Bizkaia eta Durangaldearen arteko 800 urteko loturea gogoratuko dabe aurtengo Merinalde Egunean

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-12-19 13:53
Orain 800 urte hasi zan Durangaldearen eta Bizkaiko lurraldearen arteko hartuemona. Urteurrena gogoratzeko, egitarau berezia prestau dabe Durangoko Merinalde Egunean, abenduaren 27, 28 eta 29an.

Orain 800 urte hasi zan Durangaldearen eta Bizkaiko lurraldearen arteko hartuemona, Alfonso VIII. Gaztelako erregeak Diego Lopez de Haro Bizkaiko Jaunari Durangaldea oparitu eutsonean, Navas de Tolosako gudaldian emondako laguntzinoaren ordain lez. Urteurrena gogoratzeko, egitarau berezia prestau dabe Durangoko Merinalde Egunean, abenduaren 27, 28 eta 29an.

Bilboko Batzar Nagusien egoitzan aurkeztu ditue ekitaldiak, bertan izan dira Ana Madariaga Batzar Nagusietako presidentea, Nerea Mujika Gerediaga alkarteko burua, Miren Dobaran Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera Sustatzeko zuzendaria eta oskar Zarrabeitia Durangaldeko Mankomunidadeko presidentea.

Durangaldea eta Bizkaiaren ibilbidea eta loturea gogoratzeko ekimena dala nabarmendu dau Madariagak, ikerketea, ospakizuna, eta historiaren zabalpena buztartzen dituen egitaraua. Lehengoa, oraingoa eta etorriko dana ospatzeko eguna izango da, Madariagaren berbetan.

Eskualdearen alkartasun espiritua berreskuratzeko lana Gerediaga alkartearen hasiera-hasierako helburua da, Nerea Mujikaren arabera. Lehengo erakundeak ezagutzera emonez, etorkizuneko erronkei aurre egingo deutsegu, ganeratu dau. Durangoko Merinaldeko historia eta jatorrizko erakunde politiko-admnistratiboak ezagutarazotea da egun honen helburua. 1875eko abenduaren 27an egin eben azkenengo batzarra Durangaldeko alkateek. Egun hori gogoratuz antolatzen da urtero Merinalde Eguna.

Abenduaren 27an, Elorrioko San Agustin Etxebarrian abiatuko ditue Merinaldeko Eguneko ekitaldiak. Kondeen hilobian lora-eskaintzea egingo dabe, 19:30ean, San Martin eta Santa Marinaren kaperan. Gero, eleiza barruan Los Navegantes taldeak, Duranguesado, cruce de caminos musika-antzerki saioa eskainiko dabe.

Hurrengo egunean, hilaren 28an, Jon Irazabalek Durangaldea, historia laburrean liburua aurkeztuko dau, Kurutze Santu baselizan. Zapatuan, hilak 9, ospakizunen egitaraua 12:00etan hasiko da, Gerediaga baselizan. Foru Zelaian agintariei harrerea egingo jakie, lora-eskaintzea egingo da eta Iñaki Garcia Camino ikerleak Durangaldeko Teila saria jasoko dau.

Urte birik behin emoten dan esker on saria da Durangaldeko Teila, Nerea Mujikak azaldu dauenez, eskualdearen alde egindako lana eskertzeko. Iñaki Garcia Camino gaur egun Bilboko Arkeologi Museoko zuzendaria da. 1982tik aurrera makina bat indusketa zuzendu ditu Durangaldean, besteak beste, Garaiko Momoitiko San Juan eta Tromotion, Urkiolako antxinako ospitalean, Elorrioko Mendrakako baselizan, San Agustin Etxebarrian eta Gerediagako foru zelaian.

Urtarrilean, urteurrena borobiltzeko, bisita gidatuak antolatuko ditu Gerediagak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu