Uxue Apaolaza: 'Narrazinoen bidez adierazo nahi diran zalantza, obsesino eta bildurrak dira elementurik autobiografikoenak'

Karolina Almagia 2011-08-22 10:35   Barriketan
Idazlea

Umeek gezurra esaten dutenetik (2005, Erein) narrazinoagaz egin eban salto literaturara Uxue Apaolazak (Hernani, 1981). Zutabegile izan da hainbat denporan Berria egunkarian, eta aurten Mea culpa (Elkar) nobelea argitaratu dau Igartza bekearen laguntzinoagaz. Errua eta iraganeko mamuak agiri dira trama baltza daukan nobelan.


1. - Ba ete dauka autobiografiatik zeozer liburuak?

Autobiografia batek geruza asko daukaz. Nik ez daukat irudimen handirik, idazten dodan guztian azaltzen dira ikusi, bizi, entzun edo irakurritakoak. Halanda be, autobiografikoena, eta idazle askori pasetan jakela uste dot, narrazinoaren bidez adierazo nahi diran zalantza, obsesino, bildurrak… dirala pentsaten dot.


2.- Errua da liburuko gai nagusietako bat. Zerk bultzatu zaitu horren ganean idaztera?

Nik sentiduten dodan, eta askatzea lortzen ez dodan erru sentimenduak, segurutik. Nik uste dot nire obsesinoak modu arrazionalagoan ikusten ahalegintzeko idazten dodala, nahiz eta amaitu ostean ez dodan lasaitasun handirik sentiduten. Laguntza eskatzeko be idazten dodala pentsetan dot, akaso talk show-etan jenteak kontuak kontetan dituanean sentiduten dauenaren antzeko zeozer da, baina fikzinoz mozorroturik.


3.- Indarkeria politikoa dago erru horren atzean. Gitxitan hitz egiten da horretaz, ez dozu uste?

Uste dot gustauko litxakigunaren arabera interpretetan dogula. Leire Lopezek Berrian idatzitako kritikan hau esan eban: Euskal literaturan topiko izatera be ailegau da ezker abertzaleko kide ohi damutuaren irudia. Ez da gai erraza, errua oso intimoa izanik be; inguratzen gaituenaren, batez be umezaroaren eta gaztaroaren ukazinoa sentiduteak bildurra emoten dau.


4.- Thrilleraren antza dauka nobelearen hariak. Hasieratik protagonisteak nonor hilko dauela aurreratzen dau...

Ez dot uste thriller bat danik, ez da behintzat thriller deitzen jakon produktuaren antzekoa. Angel Errok thriller pasiboa dala esan eban aurkezpenean. Protagonistearen erruak sortzen dituen pekatuak ez dira modu aktiboan egindakoak, eta protagonistak aktiboak izaten dira.


5.- Protagonistea amodio platoniko batek itxitako minez dago. Itxi bako orabana, eta ez dauka erantzunik...

Bai, familiagaz be antzera pasetan jako: bere irudia sortzen eban ingurua jausi egin da, baina ez dau lortzen bere autoestimuaren oinarri ziran miresmenak neutralizetea.


6.- Elisa personaiak ez dauka zerikusirik istorio nagusiagaz. Zergaitik sartu dozu elementu hori?

Lurren kontrapuntua dalako sartu dot, zerotik hasteari beste zentzu bat emoten deutso, bere neurriko narrazino biografiko bat eregiteko gai izan dalako, besteak beste. Ganera, Lurrek berarentzat nahiko leukezan ezaugarriak dituala erixten deutsat.


7.- Facebook be agiri da intrigazko istorioan. Aukera asko emoten ditue sare sozialek fikzinoa idazteko?

Ba, ez dakit, egia esan; ni nahiko alperra naz holango kontuetarako, astiro noa, eta nik uste dot nobelan hori igarten dala. Sinisgarritasunaren izenean edo, gaur egun fikzinoan behar neban kontaktua ezartzeko Facebook aproposa zan.


8.- Musikea eta zinea oso presente daugoz liburu osoan...

Personaia bien arteko loturak egiteko balio dabe, ganera bakotxak bakardadea arintzeko topautako bideak dira. Akaso, balio dabe testuari eduki sensorialagoa emoteko bere bai.


9.- Zure nobelea bere probokazinoan ausarta eta bere biluzian zintzoa dala esan dabe. Zeuk be holan ikusten dozu?

Nahiago dot nire nobelaren balorazinorik ez egin, nobelearen onerako. Nik falta jakona baizik ez dot ikusten, asko kostetan jata nobelearen ganean gauza positiboak esatea.


10.- Ipuinak eta zutabeak idatzi ostean, hau da zure lehenengo eleberria. Zelango esperientzia izan da? Atzera be egingo zeunke?

Ba, ez neukan errepetiduteko gogorik, baina denpora apur bat pasau da, eta, baietz uste dot, egin egingo dodala. Ipuinak eta nobelak beste modu bateko laguntasuna dira.


11.- Zertan zabilz orain? Proiekturik badaukazu?

Ba beharrean nago orain, eta zeozer ikasteko asmoz... Gura dodana esan da oraingoz ez daukadala literatureagaz zerikusirik daukan proiektu profesionalik. Lagun bat eta biok detektibe-nobela bat idazten gabilz, jolasean. Horrezaz gan, betiko lez, ipuin hasierak eta zirriborriak daukadaz.


12.- Egunero zutabe bat idatzi izan dozu hainbat urtean. Ariketa ederra da idazle batentzat. Zelangoa izan zan esperientzia?

Egia esan, urteekaz gero eta gehiago ikasten da, zutabe gehiago irakurten dira. Estutasun handiagoz bizi izan dodan zeozer da, nire bakotasunez hobeto jabetu banintz lez. Asko-asko ikasi dot, eta zutabe irakurle egin naz; asko gozau dot horregaz, baina eretxia emon beharra ez da erraza batzutan, gaiaren arabera batez be.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu