproposak eta, akaso, desbardinetako bat Astiro kantua izan daiteke, diskoetxeak promozinorako aukeratutako lehenengo singlea. Baina badira guretzako oso kantu kuttunak, bereziak diranak. Musika estilo zehatz batean sartzeko ez dira, ze euren artean oso desbardinak dira diskoko 10 kantuak. Balada bat dago, abesti indartsuak be bai eta oro har, musikea eta berbak oso lotuta doazela esango neuke.


10. Kantuetan agiri diran mezuei jagokenez, zer nabarmenduko zeunke?

Urtzek beti itxi dau interpretazinoa jentearen, entzulearen esku. Edozelan be, Astiro kantuan egunotan darabilgun zoramena, erritmo bizia aitatzen dogu, internet, eskuko telefonoak, albisteen zaparradea, hara eta hona arikenetan gabilzala danok geure burua non dagoan jakin barik. Galderea planteetan dogu, hau da, ez ete dogun etenalditxua egin beharko inguruan zer dagoan ikusteko, zer dagoan sentiduteko.

Ganerako kantuak bizitzari buruzkoak dira, momentu ilunak, argiagoak... Baina Urtzen betiko ideia nagusia izan da eta egungo egoera ilun honetan be bardin, momentu eta egoera guztien ganetik azkenean itxaropen eta ilusino puntua behar dogula, egoerarik triste eta baltzenetan be argia ikusi daitekelakoan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu