Ruper Ordorika: 'Besteen kantuetan sartzea ikasbide handia da'

Koldo Isusi Zuazo 2013-10-07 12:02   Barriketan

Musikaria

2011an argitaratutako Hodeien azpian diskoaren ondoren, urriaren 4an plazaratu dau Azukre koxkorrak diskoa kantari oñatiarrak. Oraingo honetan, sasoi bateko talde eta kantari aukeratu batzuen omenez edo, bere estiloaren eremura ekarri ditu hareen kantu adierazgarri zenbait. Diskoan, besteak beste, Mikel Laboa, Xabier Lete eta Etxahun Iruriren kantuek lekua dabe, beste hainbat talderen kantuen bersinoakaz batera: Delirium Tremens, Balerdi Balerdi, Koska, Hertzainak, Errobi, Itoiz, Oskorri, Kortatu… Belaunaldi bateko soinu-banda ederra.

Hona hemen diskora batutako kantuen zerrendea: Sigarrillos Amariyos. Hertzainak, 1984; Ezekielen Prophezia. Itoiz, 1980; Sarri sarri. Kortatu, 1985. Garraztasuna. Koska, 1976; Txakurren partia. Txomin Artola, 1975; Kanpo. Errobi, 1975; Emazurtz. Oskorri, Gabriel Arestiren oroimenez, 1976; Izarren hautsa. Xabier Lete, 1976; Nahia. Delirium Tremens, 1989; Etxahun Iruriren Ama Euskadi. Jean Mixel Bedaxagar, 1983; Non duzu zauria? Balerdi balerdi, 1994; eta Gure bazterrak. Mikel Laboa, 1974.


1.- Hogeita hamar urtetik gorako ibilbidean, 20 disko argitaratu eta ehundaka kontzertu emon ostean, 70. hamarkadearen amaieran eta 80koan ospetsu izan ziran kantuen bersinoakaz osotutako diskoa argitaratu dozu. Zergaitik bersinoak? Aukeraketarako erispideak zeintzuk izan dira?

Musikari ibiltearen ondorioz egin dot disko hau. Ez dot nire burua interpretetzat hartzen, beti neuk atondutako kantuak edo kantu zaharrak landu izan dodaz baina sekula ez dot holakorik egin eta berez etorri zan. Orain dala urte bi edo Mikel Laboari omenaldi disko bat egin jakon, Txinaurriak izenekoa eta horretarako grabau neban Gure bazterrak; horixe izan da gerora etorri dan disko honen oinarria.

Aukeraketeari jagokonez, diskora batutako guztiak garrantzitsuak dira niretzako baina gehiago be badagoz sartu ez dodazanak. Ez dot antologia bat egin gura izan eta diskoko 12 kantuak zeozelan markau neban kantuak dira. Beraz, badira niretzako kantari handiak diranak eta diskoan sartu ez dodazanak, berbarako Benito, Antton Valverde, Niko Etxart, Gari, Fermin Muguruza, Juan Carlos Perez, Mixel Ducau edota Anje Duhalde baina zorionez oraindino kantuan dabilz; erispidea izan da ni musikari hasi nintzaneko denporetan aurrean ikusten nituan kantariak eta euren mundua ekartea. Abeslarien euren begietatik ikusi eta errespetu soagaz neure eran emon.


2.- Diskora batu dozuzan 12 kantuetatik zeinek bete zaitu gehien edo zeinegaz identifiketan zara gehien?

Ez dakit, arrazoi oso desbardinak dagoz, baina oso gatxa da hori esaten, bat bakarra aukeratzen. Mutiko denporetan ikasitako kantua da Koskarena; Gabriel Aresti Bilbon ezagutu nebaneko sasoia gogoratzeko Oskorriren Emazurtz sartu dot; oso hurreko egoerea eta giroa islatzen ditualako Hertzainak taldearen Sigarrillos Amariyos aukeratu dot; pentsaizu Itoizen, Kortatu zein Hertzainak taldeen telenero izan naz urteetan, danak ezagutzen dodaz eta berez etorri dira kantuok.

Emoitzeagaz pozik nago, urtebete eta erdiko tartea hartu dot grabazinorako eta uste dot igarten dala gustora, mimo handiz egindako lana dala.


3.- Gure bazterrak Mikel Laboak 1974an, Bat-hiru lanean sartu eban kantua da Azukre koxkorrak disko barrian agiri dan kantu zaharrena eta Balerdi Balerdi taldearen Non duzu zauria, barriz, barriena, 94koa. Sano kantu desbardinak...

Bai. Eta beste asko be tartean, berbarako, Etxahun Iruri eta Delirium Tremensen artean be alde handia dago. Mundu horretan hazitakoa naz, mutikotako jokerea beti izan da anglofiloa baina nire garaiko musikea, euskeraz egiten zana hurretik ezagutzen dot eta beti burrukatu naz ideia baten kontra, euskal musikearen ideia homogeneoaren kontra, badakizu lehen disko dendetan eta ipinten zan musikea ze sarritan euskaldunok indartzen dogun ideia da izan, askotan hartu izan dalako euskal musikea estilo bat lez eta nik uste dot euskal musikearen barruan estilo asko eta asko dagozala eta zuk aitatu bi horreek dira horren erakusgarri, hau da, ez neban gura euskal musikearen antologia bat egin, hurretik ezagutu dodan kantu batzuen neure aldaerea baino.


4.- Sigarrillos Amariyos, Hertzainakena, Txakurren partia, Txomin Artolarena, Emazurtz, Oskorrirena edota Nahia, Delirium Tremensena sartu dozuz diskoan. Beharbada ez dira aitatu taldeen kanturik adierazgarrienak. Zergaitik aukeratu dozuz horreek?

Azukre koxkorrak izena be horrexegaitik jarri deutsat diskoari, neure kantu kuttunak diralako, nire sasoiko pasadizoak eta gogorarazoten deustiezalako. Diskoa gozatzeko eta gogora etorri jatazan kantuei zeozelan gorazarre egiteko osotu dot. Kantuetan zehaztasuna maite dot eta, esangura horretan, Sigarrillos Amariyos garai zehatz bateko kantu handi bat da, nik hurretik ezagutu neban kaleko giroa dakarrena; Nahia kantua be bardin antzean, Delirium Tremens taldea beti gustau jat asko, Andoni abeslariaren ahotsa eta hartu-emon onak izan dodaz eurekaz; eta ez taldeagaz bakarrik, inguru guztiagaz baino, Mutriku, Itoiz, Matxitxa... gure sasoiko mundua.

Testuinguruan ikusita, kantuok oro har oso bakanak dira, militantziari emoniko mundua islatzen dabenak, Euskal Herriaren aldarrikapen guztiaren barruan, oso kantu personalak dira, gogoan gordeta daukadazanak.

Diskoa osotzeko orduan, nire jarrerea izan da kantugilearen aldean jarri eta bere begietatik ikustea eta ez kantua beste muturrera eroan eta zeozer desbardina egitea.


5.- Ze musikari izan dozu alboan diskoaren grabazinoan?

Nire ohiko taldea, azken 5-6 urtetan alkarregaz gabilz eta dira Arkaitz Miner, biolina eta mandolinagaz; Hasier Oleaga bateria; eta Lutxo Neira baxua. Horixe izan da oinarria kantu gehienetan. Dana dala, 2-3 kantutan daukagu konbidatu lez, nire azken diskoetan ibili dan New Yorkeko gitarrista handia Ben Monder.

Zuzeneko teknikaria Jonan Ordorika anaia izan da eta Azkarate estudioan egin dogu dana, urtebete eta erdiko tartea hartuta, gure artean soseguz.


6.- Diskoa zuzenean defendidutea da orain asmoa?

Ehhh... ez da galdera samurra. Oraindino ez dogu gakoa atrapau, ez dogu zehaztu gure ibilbidean zelan sartu zuzenekoen kontu hori. Kontzertu batzuk badaukaguz berbatuta eta disko barri honetako kantu batzuk sartuko doguz tartean baina ez dot uste kontzerturik egingo dogunik Azukre koxkorrak diskoko kantuak aurkezteko.


7.- 1980an argitaratu zenduan Hautsi da anphora eta ordutik 21. diskoa da Azukre koxkorrak. Zure ibilbidean izan doduzan duda eta etenak eta Londres eta New Yorkeko egonaldiak gogoan hartuta, zein puntutan zagoz orain?

Bueno, ez dakit, gatxa izaten da puntua kokatzea baina oraindino lan asko egin behar dodala sentiduten dot, asko daukadala ikasteko. Esangura horretan, disko honek emon deust aukerea horretarako ze nire gauzak egiten egon naz ohituta beti eta besteen kantuetan sartzea ikasbide handia da. Nonbait eukiko neban hau egiteko gogoa, ez dakit zergaitik etorri dan orain baina ni betiko martxan nabil nire gauzak ontzen beste baterako... Nire sentimendua da gero eta barrurago nabilela, gero eta gehiago ezagutzen dodala neure langintza hau eta danori pasetan jakun moduan zenbat eta gehiago jakin are gehiago konturatzen zara ikasteko daukazunagaz. Hau nire pasinoa da eta horrek asko balio dau.


8.- Bizente Martinez eta Joseba Tapiagaz batera Hirutruku proiektua abiarazo eta 3 disko atara zenduezan, Nafarroako kantu zaharrak eta mendebaldeko kantak batuz. Jarraipena izango al dau Hirutrukuk?

Ez dot uste. Baina ez dago jakiterik, besterik ez zala izango esan genduan Bizkaiko kantuak batu eta argitaratu ostean eta 10 urte geroago Nafarroako kantuekaz atara genduan beste disko bat. Dana dala, bakotxak bere ibilbidea dauka eta ez dot uste bueltauko garenik. Hori bai, niretzako lan polita izan zan ha, aspaldi barru-barruan neukan asmoa gauzatzea ze kantu zaharrakazko daukadan jokeran beste pausu bat izan zan. Asko ikasi neban eta gozau be bai.


9.- Henry Bengoa Inventarium disko-liburua atara zenduan 88an eta makinatxu bat saio eskaini zenduezan Bernardo Atxaga, Jose Mari Iturralde eta Nando eta Alberto de la Casagaz batera... Lan horren ganean zer jatortzu burura?

Gehienbat gogoan daukadana diziplina desbardina izan zala; gero eta gehiago azpimarratzen dot testuaren indarra eta Bernardoren testuak aparteko indarra eukan. Gure orduko eztabaidetan asko aitatzen zan literaturea beharko litzatekela izan esateko, ez bakarrik papelean idazteko, eta gu danok belaunaldiz izan gara eskolatu bakoak, Ikastolarik eta ez egoan sasoikoak gara eta niretzako oso esperientzia ederra izan zan ikustea zelan Institutoetara joan eta 15-16 urteko jenteak zelan ez eukan ezelako zailtasunik euskerea ulertzeko. Esperientzia ederra izan zan.


10.- Bernardo Atxaga eta Joseba Sarrionaindiaren berbak erabili izan dozuz sarri zure kantuetan. Buruan ba al daukazu prioikturik, bersinoak ez diran kantuekaz osotzeko diskorik?

Bueno, orain diskoaren promozinoagaz nabil buru-belarri baina badakit zelako zurrunbiloan bizi dan mundua eta neure kantuakaz segiduten dot betiko moduan eta laster barriro helduko deutsat neure langintzeari. Orain zuzenekoak be badaukaguz eta horreei be heldu beharko deutsegu. Urriaren amaieran hasi, Baionan (25ean), Iturenen (31n) eta hurrengo zuzenekoak zemendian eta abenduan izango dira: zemendiaren 24an, Donostiako Victoria Eugenian; 29an, Durangoko Plateruena kafe antzokian; abenduaren 14an, Bilboko Kafe Antzokian; eta, 27an, Gasteizko Jimmy Jazzen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu