Josu Ximun: 'musikea pintura abstraktoagaz konparauko neuke'

Koldo Isusi Zuazo 2013-07-05 15:25   Barriketan
Belako taldekoa

Josu Ximun Billelabeitia da Mungian jatorria dauen taldeko kide zaharrena eta 21 urte baino ez ditu. Josu, Cris, Lander eta Lore dira Belako. Orain pare bat urte hasi ziran lehenengo kontzertuak emoten eta gaur arteko tartean, kritika onak eta sariak be jaso ditue, besteak beste, Euskadi Gaztea maketa Lehiaketea. 80ko hamarkadako pop-rock erritmoak jorratzen ditue, eragin garaikideak eta elektronikea baztertu barik. 2011ko abuztuan grabau eben lehenengo maketea Inuit Block, eta bigarrena 2012ko zezeilean, Winter. Aurten atara dabe estudioko lehenengo diskoa Eurie.


1.- Izan dozue astirik orain arte pasau jatzuen guztiaren digestinoa egiteko ala oraindino zurrunbiloan urten ezinik jarraitzen dozue?

Hondinokarren urte bi be ez dira pasau hasi ginanetik. Hiru kantu baino ez genduzan jo lehenengo kontzertuan, lagunak etorri jakuzan ikusten baina gure musikea gustetan ez jakenak ziran eta hortik atara kontuak. Urte bi pasau dira eta ez dakit zein momentutan gagozan; berbarako, Gipuzkoa aldean oso harrera ona egin deuskue, Zestoan ume piloa hurreratu jakuzan geugaz argazkiak atarateko eta Donostiako kontzertua be gogoan daukat, jentea sartu ezinik geratu zan eta esango neuke bidea urratu eta zeozer egin dogula baina ez dogu euki hausnarketarako denporarik, dana etorri jaku golpera eta ez gara lotu oraindino. Cris eta biok Belgikan egon gara Erasmusegaz eta hor egon da apur bat taldea geldi baina bueltan diskoa atara eta zurrunbiloan ez dago etenik, gero eta gehiagora doa...


2.- Belako abiatu aurretik Lore arrebeagaz batera emon zenduzan lehenengo pausuak musikan. Prozesu laburra egin dozue lehenengo diiskoaren grabazinoa bitartean...

Bai. Taldea orain urte bi hasi zala dinogu ze zerotik hasi eta hor batu ginan Lore, Cris, bateria bat eta neu. Hile batzuk lehenago, barriz, Lore koiu neban, 15 urte edo izango zituan eta nerabezaro sasoi betean, aitari eta bioi Lorerentzat afizino bat topetea otu jakun, musikea. Polito etorri jako ze burua zentrau egin dau eta orain ezin da hori barik bizi. Gero ezagutu genduan Cris eta orain artekoa di-da etorri jaku. Hasieran Aitor Abiok, PLTko teklisteak lagundu euskun asko, materiala itxi, kantatan parte hartu eta berak animau gintuan maketea grabetako, maketa bi daukaguz etxean grabauta. Eurie diskoa be hor dago eta honezkero kantu barri batzuk be badaukaguz.


3.- Aitaren inplikazinoa edo eragina zerenbestekoa da taldean?

Eragin handia. Musikaria ez da baina arte eder ikasketak egin eta musika zale handia da. Aitak bultzatu gaitu beti musika mundura. Unibersidadera joan eta inguruko lagunakaz hartu-emonak ez galtzeko, talde bat osotzeko esaten eustan beti. Musika eskolatara bialtzen gintuan baina talde bat sortzeko zeozelako oinarria izateko, akaso, horixe da aitaren bete bako amesa, talde bat sortzea, talde bat sortu ezkero, betiko izango dozulako inoan berak.


4.- Aitor Abio eta Gaua Records be nabarmendu beharko geunkez...

Bai. Erraza izan zan. Guk ensaietan dogun lekuan, Belakon, Abiok eta beste bazkide bik enpresa bat zabaldu eben, Gaua Records eta lagunak izanda, kontratu diskografikoa eurekaz sinatu genduan. Eurak izan doguz gidari, managementa izan ezik, beste guztia eurek eroaten deuskue eta pozik gagoz.


5.- Ba al daukazu gogoan Belako taldeak zenbat kontzertu emon dituan? Zein izan da orain arteko kontzertu bereziena? Ze kontzertu daukazuez uda honetan?

Piloa izan dira baina datu zehatzik ezin deutsut emon, ez dakidalako. Baina kontuan hartu Euskadi Gaztearen Maketa Lehiaketako finala, berbarako, zortzigarren edo bederatzigarren kontzertua izan zala; Lander Zalakain bateriaren lehenengo kontzertua izan zan hori geugaz. Hortik aurrera bata bestearen atzean etorri dira, bagilean 8 kontzertu emon doguz.

Kontzertu bereziena zein izan dan be ez da erraza. Bat baino gehiago, segurutik. Emon genduan lehenengoa, herriko taberna batean emondakoa, horreek bereziak dira, jakina baina Bilboko Kafe Antzokian emon genduan bigarren kontzertua gogoan daukat, diskoaren aurkezpena izan zan eta bete egin zan. Oso ondo jo genduan, gustora geratu ginan.

Bestetik, FNAC talentu izentau gaituenez, Euskal Herritik kanpo joteko aukerea be izango dogu udan. Bilbo, Donostia, Madril, Bartzelona, Oviedo eta Zaragozako FNAC dendatan joko dogu eta horrezaz gan, aitatu uri horreetan beste kontzertu bana berbatu doguz honezkero.

Donostiako Jazzaldian be joko dogu Zurriolan Elvis Costellogaz batera eta Asturiaseko Tunel Arnau Festibalean be izango gara. Irailean Kutxa Kultur Festibalean be egongo gara.


6.- RNE3-eko Disco Grande lehiaketan hirugarren postua, Euskadi Gaztea Maketa Lehiaketea... Sariok aldaketea eragingo eben taldean....

Bai. Irratian lehenengoz RNE3 horretan agertu ginan eta bitxia izan da ze guk azkenengo momentura arte ez dogu jakin ezer. Maketa lehiaketa antzeko zeozer izan da. Kontua da ze gure irakasle batek, guk ezer jakin barik, gure lehenengo maketea bialdu eutsola Julio Ruizi, Disco Grandeko arduradunari; gustau egin jakon eta gure kantua zabaltzen hasi zan. 2011ko zemendia zan. Abendurako, barriz, hirugarren ginan entzuleen botoei esker.

Gazteako Maketa Lehiaketea irabaztea be ederra izan da eta gurean ezagunagoak egiteko balio izan euskun.

Duda barik, sari eta errekonozimenduokaz erantzukizun handia sentidu dogu, aurrera egiten lagundu deuskue; lan gehiago eta serioago lan egiteko presinoa igarri dogu baina horri esker pausuak emoten goazela uste dot, talde lez hazten. Sariok jaso aurretik, kontzertuetara ensaiau barik be joan izan gara, espiritu punky hori izan dogu baina orain, esaterako, BBK Liven jo genduanean, jente asko etorriko zala jakinda, kontzertuak ondo preparau behar dira.


7.- Post-punk iluna, pop-rock, elektronikea... Zelakoa da Belakoren musikea? Ze eragin daukazue?

Aitatu dozuzan horreek guztiek balio dabe Belakoren musikea definiduteko, estilo asko lantzen doguz, pop indie elektronikotik grungera, rock garajerora ibili gara, orain elektrora bueltau gara eta gustora gabilz nahasketa horretan.


8.- Taldeko gitarristea zaitugu baina teklatuak be joten dozuz; egia esan, Lorek berak be gitarrea, baxua eta teklatuak joten ditu eta Eurie diskoan taldekide danan ahotsak entzun daitekez. Kontzertuetan be musika tresnak trukatzen dozuez...

Taldearen berezitasuna da hori. Hasieran, nik gitarrea, Lorek teklatuak, Crisek bajua eta abestu eta Landerrek bateria, horrexek ziran taldekideon ardurak. Gero denporeagaz, esperimentuak egiten hasten zara eta gustora ibili gara holan. Beste bolada batzuk be izan doguz, espezializazinoaren alde eta abar baina ez deutsagu gustoa hartzen horri; ipurtarinak gara eta oraingoz ondo konpontzen gara.


9.- Letra eta konposizino gehienen ardurea zeurea da. Zer kontetan dau Belakok bere kantuetan? Kontaiguzu zelakoa dan kantua bat sortzeko prozesua...

Berba kontuan be nahikoa zabal jokatzen dogu. Nireak badira batzuk, diskoan erdiak edo baina, berbarako, Beautiful world, orain Euri diskoan Southern sea kantua dana nire lehengusu Pablok idatzi eban. Mundu hipotetikoa, etorkizuna dauka ardatz; kantu apokaliptikoa da eta estribilloan dino hegoaldeko itsasoetara iges egin behar dogula...

Crisek be idazten ditu berbak, batez be anekdota edo jazoeretan oinarritutakoak baina muturrera eroanda.

Ganerako kantuetan, emakumea, egoera politikoa, eguneko gaiak baina agiri-agirian barik, metaforakaz edo landuta dagoz.

Kantuak sorzteko prozesuari jagokonez, mormalean musikea lantzen dogu lehenengo; batzuetan baxuagaz hasten gara eta horregaitik esaten deuskue Joy Division eta post punkaren eragin handia daukagula; beste batzuetan, teklatuakaz hasten gara eta esan deutsudan lez, berbak akaburako ixten doguz.


10.- Kantu gehienak ingelesez sortzen dozuez. Zergaitik?

Etxean entzundako disko gehienak inglesez dira baina arrazoi nagusia da musikea daukagunean hasten garela berbak sartzen, kanta-marmarrean hasten gara eta inglesez urtetean deusku beti; inglesez oso erraz egiten jaku ze berba asko silaba bakarrekoak dira eta estrofatan eta kokatzeko oso erraza da, gura dozuna egin zeinke. Euskeraz be azentuagaz jokatzen dogu, berbak kantuetan sartzeko.

Taldeak konpromisoa dauka disko bakotxean % 20 edo euskereaz izateko eta horri eusten deutsagu; diskoan bi agiri dira baina zuzenekoetan hiruzpalau kantetan doguz.


11.- Arte Eder ikasketak egiten zagoz. Zein arlotan? Deustuko zubian, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultadeko ikasleen hirugarren interbentzinoa Kea izenekoa dago ikusgai eta zeu zara egilea. Alkarren osogarri edo aberasgarri izan daitekez musikea eta arte plastikoak?

Ikasketak amaitu barri dodaz ikus-entzunezkoen arloan. Ane Rodriguez eta biok egin dogu interbentzino hori eta galdereari erantzunez, biak sormen lanak izanda, alkarren osogarri eta aberasgarri dirala esango neuke. Arteak dauka ikuspuntu bat musikeak ez daukana, musikea esperientzia bat da, gehiago da gozetako eta artea sentiduteko zein hausnarketarako, lengoaia zabalagoa da; musikea pintura abstraktoagaz konparauko neuke baina artea sano da zabala eta gehiago da.


12.- Eurie diskoa ezagutarazoten, kontzertu partidea emoten zabilze baina aurrera begira ze esperantza daukazue? Zelan buztartzen dira musikea eta ikasketak? Ikasketok edo bestelako zereginok zelan eragin leikie ibilbide musikala?

Buztarketea ez da erraza. Azken aldion astegoienak zoratzeko modukoak dira, askotan barikuan joan eta domekara arte ez gara etxera bueltetan eta gogorra da hori. Astean zehar bakotxak bere zereginak daukaz eta ahalegintzen gara danetara heltzen, ensaioak arratsaldez izaten dira eta ikasketak eta normalean goizez. Ahal dan moduan gabilz oraingoz eta gero gerokoak. Benetako estutasunak subertetan jakuzanean, orduan jesarri eta balorau beharko dogu dana. Musikeagaz jarraitzea da gure asmoa eta hortik zeozer atara ahal bada hobeto. Badakigu mundu gogorra, sano gatxa dala musikariona baina gora adi geratzea ez da bidea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu