Topagunea euskera alkarteen mobimentuaren eragiletzan sakontzeko asmoz

Bizkaie! 2011-02-28 10:09   Euskerea berbagai

Ia ehun euskera alkarte eta berrehun bat lagun batu ziran zapatuan Bilboko Alondigean XXI. mendeko Euskaldunon Elkarteen Mugimenduaren Kongresuaren inguruan. Azkenengo hilabeteak gogoeta prozesu parte-hartzaile baten buru-belarri emon ostean, XXI. mendeko euskaldunon elkarteen mugimenduaren oinarriparrak txostena onartu eben batzarrean.

Ia ehun euskera alkarte eta berrehun bat lagun batu ziran zapatuan Bilboko Alondigean XXI. mendeko Euskaldunon Elkarteen Mugimenduaren Kongresuaren inguruan. Azkenengo hileak gogoeta prozesu parte-hartzaile baten buru-belarri emon ostean, XXI. mendeko euskaldunon elkarteen mugimenduaren oinarriparrak txostena onartu eben batzarrean. Topaguneko lehendakari Karmen Irizarrek eta zuzendari Jasone Mendizabalek gogoeta prozesuaren eta kongresuaren ondorioak aurkeztu zituen prentsaurrekoan.

Zapatuko batzarrean, euskaldunon gizarte mobimentu antolatuak euskerearen eta euskaldun hiztunen komunidadearen garapenean bete dauen funtzinoa azpimarratu eben eta, etorkizunean be, hizkuntzearen bizibarritzea gizarte mobimentuaren eskutik gauzatu ahal izango dala ekarri eben gogora. Euskaldunon alkarteek, herriz herri, Euskal Herri osoan, gizarte mobimentu horren ordezkaritzea izan dabe, eta hurrengo urteotarako euskaldunon batzeko leku izaten jarraitzeko apostua egin dogu, adierazo eben Topaguneko arduradunek. Horretarako, gizarte mobimentuak podere gune politiko, ekonomiko eta sozialetan eragiteko daukien konpromisoa bere egin dau euskaldunon alkarteen mobimentuak.

Mende laurena baino gehiago pasau da lehenengo euskera alkartea sortu zanetik. 1983. urtetik aurrera herriz herri euskeraz biziteko erabagia hartu eben hainbat euskaltzaleren ekimenez sortutako gizarte mobimentu hau, euskaldunen bilgune izateko eta euskaldunen komunidadea trinkotzeko bokazinoagaz sortu zan. Orduko ames eta beharrek bere horretan jarraitzen dabe eta euskaldunon alkarteen funtzinoak be hor dagoz. Urteotan egindako lanari esker, mobimentu honek 20.000 bazkidetik gora, 450 langile eta 1.400 boluntario batu ditu; herriz herri, eskualdez eskualde, euskaldunon bilgune autoeratuak antolatuz eta milaka egitasmo martxan ipiniz, azaldu eben Bilboko Alondigean.

Asko dira urteotan euskera alkarteek landu eta sortu dituen egitasmoak. Azpimarratzeko modukoak dira euskerazko toki hedabideak, kultur ekimenak, aisialdiko eskaintzea (batez be ume eta gazteei zuzendutakoa) eta mintzapraktika eta sensibilizazino arloko egitasmoak, eta entidadeak euskalduntzeko proiektuak.

Euskeraz biziteko aukerak eta baldintzak sortzeko bidean euskaldunek behar dituen arnasguneak antolatzea eta zaintzea lehentasunezko helburutzat jarri eben euskaldunon alkarteek euren hausnarketan. Izan be, euskaldungoak euskeraz biziteko baldintzak izateko, euskerearentzat espazio eta funtzino hegemonikoak behar dirala uste dabe mobimenduko kideek. Euskaldunon alkarteek helburu horreek bultzatzen ipiniko dabe indarra hurrengo urteetan be, kongresuan nabarmendu ebenez. Ez da funtzino barria, baina sakondu egin nahi dabe arlo horretan be.

Horrezaz gan, euskera alkarteen eta erdaldunen arteko hartu-emonak sakontzeko asmoa be agertu eben Bilbon. Euskaldunon alkarteetatik euskeraz ez dakienekaz batera ekimen barriak martxan ipinteko beharra azpimarratu eben. Lehenengo eta behin euskerarik ez dakien horrenbeste herritarren ahalegina autortu gura dogu, euren sostenguari esker euskalgintzako hainbat proiektuk bidea egin ahal izan dabelako eta beste hainbat modutara etenbako ekarpena egiten deutselako euskereari, azaldu eben Topaguneko arduradunek.

Eragite lanari jagokonez, Topaguneko ordezkariek bereziki azpimarratu eben hizkuntzearen bizibarritzean jakintzeak eta ezagutzeak daukien garrantzia. Hizkuntza politikea ezagutza soziolinguistikoan oinarritu behar dala aldarrikatu eben eta ezagutza horreen ganeko adostasun soziala eta politikoa landu beharra be azaldu eben. Izan be, mobimentuaren barruan ezagutzearen transmisinoan sakondu beharra izan da euskera alkarteen hausnarketa prozesuak emon dauen beste emoitzetako bat.

Topaguneko arduradunek azpimarratu ebenez, mende laureneko lanaren balorazinoa eta etorkizuneko lan-ildoak erabagiteko balio izan dauen prozesu hau mugarri izango da euskera alkarteen mobimentuaren ibilbidean. 2010eko urtarrilean Durangon egindako jardunaldiekaz hasi zan prozesua. Euskera alkarteen inguruko hamabost adituk osotutako batzordeak atondu eban oinarrizko ponentziaren proposamena eta hurrengo hileetan Topaguneko bazkide diran euskera alkarte guztietara zabaldu zan hausnarketea. Azken hileotan 250 lagunetik gora ibili dira hausnarketan, zapatuko saiora heldu arte. Bilboko batzarra gogoeta prozesuaren barruan egin dan jentetsuena izan da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa