Xabi Aburruzaga: 'Trikitixearen esentziari eutsiz, etnikoaren bidetik joan gara'

Koldo Isusi Zuazo 2013-11-25 11:15   Barriketan
Trikitilaria

Portugaleteko trikitilariak egunotan aurkeztu dau bere hirugarren diskoa Geure izenburukoa, sano landutakoa eta kolaborazinoakaz jantzia. Lau urte joan dira Denboraren naufrago plazaratu ebanetik eta ia-ia 7 urte Bizkaiko trikitixa lehenengo diskoak argia ikusi ebanetik. Soinu propioaren bila, eten barik, beharrean ibili da eta Geure ei da portugaletetarraren diskorik onena, eleganteena, Xabik berak adierazo dauenez. Betiko trikiari eutsiz disko etnikoa da Geure. Azken lan hau argitaratzeko DNDiskak zigilua sortu dau Xabi Aburruzagak.


1.- Nahikoa denpora hartu dozu Geure diskoa mimo handiz lantzeko. Zelakoa izan da prozesua?

Bai, lehenengo kantua idatzi nebanetik kantu hori grabau arte urte bi eta erdi pasau dira. Tarte luzea da kanpotik ikusita baina prozesu horretan asko disfrutetan dot. Lehenengo ideia batzuekaz hasi nintzan bueltaka, estilo eta soinu zehatz baten bila eta hortik aurrera etorri dira kantuak, moldaketak eta abar Jose Urrejolagaz batera. Grabazinoa, barriz, joandako martian eta apirilean, Mikel F. Krutzagaren zuzendaritzapean egin genduan Andoaingo Garate estudioetan eta azken grabazinoak, nahasketak eta masterizazinoa, barriz, Amezketako Musikarten. Saio luzeak baina sano emonkorrak izan ziran eta emoitzeagaz oso gustora nago, disko elegantea geratu jaku.


2.- Folk edo World music horretan kokatuta, Geure izenburuko disko barriak Xabi Aburruzaga estiloa edo markea dakar. Trikitixearen tradizinotik jazz zein zeltiar errimoen eta World music horren buztarketara egin dozu salto. Hau da bihar-etzirako nahi dozuna, disko hau mugarritzat hartzen dozu?

Eboluzionetan segiduten dot. Bizkaiko trikitixa lehenengo diskoan tradizinotik abiatu ginan, gero Denboraren naufrago izenekoan, konposizinoak neureak ziran, jazzagaz jolasean, fusinoa, haize freskoa proponidu genduan eta orain, barriz, hirugarren disko hau aurreko bien buztarketea dala esango neuke; trikitiaren eta panderoaren esentziari eutsi deutsagu, oso presente dagoz diskoan baina estiloen fusinoak eta ganerako musika tresnen presentzia esanguratsua da. Tinbre etnikoak dituen musika tresnak sartu doguz ugari eta egia da folk kutsua hartu dauela diskoak, World music horretan sartzen da eta entzulearentzat erraza dala entzuteko pentsetan dot.

Diskoa mugarria izango ete dan, lar esatea izan daiteke baina emoitzeagaz oso gustora geratu naz, salto handia dakar maila personalean eta musikalean eta bildur apur bat be badaukat orain emondako maileari eustea edo hortik gora jotea oso gatxa izango dalako.


3.- Neure-tik Geure-ra egin zenduan diskoaren izenburua aukeratzeko orduan, besteak beste, kolaboratzaileen ekarpenak ugari eta mamitsuak diralako. Alde teknikoan, Jose Urrejola eta Mikel F. Krutzaga nabarmenduko neukez...

Bai, Neure izenburua neukan hasieran pentsauta, etxean entzun eta ikasitako neure berba berezia, neure laztantxue, seme bati edo asko maite dozun persona bati esatekoa baina izenburua Trikitixa Alkarteak zabaldu eta gaztelaniazko prentsan Mio agertu zanean, ikaratu egin nintzan, gaztelaniaz esangura posesiboa daukalako eta sano konplikatua begitandu jatan azalpen horreek guztiak emoten ibili behar izatea. Beraz, nire ondoan izan dodazan guztiei eskerrak emoteko eta euren lana baloretako Geure izen aproposagoa zala erabagi neban.

Ganerakoan, nire zuzeneko musikariak, Xabi Zeberio, Igor Telletxea, Aitor Antruejo, Mikel F. Krutzaga eta Eloy Urrejola ahaztu barik, kolaborazinoak ugari izan dira bai musika zein ahots atalean eta bai berben arloan be. Eta Jose Urrejola eta Mikel F. Krutzagaren ganean zer esango deutsut, zutabe dira niretzako. Lehenengo ideiakaz beharrean hasi nintzanean, kantuei formea emoten, melodiak sortzen eta moldaketak egiten Jose Urrejolaren etxera makinatxu bat ostera egin nituan. Konpositore handia da, musikeagazko sen berezikoa. Behin moldaketak prest egozanean, Mikel F. Krutzagarengana jo neban; teknikari eta produktore bikaina da eta beragaz hasi ginan bidea, Geure-ren kolorea adosten; trikitixearen esentziari eutsiz, moldaketa freskoakaz, etnikoaren bidetik joatea erabagi genduan. Mikelen zuzendaritzapean, taldeagaz ensaioak egiten hasi ginan eta aurrerago be grabazino prozesuan be bera izan da gidari.


4.- Haize sekzinoa obsesinoa izan da beti zuretzako eta Javier Perez (Tronpeta), Abraham de Roman (Saxoa) eta Baptiste Thecherregaz (Tronboia) lortu dozu. Ze ekarpen egiten deutsie diskoari?

Oso handia. Gura genduan tinbrea emon deutsie diskoari, danak musikari handiak dira, hemen Euskal Herrian, Musikenen ikasitakoak. Egia da betiko amesa izan dodala holako haize sekzino bat. Atara kontuak, 1998an, Elai Alai Portugaleteko jantza taldearen 25. urteurreneko ekitaldietara La Boutine Souriante taldea ekarri eben eta eurekaz egon eta joteko aukerea izan neban; zurtz eginda geratu nintzan taldearen haize sekzinoagaz eta ordutik nire amesa izan da holako bat nire lanetan eukitea. Sasoi haretan ez nintzan profesionala, urrun ikusten bena aukera hori baina azkenean hirugarren diskoan lortu dot, Jose Urrejolagaz batera egindako moldaketea eta sano pozik nago. Ez da erraza holako musika tresnak kokatzea kantuan, eta horretarako maisu handi bat izan dot alboan, Jose Urrejola, hain zuzen be.


5.- Juyma Estevez kontrabaxu galiziarrak, barriz, jazz ikutua emon deutso diskoari. Jazz puntu hori apropos emon gura izan deutsazu?

Jazza asko gustetan jat baina ez deutsagu jazz ukuturik emon gura izan diskoari. Egia da Juyma jazz mundutik datorrela eta jakina, kontrabaxua beti lotzen da musika estilo horregaz. Dana dala, nik uste dot kontrabaxua trikitixeagaz, bibolinagaz edo mandolineagaz oso ondo buztartzen dala. Hori oso argia izan genduan hasieratik. Aurreko diskoan kantu bakarrean sartu neban baina orain argi euki dot kantu gehiagotan gura nebala, batez be, tinbreagaitik ez irudiagaitik. Jazzekoa baino ukutu folkya gure genduan eta Juymak lan handia egin dau.


6.- Kolaboratzaileen zerrendea luzea da baina Gorka Fernandez (Alboka) eta Irkus Ansotegi (Panderoa)...

Lagunak dodaz, koadrillakoak. Irkus beti egon da nire disko guztietan eta herriz herri be ibilita gagoz bazterrak alaitzen. Orain, ostera, beste bizimodu bat dauka, beharra dauka baina noizean behin alkartzen gara eta Irkusi eta GorkaRI diskoan parte hartzeko proposamena egin neutsanean, brometan ete nebilen esan eustien baina gustora etorri ziran gero. Profesionalen moduan, lehenengo toman azartau eben-genduan eta harro nago eurekaz, lagunak izateaz aparte musikari onak diralako.

Ganerakoan, The Uski's taldekoak be lagunak dodaz eta kasu honetan ahotsen kolorea da diskora ekarri gura izan dodana. Laura Latienda abeslariak Galder Buruaga lobeari eskainitako Soinu gorria kantuan egin dauena be ederra izan da, zelako tesitura eta zelako kariñoagaz abesten dauen. Era berean, zoragarria da Zigor Sagarnaren ahotsa Kirmen Uribek idatzitako 36ko gabonetan kantuan; ahots grabea dauka eta gustora geratu naz emoten deutson kolore folkyagaz.


7.- Kirmen Uribek eta Unai Elorriagak kantu bana eta Iñaki Aurrekoetxeak bat idatzi deutsuez Geure honetarako. Gaien proposamena zeuk egin deutsezu? Zer kontetan da kantuotan?

Kirmeni eta Unairi doinuak bialdu neutsiezan eta eurek testua idatzi eben. Letrakaz ez nazenez ondo konpontzen, profesionalakana joten dot beti eta nire disko guztietan egon dan Iñaki Aurrekoetxeak kantu bi idatzi ditu Geure honetan. Aurreko diskoan testu batzuk idatzi eustazan Kirmen Uribek be 36ko gabonetan kantua egin deust eta barrikuntzea, Unai Elorriagaren Erlojua ito kantuko berbak izango litzatekez.

Kirmenen kasuan, aurretik testu bat baeukan 36ko gerra zibilean girotuta, bi bandotako gazteek berba egin eta su etena antolatu eben eta irakurri nebanean hunkitu egin ninduan. Oso istorio ederra da, Kirmenek bere buruari galdetzen deutso ia zertan egongo ziran ados, ez ete eben burrukan segiduteko biharamunean... egoera hori gaur egunera ekarri dau eta dinotsudan lez, istorio oso polita begitantzen jat.

Unairi be doinua bialdu neutson eta istorio ironikoa baina baikorra behar nebala esan neutson. Bigarrenean bete-betean asmau eban eta hor dago Erlojua ito kantua.

Iñakiren kasuan, laguna da eta sarritan batzen gara; eztabaida luzeak izaten doguz gaiak aukeratzeko orduan eta niretzako Iñaki zutabe oso inportantea da. Letra bat irakurten dodanean beti eskatzen deutsat eretxia eta baietza emoten deustanean lasaitu egiten naz.


8.- Ganerakoak instrumentalak dira, danak zeureak bat kenduta, Jose Urrejolaren Nyckelharpa, hain zuzen...

Jose Urrejolaren Nyckelharpa doinuak zeozelako etena dakar diskoan, igarri egiten da berana dala. Nahiz eta trikitixa presente egon Joseren konposizinoak beste kolore bat dauka eta diskoari on egiten deutso. Diskoaren erdian sartu dogu, seigarren kantua da eta etena lakoa igarten da, haize fresko bat.


9.- Diskoa zuzenean aurkezteko kontzerturik badaukazu berbatuta?

Orain diskoa prentsaurrean, hedabideetan eta aurkezten gabilz, Donostiako FNAC dendan doinu batzuk jo doguz akustikoan eta aurrerago, abenduaren 5ean, Durangoko Azokan, Ahotsenean, arratsaldeko 20:00retan eta abenduaren 13an eta 14an, Kantabriako Los Corrales de Buelnan joko dogu. Urtarrilean, gure asmoa da Bilbon eta Donostian taldea osoagaz eta konbidadu guztiekaz edo ahal dan gehienakaz aurkezpen potoloak egitea. Galiziara joateko esperantzea be badago eta Palestinara be badaukat beste bidaia bat.


10.- Egunotan MIE, Musika Industriaren Elkarteko kideek euskal musikagintzearen industria hilzorian, desagertzeko arriskuan dagoala salatu dabe. Zuk, badaezpada, DNDiskak zigilua sortu barri dozu...

Bueno, egoerea baltz dago, hori ukaezina da. Nik neure urtenbidea topau dot DNDiskak zigiluagaz, holan diskoa atara ahal izateko. Egia da beste aukera batzuk be izan dodazala baina nire gitxieneko baldintzak ez zituen beteten eta, beraz, neure diskoetxe txikia sortzea erabagi neban, batez be, sinisten dodalako egiten dodan lanean. Bihar-etziko nire proiektuak kaleratzeko zigilua da DNDiskak baina, ezustekorik ezean, beste talde batzuei be aukerea emotea da nire asmoa, urteetan ikasitakoa beste batzuei laguntzeko erabiltea.

Musikagintzearena saltsa handia da, managerrak, diskoetxea, jente asko dago inguruan eta ez dago lar ondo zehaztuta zein dan bakotxaren betebeharra, badakigu pastelaren zati bat eroaten dabela. Jakin, negoziazinoan sartzen zarenean horreek danak kontuan hartu behar dira eta, beraz, aurreko diskoakaz ze mobimentu egon da ikusirik, neregan hartu dot diskoaren produkzino eta kostu osoa; managementerako Syntoramakoak kontratau dodaz eta babes handia sentidu dot. Aurrerantzena itxaropentsu nago egoerea baltza izan arren. Baina holako egoeratan, ideia bat edo proiektu bat eskuartean daukazunean, aurrera egitea da bidea eta datorrena datorrela.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu