Ameba Kultur Alkarteak Bidebieta Irratiaren 15. urteurrena ospatuko dau Social Antzokian

Bizkaie! 2012-11-23 11:27

Gaur, zemendiak 23, ospatuko dau Ameba Kultur Alkarteak Bidebieta Irratiaren 15. urteurrena. Urteurrena ospatzeaz batera, Social Antzokian La Basconia fabrikeari eta Basauriko zine aretoei buruzko bi dokumental estreinauko dira eta Bidebieta Kultura proiektua aurkeztuko da, herriaren historia, folklorea, euskerea eta nortasuna landuko dituan webgune multimedia.

Gaur, zemendiak 23, ospatuko dau Ameba Kultur Alkarteak Bidebieta Irratiaren 15. urteurrena. 1997an sortu zanetik kudeatzen dau elkarteak herri irratia. Urteurrena iospatzeaz batera, Social Antzokian La Basconia fabrikeari eta Basauriko zine aretoei buruzko bi dokumental estreinauko dira eta Bidebieta Kultura proiektua aurkeztuko da, herriaren historia, folklorea, euskerea eta nortasuna landuko dituan webgune multimedia.

Dokumentalak Jon Villapun (Basauri, 1984) Bidebieta Irratiko kazetariak egin ditu, Amaia Goikoetxea, Garikoitz Grijalbo eta Leire Palaciosen laguntzaz. La Basconia, herri baten arima sendotu zuen beruna-k 80 urtez basauriar askori lana emon eutsen fabrika ezagunaren historia kontetan dau, herriaren eraldaketan eta hazkundean lagundu ebana. Basauri, zazpigarren artearen herria-k, barriz, Basauriko zine aretoak ditu ardatz. Udalerriak 60.000 biztanle baino gehiago sekula izan ez dituan arren, bost areto izatera heldu zan herritarren zaletasun handia medio. Dokumentalak euskeraz zein gaztelaniaz egin dira eta belaunaldi desbardinetako basauriarren adierazpenak batzen ditue: Román García, Dionisio Renteria, Aniana Colino, Pedro Kareaga, Iñigo Alzola, Félix Díez, Enrique Cantera edo Jose Miguel Gaztelu ‘Desmond’.


Bidebieta Kultura, sustraiak oroituz

Bidebieta Irratiaren 15. urteurrenak Ameba Kultur Alkartearen proiektu multimedia barria aurkezteko be balioko dau: Bidebieta Kultura. Dokumental, alkarrizketa, bideo-erreportaje, albiste eta argazki zein dokumentu historikoen artxiboen bidez Basauriren historia, folklorea, euskerea eta nortasuna landuko dituan webgunea da. Zemendiaren 23an estreinauko diran bi dokumentalak be bere barruan hartuko ditu Bidebieta Kulturak.

Webgunearen edukiak euskera hutsean argitaratuko dira eta estreinaldi honetan Sanfaustoak, CD Basconiaren mendeurrena, Atlético Balonmano Basauriren 25. urteurrena edo Eusebio Zamacolaren istorio harrigarria lako gaiak jorratuko ditu. Zamacola pasa dan mendean Argentinara emigrau eban basauriarra izan zan, bertan bidelapur ospetsu eta maitatua bilakatu zana.

Román García historialariari eta Bego Jauregizar Arizko Ikastolako irakasle ohiari egindako bideo-alkarrizketak be ikusgai izango dira. Jauregizarrek Basauriko euskerazko irakaskuntzearen lehen pausuak gogoratuko ditu. Bidebieta Kulturan Ameba Kultur Alkarteak herriko 7 eta 9 urte bitarteko ikasleei urtero emoten deutsezan irrati eta telebista ikastaroen laburpenak be ikusgai egongo dira. Basauriko alkartegintzea eta euskerea, Eskarabillera eta Baskonia Mendi Taldeari buruzko erreportajeak be abian dira.

Proiektu barri honetan oso garrantzitsua izango da basauriarren partaidetzea. Argazki artxibo erakargarriena danon eskura izateko, Ameba Kultur Alkarteak aspaldiko argazkiak info@bidebietairratia.com helbidera bialtzea eskertuko dau, urtea eta lekua adierazota. Proposamenak, eskakizunak eta informazinoa jasotea be onartuko da.


Zemendiaren 23an, sesio bikotxa Social Antzokian

Bidebieta Kulturaren aurkezpena, dokumentalen estreinaldia, zemendiaren 23an, barikuan, izango dira Basauriko Social Antzokian. Bidebieta Irratiaren 15 urteak laburbilduko dituan bideo baten ostean, Bidebieta Kulturaren aurkezpena egingo da, proiekzinoen bitartez. Jarraian bi dokumentalak izango dira ikusgai. Ekitaldia Jon Villapunek gidatuko dau, Ameba Kultur Alkartearen koordinatzaile nagusi eta dokumentalen egile moduan.

Goizeko 11:00etan lehen deialdia izango da, euskera hutsean eta herriko ikasle gazteei bakarrik zuzendutakoa. Arratsaldeko 19:30ean, barriz, ekitaldi nagusia egingo da, kasu honetan herri guztiari zuzendua, Social Antzokia bete arte. Arratsaldeko aurkezpenak euskera eta gaztelania buztartuko ditu, baina dokumentalak gazteleraz proiektauko dira. Bai goizean bai arratsaldean, Social Antzokira hurreratzen diranei oparitxu bat emongo jake amaieran.


Ameba Kultur Alkartea

Alkartea 1996an sortu zan Basaurin kulturan, komunikazinoan eta euskerearen normalizazinoan bere ekarpenak egiteko. 1997an Bidebieta Irratia sortu zan. Hasiera-hasieratik Ameba Kultur Alkarteak kudeatu dau irratia, azken urteotan aurrerapausu handiak emon ditu eta Nerbioi Ibaizabal eskualdeko albisteak jarraitzeko erreferentzia bilakatu da. 2008an, Ameba Kultur Alkarteak bi fm sortu eban, espainiar estatu osora zuzendutako online irrati musikala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu