Ia ehun proiektu eta webgune izango dira lehian 2012ko Buber sarietan

Bizkaie! 2012-11-22 13:33

Internet & Euskadi alkarteak antolatzen dituan Buber sarien hamargarren edizinoan 92 proiektu eta web-orrialde aurkeztu dira lehiaketan dagozan bederatzi kategorietan lehiatzeko. Sari-emote ekitaldia zemendiaren 29an izango da, Donostiako Kursaal Jauregian.

Internet & Euskadi alkarteak antolatzen dituan Buber sarien hamargarren edizinoan 92 proiektu eta web-orrialde aurkeztu dira lehiaketan dagozan bederatzi kategorietan lehiatzeko. Sari-emote ekitaldia zemendiaren 29an izango da, Donostiako Kursaal Jauregian.

Hain zuzen be, ondorengoak dira kategoriak: webgune edo blog korporatiborik onena; blog edo web-orri personalik onena; software librea sustatzeko webgune edo aplikazinorik onena; euskerea sustatzeko webgune edo aplikazinorik onena; proiekturik erabilgarri eta irisgarriena; merkataritza elektronikoko proiekturik onena; herritarrei zerbitzua emoteko proiekturik onena; gizarte barrikuntzako proiekturik onena; eta proiekturik solidarioena. Horreekaz danakaz batera, Internet & Euskadi alkarteak ohorezko sari bat be emongo deutse internet erabiliz gizarteari laguntzen deutsien personei, Buber sarien arduradunek prentsa ohar bidez jakinarazo dabenez.

2012ko Buber sarien epaimahaikideak ondorengoak dira: Belen Saez (ekintzailea eta iWeekend Vitoria 2012 ekitaldiaren antolatzailea); Miriam Ansorena (ADW enpresako zuzendari komertziala); Ana Vitorica (Eusko Jaurlaritza); Izartza Zorrozua (Euskaltel); Mikel Agirregabiria (Hezkuntza Barriztatzea); Venan Llona (ASLE); Jonatan Belarde (Internet & Euskadi); Ana Santos (Eventosfera); Lontzo Sainz (EITB); eta Eli Garcia (Mondragon Unibersidadea).

Epaimahaikideek 1etik 10erako notea jarriko deutse aurretik internautek aukeratutako bost webguneei. Botoa emoterakoan ondorengo erispideak izango ditue kontuan: egindako ahalegina, kalidade artistikoa eta diseinuaren kalidadea, egituraketea, erabilgarritasuna, irisgarritasuna, negoziorako edo zerbitzu publikorako sena, eta edukiaren aberastasuna. Epaimahaikideren batek, zuzenean edo zeharka, ebaluau beharreko webguneagaz loturarik baldin badauka, botorik ez emoteko eskatuko jako.


Datorrena 2013

Buber 2012 sariekin batera, Datorrena 2013 ekitaldia be egingo da zemendiaren 29an, Kursaalen bertan. Ekitaldian, bost adituk datorren urtean kaleratuko diran barrikuntza teknologikoak aztertuko ditue.

Datorrena 2013 ekitaldian ondorengoek parte hartuko dabe: Asela Ortiz de Muruak hacktibismoa eta gizarte barrikuntzea izango ditu berbagai; Luis Fernandezek e-commerce proiektuetarako on line marketinean dagozan jokerak aztertuko ditu; Ainize Iriondok jabetza intelektualari buruz berba egingo dua; Miguel Fernandezek prestakuntzaren etorkizuna azalduko dau; eta Borja Perezek Mobile Shopping dalakoa izango dau aztergai.

Internet&Euskadi alkartea 2003ko martiaren 8an eratu zan, informazinoaren gizartearen arloan biztanleen interes orokorrak defendiduteko asmoz. Hasiera batean, interneteko profesionalek bultzatu eben, baina, ordutik, arlo horretan ez dabilen gero eta jente gehiago batu da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu