Jose Ignazio Ansorena: 'Pailazoa batez be matxinoa da'

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-12-28 14:35   Barriketan
Mirri pailazoa

Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek 1972ko martiaren 25ean egin eben lehenengo emonaldia Donostiako Kresala alkartean, orain 40 urte. Herriz herri hainbat urtean ibili ostean, 80ko hamarkadan Euskal Herriko etxe guztietara heldu ziran, ETBko Don Don Kikilikon saioari esker. Orduko zenbat ume ibili ete gara Tortolikan hara eta hona?

Lau hamarkadako ibilbidea laster amaituko dabe Txirri (Xabier Otaegi) dotoreak, Mirri (Jose Ignazio Ansorena) bihurriak eta Txiribiton (Txema Vitoria) on hutsak. Baina badaukie nori itxi sur gorri eta uleordeak. Egunotan agendea bete-beteta daukie Bizkaian, makina bat emonaldi ditue eta, Zallan, Sopelan, Igorren... Tarte baten harrapau dogu Jose Ignazio Ansorena, Mirri.


1.- Euskeraz egiten eben lehenengo pailazoak izan zinien. Zelan otu jatzuen?

Bai, lehenengoak izan ginan, ez egoan besterik. Gu orduan oso gazteak ginan. Ni 16-17 urtegaz hasi nintzan euskeraz ikasten. Koadrilan hasi ginan jentea euskalduntzeko gauzak antolatzen, eta atoan konturatu ginan alkartean, Kresalan, umeentzako ez egoala ezer. Orduan jaialdiak egiten genduzan. Antzerkia, film txiki batzuk, magia, jolasak... danetarik antolatzen genduan jaialdiotan. Hilero, zapatu batean, umeentzako dobako jaia antolatzeko ohiturea hartu genduan.

Hainbat lekutan eskatu, eta lortutako dirutxuagaz egiten genduzan saioak. Jaialdietan txokolatadea egoten zan, zozketak... eta holan umeak euskerearen inguruan lotzen ziran. Gauza desbardinak asmau nahian, euskeraz pailazorik ez egoala konturatu ginan. Oso ausartak eta lotsabakoak ginanez, pentsau eta ekin. Holan izan zan hasierea.


2.- Pailazo euskaldunek harrera ona izan eben, ezta?

Gure gobernurako besterik ez zala izango pentsau genduan, jaialdi horreetarako bakarrik. Gu ikusitakoan beste batzuk animauko zirala uste genduan. Ez ginan oso iaoak ikusten, baina ez zan inor animau eta... Beste leku batzuetatik deika hasi jakuzan, nahi barik, eta pentsau barik, bide horretan sartu ginan.


3.- Donostiarako Kresala alkartetik Euskal Herrira, beraz...

Zabalkundea beste kontu bategaz lortu genduan. Kresalara etorten ziran Aieteko ume batzuk. Normalean, gurasoek umeak han itxi eta joan egiten ziran, baina pailazoak euskeraz egozala ipini genduanean, hainbat aita-ama geratu egin ziran. Aieteko eskolatxura joatea eskatu euskuen saio bat egiten. Han, Pako Etxebeste gure lagunak eta pailazoarena egiten asko lagundu euskunak, beste proposamen bat ekarri eban: Joxe Migel Barandiarani omenaldia egin behar eutsien Ataunen, hiru bat astekoa, eta tartean umeen egun bat egoan, geure burua horretara aurkezteko esan euskun. Barandiaran erdi pailazo izandakoa ei zala, Gasteizko seminarioan irakasle zala umeak entreteniduten zituala holan.

Eta han joan ginan. Egun horretan Euskal Herriko hamaika lekutako jentea egoan, Zuberoatik etorritakoa, Bizkaitik... Harrituta geratu ziran, euskerazko pailazo talde bat! Jentea deika hasi jakun, eta bertan egunean be hainbatek telefonoa eskatu euskuen. Konturatu barik ezagun egin ginan. 13 urtez holan ibili ginan, batetik bestera. Kixki, Mixki eta Kaxkamelon ginan orduan. Saio asko izan ziran, giro oso onean eta Euskal Herri osoa ezagutzen.


4.- Umeen egunak bestelakoak ziran orduan...

Bai, haur egun asko egiten ziran. Baina gauza itsusia izaten ziran, gehienbat gurasoentzat. Tropa bat ume txistulari, 40 ume kalean desfiletan, danak euren txapeltxuagaz. Ia tropa militarraren antzera, txistua joten, nahiko txarto, ganera. Gu geu jantzari eta txistulariak ginanez, askotan pentsau izan genduan hori ez zala umeen jaia, hori gurasoena zala, umeek behar egin behar izaten eben eta. Hortik be etorri zan pailazoen kontua.


5.- Sasoi gatxak subertau jatzuezan, gatazkatsuak. Sindikatu bertikaleko karneta atara behar izan zenduen poliziaren kontrolak pasetako...

Poliziagaz arazoak izaten genduzan leku batetik bestera joateko. Kontrol asko egozan, eta ez ziran gaur egungoak lakoak. Gure lagun min bat kontrol batean hil zan. Danerako behar zan orduan baimena, edozein jaialdi egiteko, eta euskeraz izan ezkero, gehiago. Oso erraza zan ezetz esatea.

Arazorik ez izateko modu bi topau genduzan. Bata, Xabier Gereñoren bitartez lortu genduan. Gereño lagun handia izan zan, euskaltzale sutsua, jatorra eta persona ezinhobea. Harek antolatzen eban urtero jaialdi handi bat Bilboko Santiago Apostolua antzokian. Holako jaialdietan euskal kontu guztiak nahastau egiten ziran; gogoratzen dot, behin Xabier Lete eta Lourdes Iriondok kantau ostean, urten ginala gu...

Gereñori esan geuntson ze arazo geunkazan, guardia zibilak zer egin behar genduan eskatzen euskun, gidoia, eta gurea inprobisazinoa zan zati handi baten. Xabierrek topau euskun konponbidea. Gobernu ziibilean mobiduten ekian, diskoetxea eta argitaletxea eukazan, eta iaioa zan han ibilten. Gidoi bat prestetako eskatu euskun, edozein, eta gaztelaniara itzultzeko. Berak sinatu eban, eta Gobenu zibilean bisatua egin eutsen. Edozein lekutatik deitu ezkero, ha bialtzen genduan.

Polizia etorten zan tarteka gure saioetara. Aquí pone que sacaís unos platos, pero no lo habéis hecho, esaten euskuen, eta guk baietz holan dala, baina apurtu egin jakuzala. Bisatuagaz dana zan askoz errazagoa.


6.- Eta zein zan, ba, bigarren modua?

Bigarrena, batez be, Gipuzkoa inguruan erabilten genduan. Gipuzkoan sindikatu bertikalagaz geunkan arazo gehien. Lagun batzuk esan euskuen karneta ataratea zala onena. Azterketa bat egin behar izan genduan karneta lortzeko. Horregaz ibilten ginan; kontroletan polizia autoa begiratzen hasten zanean karneta ataraten genduan.


7.- Ez sinisteko modukoa gauzak dira horreek, pailazoak kontrolean geratzea...

Ba, halantxe zan. Guk egia esanda ondo pasetan genduan horregaz, dibertidu egiten ginan. Gorabehera asko izan arren, horretara ohitu ginan.


8.- Eta 1984an telebisinotik deitu eutsuen, orduan bihurtu zinien Txirri, Mirri eta Txiribiton.

Lehenago be, Kixki, Mixki eta Kaxkamelon ginala, TVEn saioren bat eginda geunkan. Hor euskaltzale batzuk egozan, Xabier Gereño bera, Xabier Kintana, Joxemari Iriondo... Telenorten euskerazko saioren bat egiteko burrukan ebilzanak. Astean behin ordu erdiko saioa egitea lortu eben, Euskal Herria. Bost minutuko tarte bat egoan, umeentzat, Pinpilinpauxa, eta hantxe urte ginan gu, lau aldiz. Ha izan zan lehenengo saiakerea telebistan.


9.- Gero etorri zan, beraz, ETBkoa. Salto handia izan zan, ezta?

ETB sortu zanean bila etorri jakuzan, eta baietz esan geuntsen. Salto handia izan zan, duda barik. Dana dala, telebista telebistarik ez egoan, ez geunkan platorik, gimnasio bat errentan hartu genduan, eta unidade mobikorragaz grabetan zan.

Profesional oso onak kontratau zituen, pintore, arotz eta txispak oso onak, baina telebistan sekula be lan egin bakoak. Hareek onak ziran, bai, baina oheak edo mahaiak egiteko. Telebisinoko ofizioa han ginan danok alkarregaz ikasi genduan. Adiskide handiak egiteko balio izan euskun, eta telebisinoaren arlo guztiak ikasteko bere bai. Danean sartu behar izan genduan, danean. Ez zan gogorra izan, abentura bat zan, abentura oso polita.


10.- Zerotik hasi zinien danok, beraz.

Apurka-apurka eskarmentua hartzen joan ginan. Honek funzionetan dau, ba aurrera; honek ez, ba bapez. Holan ikasi genduan. Taldea ugaritzen joan zan. Telebistaz ezer ez ekien jentea zan. Subertea izan genduan, jente oso ona topau genduan eta. Andoni Egaña izan zan gure lehenengo gidoigilea, eta gero, Karlos Zabala eta Eneko Olasagasti. Horreek geugaz batera ikasi eben.

Jaime Otamendi be geugaz hasi zan, 18 urte zituala. Gaur egun ospetsu diran euskal aktore askok be geugaz izan eben lehenengo hartu-emona telebisinoagaz, berbarako, Aitzpea Goenagak, Elena Iruretak, Kontxu Odriozolak, Joseba Apaolazak, Joserramon Soroizek, Mikel Garmendia zanak eta Ramon Agirrek.


11.- Lau hamarkadotan gura izan dozuen pailazogintzea egiteko aske izan zarie, ala...

Libertadea ez da erabatekoa, hori danok dakigu. Batzutan larrutik pagau behar izan dogu libertade hori. Euskal Herria dan moduko herria da, telebistan bertan izan doguz arazoak. Urte batzutan zigortuta egon ginala esan daigun. Euskaldunon Egunkaria-ren aldeko jaialdia antolatzearren izan zan; orduan Joseba Arregi zan kultura sailburua, eta bera Egunkaria-ren sorrerearen kontra egoan. Jaialdi handi bat egin genduan, Joxemari Zumalabe lagunak eskatuta, eta arrakasta izugarria izan eban. Horri esker antolatu zan Euskaldunon Egunkaria.

Telebistatik bota egin gintuela esan geinke, berba eginda egoan arren, ez euskuen kontraturik barriztau. Baina libre izan gara nahi genduana egiteko. Libertadeak ondorio batzuk dituala badakigu, eta batzuetan pagau behar izaten da. Zer egingo deutsagu ba!


12.- Aske izatea aberasgarria be izango zan, sorkuntzan, esaterako.

Suberte handia izan dogu, ez dakit konturatuta ala konturatu barik, hasieratik erabagi genduan ez zala gure lanbidea izango. Akaso errealidadeari begiratuta argi egoan ez egoala modurik. Hobby bat izan da, serio hartu doguna, profesional mailan, baina hobbya. Libertade handia emon deusku horrek, beste jente batek ez dauka horrenbesteko suberterik.

Ganera, begitu, pailazoarena egiten hasten zara, eta azkenean urteen eta jarduerearen poderioz pailazo bihurtzen zara. Pailazoa batez be matxino bat da. Pailazoak ez ditu munduaren ohiko baloreak ordezkatzen, arrakasta soziala, esaterako. Samurtasuna, adiskidetasuna gurago ditu; umetxu baten irribarrea nahiago dau poderetsuaren dirua baino. Balore horreek liskar batzuk sortzen ditue gizartean, nahi eta nahi ez. Azkenean barrura sartzen jatzu, gorputzera itsatsi egiten da, eta gogoan bere bai. Eta ezin hortik urten. Pailazo bihurtzen zara azkenean.


13.- Umeak asko aldatu dira 40 urtean, ala zeuok gehiago?

Umeak ume dira beti. Ingurua aldatu da izugarri, eta gurasoak batez be. Gaur egungo umeek inguru oso nahasia daukie, nahas-mahas baten bizi dira, gehiegikerian. Danetarik daukie, dispersinorako aukera gehiegi emoten dau horrek, kostau egiten jake konzentretetea. Gurasoen aldetik inozokeria handia dago; mende askotan batutako jakinduria umeak hezteko orduan bota egin da, eta begitantzen jaku dana asmau behar dala di-da baten. Gauza batzutan oso txarto gabilz. Umeak ia maskoten antzekoak dirala pentsetan dogu, gehiegi babesten dira. Nahiko tontotuta dagoz gaur egungo guraso asko. Kostau egiten da umeekaz harremon naturala izatea.

Badago arazo handi bat nire ustez, umeak ume izateari berehala ixten deutso. Nerabezaroa asko aurreratu da, harrigarria da; gero, barriz, gaur egun krisiak dirala eta, asko luzatzen da sasoi hori.


14.- Ba, nerabezaroa gero eta luzeagoa ei da.

Soziologoak gaia aztertzen dabilz; 30 urtegaz oraindino nerabezaroa bizi dabe makina bat gaztek, parametro psikologikoetan behintzat. Ikaragarria da. Umeei umezaroa arinegi mozten jake, ganera argi daukagunean ume batentzat oparirik handiena umezaro pozgarria izatea dala. Umezaro zoriontsua daukan personeak beti izango dau altxor lez bere nortasunaren oinarrian, eta aukera askoz gehiago daukaz persona orekatua izateko.

Nerabezaroa, ostera, artegatasun eta ezinegon sasoia da. Hori gabilz luzatzen. Gaur egungo mendebaldeko gizartean saltzeko, konsumoa eragiteko, oso interesgarria da nerabezaroa. Baina gizartearentzat benetan dramea da. Ahal dan neurrian burrukan egitea besterik ez dago.

Lehenago 14 urteko neska-mutilak etorten ziran gure saioetara, inongo lotsa barik. Gaur egun ez datoz ezta-ezta... Daborduko ez dira umeak. Zortzi urtegaz neskak ez dakit ze señorita pinta daukien, eta mutilek halako rapero itxurea. Gizarteak pagauko dau etorkizunean, pagetan gabilz.


15.- Txirri, Mirri eta Txiribiton euskeraz egiten eben pailazo bakarrak izan ziran urtean askoan, gaur egun badira beste batzuk be. Eskolea izan zarie askorentzat?

Hasieran ahalegindu ginan talde batzuk sortzen, gazte batzuei laguntzea emoten, erropak emon, makillajea... Saio txiki batzuk prestau genduzan, baina ez eben aurrera egin. Ez zan dirurik kobretan, gastuetarako bakarrik, boltsikorako ez. Ez zan erraza talde batek irautea. Lortu genduan bi-hiru taldek saio bi edo egitea, baina gehiagorik ez. Telebisinoari esker, oso ezagun egin ginan, asko zabaldu zan. Holantxe hasi ziran taldeak sortzen.

Jenteak bizimodua atara behar dau, eta batzuk ikusi dabe badagoela modua. Ondo dago. Gaur egun aukeratzeko beste dago, moeta guztietakoak. Hori suspertu nahi genduan; esan deigun, lortu dogula gure helburua.


16.- Asteotan, barriro be herriz herri zabilzie. Egunotan agendea topera daukazue Bizkaian, Zalla, Basauri, Leioa, Sopela, Mungia, Igorre...

Txemak 70 urte beteko ditu zezeilean, 41 urte egingo doguz eszenatokian. Nahikoa egin dogu. Ordezkoak daukaguz, ateak zabaldu behar jakiez. Lehenengo lerroa itxiko dogu, baina ez dogu dana itxiko, egunen baten ez dakit zeren aldeko jaialdiren baten parte hatzeko eskatu ezkero, akaso, joango gara, edo ez. Orain arte Txirri, Mirri eta Txiribiton junior izandakoek hartuko dabe lekukoa, junior izena kenduko deutsegu. Gure igualak dira, alde bakarra, gazteagoak eta indartsuagoak dirala.


17.- Alabeak zeure uleordea oinordetzan jasoko ete dau?

Bai, uleordea berak hartuko dau; baina uleak, kirruak, lobak ditu, aititaren uleordekoak modukoak. Transmutazino genetikoren bat izan ete dan, nork jakin!


18.- Txirri, Mirri eta Txiribiton izateari itxi bai, baina pailazo izateari ixteko asmorik?

Ez, hori itsatsita doa gure barruan, eta holan segiduko dogu, sur gorria jantzita edo jantzi barik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu