Berbalagun, etorkinentzako euskera eskolak eta euskerea ikasteko diru-laguntzinoak aurkeztu ditu Bermeoko Udalak

Bizkaie! 2013-09-19 17:32   Euskerea berbagai

Maite Alvarez Bermeoko Euskara Saileko buruak adierazo dauenez, hiru ekimen horreen helburua da herrian euskerearen erabilerea bultzatzea, danok euskeraz bizi ahal izateko.

Bermeoko Udaleko Euskara Sailak aurten be abiarazoko ditu Berbalagun euskerea erabilteko egitasmoa, gurasoentzat eta etorkinentzat euskera eskolak eta euskerea ikasteko diru-laguntzinoak. Maite Alvarez Bermeoko Euskara Saileko buruak adierazo dauenez, hiru ekimen horreen helburua da herrian euskerearen erabilerea bultzatzea, danok euskeraz bizi ahal izateko. Alvarezek prentsaurrekoan aurkeztu ditu egitasmoak, Ianire Layuno eta Marimar Hernandez Berbalaguneko dinamizatzaileakaz eta AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegietako ordezkariakaz batera.

Berbalagun egitasmoaren hamargarren edizioa izango dala nabarmendu dau Alvarezek, eta urtez urte aberastuz doan eta parte-hartzaileen aldetik harrera oso ona daukan egitasmoa dala azpimarratu dau. Berbalagun egitasmoaren bitartez, euskeraz berba egin nahi dauen edozein persona, astean behin lagunakaz alkartzen da eta, gustuko ekintzak eginez, euskeraz berba egiten dau.

Berbalagunen parte hartu nahi daben persona guztiek Bermeoko AEK (609 462 018) eta Gotzon Garitaonaindia (688 651 491) euskaltegietara, Hizkuntza Eskola Ofizialera (94 618 7091) edo Bermeoko Udaleko Euskera Sailera (94 617 9122) deitu leikie. Parte-hartzea doban da.


Guraso eta etorkinak

Urtero legez, Bermeoko Udaleko Euskera Sailak, herriko euskaltegiakaz batera, gurasoei eta etorkinei zuzendutako euskera ikastaroak antolatu ditu. Gurasoek transmisinoan daben zeregina garrantzitsua dala azpimarratu dau; Zenbat eta hobeto jakin euskeraz, seme-alabei transmitiduko deutsen hizkuntzea aberatsagoa izango da eta etxean eta hurreko inguruan ikasitako hizkuntzan oinarri sendoagoak izango ditue seme-alabek, azaldu dau.

Iratxe Garmendia AEK-ko arduradunaren esanetan, gurasoentzat ikastaro mueta bi egongo dira; euskeraz ez dakitenentzat, alde batetik, eta, berbetan jakin arren, alfabetau gura dabenentzat bestetik. Ikastaroak 120 orduko iraupenekoak dira eta 20 euroko prezioa izango dabe.

Beste ikastaroa, beste herrialde batzuetatik etorri diran personentzat antolatzen da, berton biziteko euskerea ikastea lagungarria dalako. Euskerea jakiteak hartu-emonak erraztu eta aukerak eta bideak zabaltzen ditu, esan dau Alvarezek. Ianire Layuno Gotzon Garitonaindia euskaltegiko ordezkariak esan dau urrian hasiko dala ikastaro hau eta 120 ordukoa izango dala. Bere prezioa 10 euro izango da, gehi materiala.

Ikastaro horreetan izena emoteko epea irailaren 17tik urriaren 15era izango da, Berhaz bulegoan. Eskolak AEK eta Gotzon Garitonaindia euskaltegietan izango dira, taldeek erabagitzen daben ordutegian.

Azkenik, Maite Alvarezek euskerea ikasteko diru-laguntzinoen barri be emon dau, irailean matrikulea egin ostean eskatu behar diranak. Udalak emoten dituan diru-laguntzinoen bitartez, herritarren euskalduntzea eta alfabetatzea bultzatu eta indartu nahi da, nabarmendu dau. Euskera ikasleek ordaintzen daben matrikulearen erdiagaz laguntzen dau Udalak, azaldu dau Alvarezek. Horretarako, honako baldintzak bete behar dira: Bermeon erroldatua egotea, 16 urtetik gorakoa izatea, eskoletara joatea eta bertaratzea egiaztatzea. Aurreko ikasturteko diru-laguntzinoak abenduan banatuko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu