Asier Altuna: 'Bertsolaritzeak eta zinemak antzekotasun handiak ditue'

Karolina Almagia 2011-10-03 12:25   Barriketan
Zinemagilea

Donostiako Nazinoarteko Zinemaldiko Sail Ofizialean -lehiaketatik kanpo- aurkeztu barri da Bertsolari pelikula dokumentala eta oso kritika onak izan ditu. Asier Altunak (Bergara, 1969) zuzendua, bidaia bat balitz lez planteetan da, bapateko poesian, isiltasunean eta arte biluzian barrena. Artalde, Txotx, Topeka eta Sarean film laburren eta Aupa Etxebeste film luzearen ostean, Altunaren erronka nagusia da urriaren 14an Euskal Herrian, Madrilen eta Bartzelonan estreinauko dan film luze hau. Edozelan be, aurre estreinaldiak izango dira Iruñean, Bilbon, Tolosan eta Donostian. Hona hemen agendea:

- Urriak 6, eguena, Iruñeako Golem Baiona aretoan, 20:00etan. Asier Altuna zuzendaria izango da bertan filma aurkezten.

- Urriak 7, barikua, Donostiako Kutxa aretoan (Andia kalea), arratsaldeko 19:00etan. Kutxak antolatuta, konbidatuentzako emonaldia. Aurkezpenean eta filma ikusi osteko solasaldian izango dira Asier Altuna zuzendaria eta Amets Arzallus bertsolaria.

- Urriak 12, eguaztena, Tolosako Leidor zineman, 20:00etan. Asier Altuna eta Andoni Egaña izango dira bertan filma aurkezten.

- Urriak 13, eguena, Bilboko Golem Alhondiga aretoan, 20:00etan. Aurkezpenean izango dira Asier Altuna eta Maialen Lujanbio.


1.- Nondik nora etorri jatzun bertsolaritzeari buruzko dokumental bat egiteko ideia?

Beno, nik uste dot azkenean bertsolaritzeak eta zinemak antzekotasun handiak dituela. Bertso-saio askotan emozionau egiten gara, eta hori da hain zuzen, pelikula askoren helburua. Hortik burururatu jatan gauza biak batzea. Bertsolarien mundua gai polita izan eitekeala pelikula bat egiteko pentsau neban. Gero apurka-apurka joan zan zehazten egitasmoa.


2.- Berez, nori zuzenduta dago film hau?

Euskal Herriko erdal mundua ez da hurreratu bertsolaritzara. Alde batetik, hizkuntzeak berak jarten dauen distantziagaitik, baina, beste batetik, estetikeari jagokonez be ez dalako oso ikuskizun erakargarria be. Esangura horretan, pelikulea erdal mundura hurreratzeko bidea da, izan be, bertsolaritzea ezagutzen ez dauen ikusle batentzat egina dago, baina bertsozaleek be gozauko dabe film honegaz. Lan serioa eta polita subertatuko jakela uste dot.


3.- Zer transmitidu nahi dozu pelikula honegaz?

Ba, lehenengo, pelikula ona, zeozelako balioa daukana gura neban, pelikula txukuna beste ezer baino lehen. Eta bigarrenez, bertsolaritzearen gaia zabaltzea nahi nuen, ezagutarazotea, uste dodalako mundu osoan interesa sortarazo leiken gaia dala. Uste dot jente asko harrituko dala zelan funtzionetan dauen bertsolaritza mundua ikustean.


4.- Dokumentala ez da zine-aretoetara jente asko eroaten dauen genero bat. Eta bertsolaritzea arrotza edo ezezaguna dan fenomeno bat da kanpokoentzat. Erronka handia jarri deutsazue zuen buruari...

Bai, bai. Baina nik uste dot areto komertzialetan baino, zine-jaialdietan izan leikela ikusteko bidea pelikula honek. Erakuslehio politak izan daitekez munduan zehar dagozan festibalak. Eta horren ondoren, telebistak, jakina.


5.- Bertsolari egiterakoan, intuizinoak gidatu zaituela esan dozu...

Aurreko nire lan laburrak be oso intuitiboak izan dira, irudimenagaz jokatzen dabe... Hori da gustetan jatana. Dokumental honetan, intuizinoagaz jokatuz sortu ziran irudi batzuk amaierara arte arte ez nekian funtzionauko eben ala ez. Azkenean, badirudi ondo ezkondu dirala irudiak eta testimonioak. Oso gustura nago prozesu guztiagaz.


6.- Izan be, erreportajetik urrundu nahi zenduan, zeozer artistikoagoa egiteko...

Bai, zeozer berezia egin nahi neban. Ez nekian ondo zer atarako zan hortik, baina azkeneko montajean ikusi neban funtzionetan ebala.


7.- Miren Amurizaren irudiak eta Andoni Egaña eta Maialen Lujanbioren berbak dira filmaren hariak. Zergaitik aukeratu zenduzan bertsolari horreek?

Protagonistak pelikuleagaz batera egin dira. Hau da, Txapelketearen finala heldu zanean, ni oraindino gaiari buruz ikertzen eta irakurten nengoan. Baina ha grabau behar nebala ulertu neban berehala eta, bide batez, bururatu jatan Andoniri jarraipen bat egitea. Hortik sortu zan pelikula guztia. Gero, pronostikoen kontra, txapela galdu eban Andonik eta Maialen izan zan txapelduna. Eta pelikulan bere partea dauka Maialenek be.

Beste aldetik, bertsolaritzea irudikatzeko bertsolari bat nahi neban eta orduantxe jo neban Miren Amurizarengana. Gaur egun, bertsolaritzan gazteek eta emakumeek dabe indar gehien. Horregaitik aukeratu neban Miren. Nahiz eta hasieran dudatan egon, bera ez dalako aktorea, azkenean preparau zan eta nik uste dot bete-betean asmau dogula.


8.- Bertsolariak gaia entzun eta kantetan hasi baino lehenagoko 10 segundu horreetan sentiduten dauen bertigoa nabarmendu nahi izan dozu...

Hori Jon Sarasuagaz egindako alkarrizketa batetik atara zan. Inprobisazino jardun guztietan pasetan dan lez, ez dakizu jauziko zaren ala ez. Amiltegi edo troka baten bila abiatu nintzan hori irudikatzeko eta azkenean Lekunberriko Aldatz kanteran filmau genduzan irudi horiek. Oso metafora polita begitandu jatan.


9.- Donostiako Tabakaleran, Zarauzko hondartzan eta... Estadu Batuetan filmau dozue. Zergaitik azken herrialde horretan?

Estadu Batuetara joan ginan Maialen eta Egaña bertako Euskal Etxean abestu behar ebelako. Aukera polita zan Txapelaren protagonismoa konpartidu eben bi personaia horreek uri handi eta moderno batean euren gogoetak grabetea. Beste alde batetik, Joseba Zulaika antropologoa eta John Miles Foley ahozkotasunean aditua han egozan eta aprobetxau neban horreekaz biekaz alkarrizketak grabetako.


10.- Bertsolarien kolaborazino osoa izan zenduan, ala bateren batek eragozpenak jarri zituan?

Bertsolariak prest egon ziran hasiera-hasieratik, konfidantza osoa agertu eustien. Egiagaz eta zinez jo neban eurekana, errespeto osoz, eta euren erantzuna itzela izan da. Dana emon deustie. Eta Bersozale Alkarteak Be asko lagundu deust, bai finantziazinoa lortzen, baita artxiboko eta beste lan kontu batzuekaz be.


11.- Maialenek esaten dau pelikulan belanauldien arteko hartu-emonak bertsolaritzearen altxor handiena dirala. Hori be zeozelan islatu nahi izan dozu, ezta?

Bai. Pelikula honetan gai garrantzitsuenetako bat eboluzinoa da. Urte gitxitan, gizarteagaz batera, eta askotan gizartearen aurretik, bertsolaritzeak zelan eboluzionau dauen islatu nahi neban. Lehen familia barruan emoten zan transmisinoa eta orain, barriz, eskolan emoten da. Baina galdu beharrean, irabazi egin dau. Eta hori da atzean lan handia egon dalako.


12.- Euskal Herriko Txapelketearen finaleko irudiak ikusgarriak dira. Fenomeno honek oihartzuna izan dau erdal munduan be...

Azken finean, bertsolaritzea modan dago eta Txapelketeak erakarten dauen jentetza ikusita, erdal hedabideak be hasi dira atentzinoa jarten fenomeno honetan. Eta Bertsozale Alkarteak be lan handia egin dau egungo bertsolaritza modernoaren irudia indartzeko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu