Lutxo Egia: 'gero eta kontrol eskasagoa dogu gure irudiari buruz'

Karolina Almagia 2011-05-16 12:22   Barriketan
Idazlea

Literaturzaletasuna euskerea ikasteaz batera bilakatu jakon idazteko afizio orain urte batzuk. Santanderren 1969an jaioa, Soziologia ikasi eban Lutxo Egiak, baina kazetaritzan ibili da hainbat urtetan. 1999an argitaratu eban bere lehenengo poema-liburua, Kalezuloko animalien itzalak (Pamiela). Paperezko hegazkinak (Susa, 2002) izenburuagaz eleberrira emon eban salto, eta ondoren beste bi nobela ekarri zituan: Ezker hanka falta zuen (2005) eta Zubigilea (2007), biak Susan argitaratuak. Orain bere lehenengo ipuin-bildumeagaz azaldu jaku. Txakur ingelesak izenburuko lana da eta agertzea eta desagertzea ekintzakaz jolasten dau.


1.- Argitaratu zenduan lehenengo lana poesia izan zan. Gero, hiru eleberri atara dozuz, baina oraingoa ipuin sorta da. Zer dala eta aldaketa hau?

Aldaketa logikoa deritxot. Hirugarren nobelea kaleratu ostean neure buruari galdetu neutsan zentzurik ete eukan horretan jarraitzea. Bestalde, aldaketa ez da formatu hutsean gelditzen. Harago doa. Estiloan, esaterako, sano nabarmena da. Hautu bat izan da. Eta, gainera, hautu hori ipuinetako batean agiri da mozorroturik.


2.- Jolas moduan planteau dozu azken honen idazkerea. Zelan izan da hori?

Idazten dodanean gogoetei eta gaiei emoten deutset garrantzirik handiena. Zelan ekarri kezkak literaturara. Oraingoan, eta asmo horretan, literatura jolasak hobetsi dodaz ipuin gehienetan. Liburuko gai nagusiari heltzeko hainbat bide agertzen dira: batzuetan personaiek bilaketa batean ikusiko dabe euren burua; beste batzuetan oso sindrome bereziak agertuko jakez; hainbat kasutan troka baten ertzean sentiduko dira; eta bestetzuetan, barriz, errealidadearen eta fikzinoaren arteko muga lausoan ibiliko dira.


3.- Ipuin honeek eurek be jolas asko dabe barruan, ezta?

Bai, orokorrean batasun tematiko bat dagoan arren, ezin neike gauza bera esan ipuinen egiturez. Esperimentazinoan saiatu ez arren, forma-batasunagaz hausi nahi izan dot. Eta, hain zuzen be, egiturok jolaserako aukera desbardinak dakarrez. Adibidez, Zer grina izan daiteke bortitzagorik ipuina matrioska edo panpin errusiar baten legez azaltzen da. Edo Lerdo Makiladuna labirinto baten moduan ikusi geinke eta urteteko Ariadnaren haria beharko dogu. Modu honetan irakurleak disfrutetea nahi izan dot, baina aldi berean ezinegona sentiduarazotea.


4.- Desagertzea da ardatza edo gai nagusia ipuinotan. Zergaitik aukeratu dozu gai hori?

Agertu eta desagertu. Ikusgai ala ikusezin. Horreek guztiek gai nagusiaz gogoetea egitera bultzatu behar gaitue. Hau da, identidadeen auzia. Baina funtsean arrazoi bi dagoz: batetik, elementu horreek oso egokiak dira literaturara ekarteko; bestetik, azken urteotan izugarri aldatzen dagoz kontzeptuok. Adibide bat jarteko, lehen intimidaderako ziran espazio ugari publiko bihurtu dira Interneti esker. Beste bat: gazteek ez deutsie intimidadeari geure moduan begiratzen. Hainbat soziologok extimidadeaz berba egiten dabe aldaketaz ohartarazoteko. Eta, gainera, gero eta kontrol eskasagoa dogu gure irudiari buruz. Sartu Google Irudiak-en eta idatzi zure izena. Gaur egun ikusezintasunari eutsi nahi izatea matxinatze keinutzat hartu geinke.


5.- Bazterretik joatea nahiago duten personaiak aukeratu dozuz. Holako lagun askor ezagutzen dozuz? Zuk zeuk horreetatik zeozer dozu?

Bazterrekoak dira, bai, baina ez baztertuta dagozalako, bazterretik ibilten diralako baino, hau da, ertzeko personaiak dira, transgresoreak oso. Batzuetan, gainera, badirudi eskatzen jaken koherentzia galdu egiten dabela, lausotu egiten dala. Esangura horretan, arinak dira, pisu gitxikoak, eta mobimentu azkarrak egiten ditue. Personaiok azaleratzen ditue neure pasinoak eta ezinak, bizitzak lepo-bueltan dauen gorbatearen marapilo itogarria noiz askatuko. Ez dakit zer edo zer dodan horreetarik; amestu, ostera, bai.


6.- Personaia errealak be agertzen dira. Askotan irakurleak zer dan egia eta zer fikzinoa galdetzen deutso bere buruari...

Ados. Adibidez, benetakoak ete dira liburuko sindromeak? Bat bai, bestea asmautakoa. Nahiko neuke nik irakurleak bere artean galdetzea zer dan azken batean fikzinoa eta zer errealidadea. Inoiz ez dira alkarrengandik oso urrun ibili. Geure fikzinoek ehuntzen dabe neurri handi batean errealidade deitzen dogun horren sarea. Bestalde, fikzinoaren beraren gainean doguzan ideiak mudatzen ari dira etenbarik. Interneteko birtualidadeak emon deusku lehen zaplastakoa. Baina, luze barik, beste forma batzuk ikusiko doguz. Cyborg-erantz goaz geldiezin. Horren aurrean, behin eta barriro galdetu beharko deutsagu geure buruari fikzinoaren eta errealidadearen arteko marra lausoaz. Eta, bide batez, fikzinozko literaturearen zentzuaz hausnartu.


7. - Umorea be erabili dozu...

Bai, ipuin batzuetan saiatu naiz behinik behin. Horra hor beste aldaketa bat. Ironiagaz be ahalegindu naz, jakina.


8.- Noiz hasi zinan idazten eta zerk eroan zintuan idaztera?

Literaturzaletasuna euskerea ikasteaz batera bilakatu jatan idazteko afizio. Hasieran euskera-maila hobetzeko idazten neban. Apurka-apurka, baina, lantegi harek plazerari emon eutson bide.


9.- Kazetaritzan ibili zara urteetan. Orain zertan zabiz, idazteaz gan?

Bada, gehienbat, idaztera dedikatzen naz. Consonni arte produkzino etxeak enkargautako liburu bat daukat esku artean;. oker ez banago, luze barik argitaratuko dau Consonnik berak. Horrezaz gan, euskera-eskolak emoten dodaz eta han-hemen literatureari lotutako tailer batzuetan parte hartzen dot.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu