Imanol Garaizabal: 'Barritasuna eta ikusgarritasuna topau nahian gabilz urtero'

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-04-08 11:21   Barriketan
Break On Stage jaialdiko zuzendaria

Makina bat diziplinatako artistak batuko dira apirilaren 20an Bilbao Arenan, Break on Stage jaialdiaren hamabigarren edizinoan. Street dance, break dance, mapping 3D, akrobaziak bizikletakaz, graffitia... eta beste hainbat arlotako emonaldiak eskainiko ditue bertoko zein kanpoko artistek. Kaleko kulturen sorkuntza ikusgarrienak eta barritzaileenak izango dira aurten be Break on Stage ekimenean.


1.- Breakdance, street dance, mapping 3D, BMX, light dance... Aurten be aniztasun handia topauko dogu Break on Stage jaialdian.

Kaleko kulturen aniztasunaren bila gabilz urtero, diziplina desbardinak batzen. Urtero diziplina horreek ikertu eta proposamen barriak ekarten ahalegintzen gara. Barritasuna eta ikusgarritasuna topau nahian gabilz beti.


2.- Zein izango da ba saiorik ikusgarriena Miribillan?

Ba, esaterako, Bartzelonako Brodas taldearen BR2 ikuskizuna. Jantza robotikoa edo popping dalakoa sinkronizetan dabe jantzi berezi batzukaz. Teknologia barriekaz, musikeagaz, bideoagaz eta euren jantziek daukiezan argiekaz jarduten dabe. Sinkronismoa eta teknologia barriak kaleko jantzeari aplikauta, nahikoa futuristea da euren proposamena.

Badago beste artista bat, Vento, Cyr Wheel izeneko ikuskizuna eskainiko dau. Ventok akrobaziak egiten ditu uztai bategaz, ikusgarria da, gauza barria. Eta aurten be BMX saioa egongo da, hau da, akrobaziak bizikleteagaz, musikearen erritmoan. Hori be ikusteko modukoa da.


3.- Break on Stagen erakustaldiak eta lehiaketea izango dira, ezta?

Bost minutuko show-ak egingo dira, 20 inguru. Horreen artean dagoz lehiaketan parte hartuko dabenak be. Ordu biko ikuskizuna izango da. Lehiaketearen zentzuak urterik urte pisua galdu dau, show-en erakustaldiei garrantzi handiagoa emoten jako.


4.- Euskal Herriko eta kanpoko taldeak etorriko dira, aspaldi gainditu zituan mugak jaialdiak.

Kanpoko talde interesgarriak datoz Break on Stagera. Jantza arloan, esaterako, Marseilako Duo Phorm bikotea etorriko da, ikuskizun barria estreinauko dabe. De Klan erromatar taldeak be show berezia dakar, break dance atalean. Stockholmeko Niki Tsappos be Bilbon izango da, hip-hop txapelketa garrantzitsuena irabazi eban lehenengo emakumea da. Eta jaialdi amaieran CPV El Club de los Poetas Violentos talde ospetsuak kontzertua emongo dau


5.- Nora begira egoten zarie barritasunen bila?

Kale kultureari kontu estetiko bat emoten deutsagu, eta batez be Europara begira ibilten gara. Balio eszenikoa daben proposamenek atentzinoa emoten deuskue, bai zirkuitu eszenikoan dabilzanak bai kalean dagozanak, euren balio estetikoagaitik edo ikusgarritasunagaitik jaialdian sartzeko modukoak diranak. Kalera begira gagoz, zirkuitu eszenikora eta nazinoarteko jaialdietara bere bai.


6.- Hamabi urte Break on Stage abiatu zenduenetik, gaur egun publiko orokorrak ezagutzen ete ditu kaleko kulturak?

Publikoa gero eta zabalagoa dala ikusten dogu, jente gaztea eta nagusia hurreratzen da jaialdira. Eta askok ezuste handia hartzen dabe. Jenteak ezagutzen ditu kaleko kulturak baina ez dauka modu honetan hurreratzeko aukerarik, guk modu hori eskaintzen dogu.

Gazteei zuzendutako jaialdia izan daiteke, baina edozein publikorentzat aproposa da. Gazteen zein helduen jakin-mina asetzen dogu. Gazte espezialista batzuk be etorten dira. Publiko finkoa daukagu, eta jakin-minak erakarrita datozen ikusleak bere bai.


7.- Jaialdiaz kanpo, egiten dira inguruan antzeko jarduerak, erakustaldiak edo?

Bai, hainbat jaialdi dagoz, eta jantza talde pilotxua dabil. Zirkuitu bat sortzen dago Euskal Herrian, bada mobimentua Gasteizen, Irunen, Elorrion bertan, Bilbon... Jente gazte asko dago lanean jantza mueta hau lantzen.


8.- Break on Stage baino lehentxuago Akadantz lehiaketea antolatzen dozue, bertoko taldeak sustatzeko...

Bai, Arriolan bertan egiten dogu. Lehiaketea eta topagunea, gauza biak buztartzen dira Akadantz horretan. Aurten talde asko batu dira, 30 bat, Euskal Herrikoak eta ingurukoak.

Akadantzek lotura zuzena dauka Break on Stagegaz, izan be Arriolan izandako hiru-lau taldek aukerea izaten dabe Bilbao Arenan jantzan egiteko. Fusion´s Noise (Bilbo), Legion Urbana (Zarautz) eta Team Rockers (Iruñea) taldeek, Akadantzen egindako erakustaldi bikainakaitik, Break on Stageko eszenatokian ikusiko doguz.


9.- Ba ete dago Euskal Herriko egiteko modu berezi bat, ezaugarri bereziren bat?

Jantzeari jagokonez, ez dakit, ez neuke bereiziko. Musikearen erabilpenean talde askok bertoko musikearen erreferentziak egiten ditue, baina jantzan ez neuke bereiziko hemen egiten dana eta kanpokoa. Nik ez dot berezitasunik ikusten behintzat.


10.- Igaz 4.000 lagun batu ziran, aurten ze asmo daukazue?

Eusteagaz pozik gagoz gu. Hori da bilatzen doguna, ez gehiago. Ez daukagu asmo oso komerzialik.


11.- Baina Elorrion hasierea nahikoa apalagoa izan zan...

Orain hamabi urte egin genduan lehenengo Break on Stage Elorrioko Arriola antzokian, eta gaur egun be Arriolak kudeatzen dau jaialdia. 400 lagunen aurrean hasi ginan. Lehenengo urtean geratu jakun txiki Arriola, bigarrenetik aurrera hara eta hona ibili ginan, eta Bilbon amaitu genduan.

Bilbao Arenan egiten da orain. Jaialdia haziz joan da, gure indarra kalidadea eskaintzera bideratzen dogu, eta ikusleek eskertzen dabe. Akaso ez doguz talde oso ezagunak ekarten, baina kalidade handiko proposamenak dakarrez. Break on Stagek bere publikoa dauka, kalidade horrek jentearen konfiantzea emon deusku. Talde batzuk ezagunak dira, beste batzuk, ez. Beti dago ezusterako tartea.

Kezka bat egoalako hasi zan Break on Stage, horrek bultzatu gintuan. Hasieran kalean egin genduan, ondoren aukera eszenikoa ikusi, eta Arriolara salto egin eban egitasmoak. Jentearen erantzun onak indar handia emon deusku.


12.- Kaleko kulturen artean makinatxu bat diziplina dagoz, zerk lotzen ditu, kaleak berak?

Danen ardatza hip-hop kulturea da. Kultura honek baditu bere arloak, jantzea, graffitia eta musikea. Guk hasieratik aintzat hartu genduzan hiru ardatzok. Estetika jakin baten barruan gagoz, aldaera desbardinekaz. Break on Stagen graffiti showa egongo da, teknologia barriekaz lotuta, mapping diziplinaren bitartez. Gaur egun jazoten diran gauzei aterabidea emotea da gure ardura handiena.


13.- Kaleko kulturen munduak abiadura itzela daukala emoten dau, proposamen barri asko sortzen dirala denpora laburrean begitantzen jaku.

Gauza barri asko egiten da, ganera gaur egun momentuan daukagu sortzen dan guztiaren barri. Lehen be antzeko abiaduran sortzen ziran proposamenak, baina ez geunkan horreen barri hain arin. Informazinoa oso bizkor alkartrukatzen dogu orain. Baina horrek ez dau esan nahi orain hogei urte abiadura motelagoan funzionetan ebenik.

Ganera, aspaldiko kontuak ez doguz ahazten Break on Stagen, sustraidun proposamenak gustetan jakuz. Horregaitik ekarri dogu CPV taldea, orain hamabost urte jo eben azkenengoz Bilbon. Hip-hoparen 90eko oinarria da CPV. Old school dalakoari keinu bat egiten ahalegintzen gara urtero.


Break on Stageren egitarau osoa eta taldeen ganeko informazinoa, hemen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu