Euskaltzaleen Topaguneak 'Zergatik ez?' motibazino tailerraren eskaintzea zabaldu dau bigarrenez

Bizkaie! 2013-10-29 16:30   Euskerea berbagai

Oinarrian, saioek euskereagazko jarrera baikorrak sustatu eta hizkuntzearen errealidadearen eta etorkizunaren ikuspegi baikor bat azaleratzea dabe helburu.

Euskaltzaleen Topaguneak bigarrenez zabaldu dau Zergatik ez? euskerearen erabilera sozialaren inguruan hausnartzeko tailerren eskaintzea. Tailer horreetan, inguruan doguzan hizkuntzakazko hartu-emonez hausnartu eta euskereari garrantzia handiagoa emoteko gakoak lantzen dira.

Saioak bi ordu eta erdi irauten dau. Hizkuntzen inguruko datu orokorrak, eta mitoak apurtzeko gakoak eskaintzeaz gan, norberaren hizkuntza jarreraz, eta dakarzan ondorioez hausnartzeko tartea be izaten da denpora horretan. Oinarrian, saioek euskereagazko jarrera baikorrak sustatu eta hizkuntzearen errealidadearen eta etorkizunaren ikuspegi baikor bat azaleratzea dabe helburu.

Besteak beste, euskerea gozoki bat dala defendiduten da tailerrean, eta gozetako konbita luzatu. Hartzaile potentzialak euskeraz jakin bai, baina erabileran zer hobetua daben euskaldunak dira. Adituek dinoenez, euskaldun guztiok lehen berbea beti euskeraz egin ezkero, bikoiztu egingo litzateke euskerearen presentzia kalean.

Zergatik ez? tailerra Euskaltzaleen Topaguneak sortu dau, Kataluniako Tallers Per La Llenguaren materialean oinarrituta, eta 2012an sinatutako hitzarmen bati esker, 11 euskera alkartetako lagunak trebatu ditu Euskal Herri osoan emon ahal izateko. Hamaika euskera alkarteak ondokoak dira: AED eta Txatxilipurdi (Arrasate), Bagera (Donostia), Berbaro (Durango), Bizarra Lepoan (Getxo), Elgoibarko izarra (Elgoibar), Jardun (Bergara), Karrikaluze (Atarrabia), Loramendi (Eskoriatza), Pil-pilean (Soraluze) eta Zuhatza (Deba).

Saio horreen gainean informazino gehiago jaso nahi dabenek zergatikez.org webgunera jo leikie. Gainera, informazinoa jaso ondoren, galdera erraz batzuei erantzun eta zozketa batean parte hartzeko aukerea eskaintzen dau webguneak.

Informazino gehiago behar izan ezkero, arrate@topagunea.org helbidera idatzi edo 673.428.464 telefono zenbakira deitu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu