Euskerea geldi-geldika aurrera egiten doa Ezkerraldean, Meatzaldean eta Enkarterrin

Bizkaie! 2013-10-14 14:23   Euskerea berbagai

Herritarren eta instituzinoen borondateari eta ahaleginari esker, euskerea orduan galdutako eremua berreskuratzen dago. Bizibarritze hori hizkuntzearen beraren biziraupena bermatzen ari da; hain zuzen be, horixe da mintegi honen antolatzaileek espero dabena, hau da, etorkizunerako jokerea horixe izatea.

Sabino Arana Fundazioak eta Bideko Argia kultur alkartearen ekinbidez jardunaldi bat izan zan pasa dan astean, batetik, gogoetea egiteko euskereak erabil esparruetan (gizarte-bizitza, administrazinoa, aisia etab.) bizi dauen egoeraz, eta, bestetik, haren garapena eta aurrera egiten segidu daian abiatu beharreko ekimenak aztertzeko.

Santurtziko Torretxe jauregian hogeita hamar bat persona batu ziran, adituak eta Ezkerraldean, Meatzaldean eta Enkarterrin euskerearen eta euskal kulturearen garapenaren eta etorkizunaren alde lan egiten daben alkarteetako eta erakundeetako ordezkari zenbait, eskualde horretan guztian hizkuntza normalizetan joan daiten egiten diran ahaleginak eta euskerea indartzeko beharko litatzekezan programak aztertzeko.

Gai horren inguruko kontuak aztertzen jardun ebenak: Gotzon Lobera, Herri Administrazinoetan Hizkuntzea Normalizetako zuzendaria (Eusko Jaurlaritza); Olatz Altuna, Soziolinguistika Klusterreko kidea; Jon Aizpurua, Plangintza eta Azterlanetako zerbitzu-burua; eta Patxi Alberdi, Bizkaiko Foru Aldundiko Hizkuntza Gizarteratzeko Ataleko burua.

Horrenbestez, bada, Jon Aizpuruak zenbait datu emon zituan Erroldako datuetan oinarrituta, euskereak Ezkerraldean izan dauen bilakaerearen barri emoteko; Olatz Altunak eskainitako berbaldiaren ardatza izan da, Euskerearen kaleko erabilerea Ezkerraldean; Patxi Alberdik Bizkaiko Foru Aldundiak euskerea Ezkerraldean sustatzeko dituan lehentasunezko jardun-esparruak hartu zituan berbagai; eta Gotzon Loberak Bilakaeraz, oraingo egoeraz eta Herri Administrazinoak Ezkerraldean etorkizunerako dituan erronkez gaia jorratu eban.

Datuotan oinarrituz, euskerea Ezkerraldean bizibarritze-prozesu garrantzitsu bat biziten dago, hamarkadatan zehar alderantzizkoa bizi izan dauen arren. Izan be, Jose Antonio Uriarte aita frantziskotar eta euskalkien ikertzaileak 1864an egindako azterlan batek jakin eragin eban ezen, Ezkerraldeko biztanlerik gehienak euskeraz berba egiten ebela eta gaztelania gazte gitxi batzuek baino ez ebela erabilten komunikazinorako. Gero, euskerearen kontrako erasoek eta debekuek haren atzerakadea areagotu eben.

Orain, herritarren eta instituzinoen borondateari eta ahaleginari esker, euskerea orduan galdutako eremua berreskuratzen dago. Bizibarritze hori hizkuntzearen beraren biziraupena bermatzen ari da; hain zuzen be, horixe da mintegi honen antolatzaileek espero dabena, hau da, etorkizunerako jokerea horixe izatea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu