Vatikanoko Artxibategi Sekretuan Euskal Herria aitatzen daben dokumentuak bilatzeko gida aurkeztu dabe

Bizkaie! 2012-12-18 13:34

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak baekien agiritegi erraldoi horretako dokumentuek balio historiko ikaragarria ebela, eta horregaitik, Vatikanoko Agiritegi Sekretuko euskal iturrien gida ikerketea egitea sustatu eban, Vatikanoko Agiritegi Sekretuan dagoan Euskadiri buruzko dokumentazinoa ezagutzera emoteko ikertzaileei.

Milaka dokumentuk, eskuz idatzitako miloeka orrik eta, informatikearen ikuspuntutik pentsauko bageunke, mila miloeka bytek osotzen dabe munduko informazino historikoko biltegirik handiena eta aberatsena: Vatikanoko Agiritegi Sekretua. Agiritegi erraldoi horren barruan mundu osoko eleizbarrutiaren historiaren informazinoa dago, bai eta euskal lurraldeetakoa be, aita santua Eleizea kudeatzen hasi zanetik gaur egunera artekoa, hain zuzen.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak baekien agiritegi erraldoi horretako dokumentuek balio historiko ikaragarria ebela, eta horregaitik, Vatikanoko Agiritegi Sekretuko euskal iturrien gida ikerketea egitea sustatu eban, Vatikanoko Agiritegi Sekretuan dagoan Euskadiri buruzko dokumentazinoa ezagutzera emoteko ikertzaileei eta, oro har, jenteari. Gida hori egiteko, ikerketa-proiektu misto bat sortu zan, UPV/EHUko eta CSICeko ikertzaileek osotua. UPV/EHUko José Ramón Díaz de Durana katedratikoak eta CSICeko Cristina Jular Pérez-Alfaro ikertzaileak koordinau eben taldea.

Ikertzaile batek agiritegi hori aztertu nahi dauenean, bi arazo nagusiri egin behar deutse aurre: batetik, agiritegian oso dokumentu kopuru handia dago; eta bestetik, dokumentu horreen edukiek gizarte-jardueraren ia arlo guztiei heltzen deutse.

Gainera, jakintza unibersaleko biltegi bat be bada agiritegi hori, Vatikanoaren eta mundu osoko eleizbarrutiaren arteko hartu-emonen historia gordetan dauena, Erdi Aroan aita santua Eleizea zuzentzen hasi zanetik gaur egunera arte. Erakunde historiko baten, eta horrenbestez, erakunde dinamiko eta aldakor baten mobimentuakaz bat datoz dokumentu horreek.

Gida hori egiteko, proiektua bi fasetan banatu da: Erdi Aroa eta Aro Modernoa.


Erdi Aroa

Lehen fasean, Erdi Arotik aurrerako dokumentazinoa aztertu zan, agiritegi pontifikala sortu zan garaitik aurrerako dokumentazinoa, hain zuzen. Izan be, agiritegiko dokumenturik antxinakoena VIII. mendekoa da, eta 1198. urtetik aurrera, dokumentazinoa eten barik gorde zan bertan. Vatikanoko Agiritegi Sekretuan dagoan Euskadiri buruzko informazinoa oso garrantzitsua da. Izan be, Euskadiko Historiaren garai bat berregiteko aukerea emoten dau, idatzizko ia informazinorik ez egoan garai haretan Eleizea zalako errealidadearen notario bakarra.

Ez da lan erraza zer bilatu nahi dan eta non bilatu behar dan jakitea. Hori dala eta, gidearen helburua da Vatikanoko dokumentuetan sartzeko zailtasunak murriztea.

Erdi Aroko Landa Eremuko Ikasketen Taldeak aztertu ditu Vatikanoko Agiritegiko Erdi Aroko euskal dokumentuak. Talde hori UPV/EHUko eta CSICeko Historia Institutua—Giza eta Gizarte Zientzien Zentroko hogei profesional inguruk osotzen dabe. Valeria Beolchini eta Marta Pavón Ramírez doktoreak ibili dira dokumentuen azterketa espezializatua egiten Archivio Segreto Vaticano agiritegiko aretoen barruan nahiz kanpoan.


Aro Modernoa

Erdi Aroko gidan aitatutako helburu, formatu eta egiturearen antzekoak ditu Aro Modernoari buruzko Dokumentazinoaren gidak, eta 1458-1830 arteko aro kronologikoa hartzen dau. Gida horren barritasun nagusia da garai haretan Erromako kuriak izandako aldaketa sakonak, eta horren ondorioz, Vatikanoko burokraziaren handitzea, gero eta konplexuago bihurtzen joan zana, jasoten dituala.

Euskadiri buruzko dokumentazioaren ikuspuntutik, komenidu da gogoratzea euskal lurraldea Calahorrako eta Iruñeako gotzain-urien eta Burgosko artzapezpi-barrutiaren artean banatuta egon zala 1567tik aurrera.

Askotariko gauzak topau daitekez agiritegian, besteak beste: Aro Modernoan izentautako euskal gotzain ugariei buruzko aipu bibliografikoak, odolkidetasun handia eben euskaldunen arteko ezkontzak ospatzeko aita santuaren dispentsak, Inkisizinoak ezarritako sententziei eta kondenei egindako apelazinoak, Euskadin gizonezkoen nahiz emakumeen komentuak sortzeko buldak eta komentu horreetan izandako gatazkei buruzko erreferentziak.

Marta Pavónek egin dau Aro Modernoaren gidea, Mª Rosario Porres Marijuán, José Ignacio Fortea eta Susana Truchuelo aholkularitzaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu