'Klik euskaraz' sareko euskerazko tresnen kanpainea abiatu dau Eusko Jaurlaritzeak

Bizkaie! 2012-11-27 13:10

Euskeraz lan egin, idatzi, ikasi edota jolaserako orduan oso erabilgarriak dira tresna horreetako gehienak, eta gainera, erabilteko oso errazak izateaz gan, doban eskura daitekez.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak (HPS) euskerazko hainbat tresna sarean jarrita ditu, eta tresna horreek guztiak www.euskara.euskadi.net webgunean dagoz jasota. Horreetako asko beste erakunde edota instituzino batzuenak izan arren, HPSk informazinoa batu eta modu ordenatuan eskaintzeko lan egin dau. Tresna horreek guztiak ezagutarazoteko kanpainea abiatu dau sailburuordetzeak eta abenduaren 2ra arte izango da indarrean.

Euskeraz lan egin, idatzi, ikasi edota jolaserako orduan oso erabilgarriak dira tresna horreetako gehienak, eta gainera, erabilteko oso errazak izateaz gan, doban eskura daitekez. Sarritan, ostera, erabiltzaileek ez ditue tresna horreetako asko ezagutzen, eta ezagutzen dituen kasuetan be, ez dakite nora jo horreek erabilteko. Arazo horri konponbidea emon guran Klik euskaraz sareko euskerazko tresnen kanpainea abiatu dau Eusko Jaurlaritzeak.

Helburu horregaz, zemendiaren 26tik abenduaren 2ra Klik euskaraz bannerrak jarriko dira hamaika hedabidetan. Batez be publiko euskaldunarentzako kanpainea da, baina euskera ikasten dabilzanentzako be sano baliogarriak dira sareko tresnok.

Horrezaz gan, 1.500 mahai-gaineko banatuko dira administrazino publikoetan. Mahai gaineko horreek, alde batetik, Klik euskaraz kanpainearen barri emoten dabe; bestetik, barriz, Nahi baduzu, nirekin euskaraz leloa daroe. Beraz, alde batera begira edo bestera, nahieran erabilteko aukerea emoten dau.

Esandako guztiaz aparte, 16.500 triptiko banatu dira Euskadiko udaletxe, euskaltegi, liburutegi, unibersidade, ospitale eta osasun-zentroetan. Bertan, euskerazko tresna guztiak batzen diran helbidearen barri emoteaz gan, tresna esanguratsuenak zeintzuk diran azaltzen da, besteak beste, itzultzaile automatikoa, Xuxen, Hiztegiak, Euskalterm, Euskerazko softwarea, Toponimiako datu basea, Euskarazko IKTen inbentarioa, Sareko euskal gramatikea, Euskerearen autoikaskuntzea online, etab.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazinorako zuzendari Ivan Igartuaren esanetan, Eusko Jaurlaritzeak lan handia egin dau tresna horreek guztiak batzen eta ordenetan, baina sarritan erabiltzaileek ez ditue erabilten: Online dagozan euskerazko tresna guztiak sortzeko ahalegin handia egin da, bai ekonomikoa eta baita teknologikoa be. Beraz, tresna horreek erabiltzaileei onura ekarri behar deutse, eta bide batez, baita euskereari be. Horretarako baina, tresna horreek ezagutarazo egin behar dira eta horretan saiatu gara kanpaina honegaz, euskal erabiltzaileak tresna horreek guztiak sailkatuta dagozan Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen orrialdera bideratzen, hain zuzen be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu