Luis Baraiazarra: 'Ertzetako euskalkietako ordezkari gehiago behar dira'

Koldo Isusi Zuazo 2006-06-02 02:00   Barriketan

Maisu, idazle, ikerlari eta itzultzaile meñakarra

Meñakan, 1940ko martiaren 17an jaio, herriko eskolan lehen ikasketak egin eta 12 urte beteteko egoala Zornotzako Karmeldarren ikastetxean sartu zan. Latin eta giza zientziak Zornotzan eta Nafarroan, filosofiako hiru urteak Gasteizen eta teologiako lau urteak Begoñako Karmelon egin ostean, 1966an abadetu eta hiru bat hilabete Larrean egin eta gero, Markina-Xemeinera joan zan, eta han bizi da ordutik, Madrilen igarotako sei hilebeteak kenduta.

Eleiz ikasketak ez eze, maisutza-karrerea egin eban Valladoliden, eta geroago Euskal Filologia Deustuko Unibersidadean.

Hogei bat urte irakaskuntzan ibili ostean, 1988an Bostak bat lantaldean sartu zan buru-belarri eta azken urteotan idazten, hiztegigintzan, ikerkuntzan zein itzulpengintzan dabil.


1. Ezer baino lehen, zorionak Urrezko Luma sariagaitik. Olerki, ipuin zein bertso jarrietan sariak irabazita daukazuz, baina Urrezko Luma jasota ze gogoeta egiten dozu?

Holako gauzetan apur bat lotsorra naz. Ezkutuan eta isil-isilik euskal lanak egiten dodaz eta holako plaza baten jentaurrean agertu eta Urrezko Luma jasotea pozgarria da, duda barik, baina lotsatu egiten naz. Sentimentu bikotxa, beraz, poza barru-barruan, baina, era berean, lotsa. Euskal Herrian jente asko dabil nire moduan eta ni baino gehiago be badabil isil-isilik beharrean euskerearen alde, eta horreek zeozelako autorpena merezidu dabela pentsetan dot. Aurten neuri tokau jat, nigaz gogoratu dira eta eskerrak emotea baino ez daukat.


2. ‘Nire umetako Meñaka’, 36ko gerra osteko Meñakan oinarritutako 326 orriko liburu didaktikoa da, balio etnografiko handikoa, sasoiko ohitura, olgeta eta bestelakoak gaur galduta dagoz eta...

Bai. Liburu didaktikoa, balio etnografikoa eta hizkuntza arlokoa be badauka, baina lagin bat baino ez da, ze kapituluak, gaiak... ez dagoz zabal jorratuta. Jenteari itaunka be ez naz ibili; neuk gogoan neukazanak batu dodaz. Bihotz-bihotzez idatzitako liburua da.

Pentsaizu, sarritan behar aspergarrietan be ibili naz azken aldion, gehienetan itzulpenetan eta hau, ostera, aspaldi, gogotsu, ezelako konpromisorik barik hasi neban. Euskaldun guztientzat euskera batuan gauzak egitea da jokerea, baina geure aitak eta amak ulertzeko moduko euskera on eta errazean egiteko ez ete gara ba kapaz izango? Pentsamentu hori joan eta etorri ebilen sarri nire buruan, ze txikitako gauzak nahiko grabauta neukazan eta, beste barik, neuretzat izateko asmoz idazten hasi nintzan. Aita Juan Iturregi mungiarrak makinatxu bat anekdota eta pasadizu be kontau eustazan, eta horreetan eta neure esperientzietan oinarrituta etorri da liburua. Geroago, barriz, Sollubepeko herri euskalduna azken urteotan goitik behera aldatzen, erdalduntzen doala ikusirik, Meñakako kultura zinegotzia etorri jatan herriko kontu zaharrak batuz libururen bat idaztea proposatuz. Jakina, euskerearen alde edo erlijinoaren alde lanen bat eskatzen deustienean, ezin ezetzik esan, neuk maite dodazan gauzak diralako.

Nire iturria laster agortuko ete zan bildurrez ekin neutsan serio lanari eta, badakizu, berbeak berbea dakar eta kontu batek beste bat, eta apurka-apurka tiraka buruan baztertxu baten neukazan gauzak etorri dira argitara.


3. Bizkaiera batuan eta literarioan idatzita dago liburua. Mendebaldeko idazle klasikoak izan dira zure eredu? Bizkaiera batuaren eregite prozesua zelan ikusten dozu?

Bai. Bizkaiko ekialdeko (Markinaldeko) eta neure jaioterriko euskerearen sintesia erabili dot eta, jakina, Fray Bartolome eta Mogelen testuetatik asko edan dot. Horixe subertea eduki dot, mendebaldean jaio eta azken 35 bat urtean ekialdean bizi nazelako.

Beste alde batetik, euskalzale garanok, apurka-apurka aspalditik gabilz beharrean eta zelan edo halan, gitxi edo asko, giroak laguntzen eban neurrian, beti egin dogu euskalkiaren alde eta eginez-eginez joan gara, esangura horretan, bide ziur bila gabilz Bizkaiko euskerearen inguruan gabilzanok eta zorionez, badagoz talde batzuk horretan buru-belarri jarduten. Julen Urkizagaz batera, Bidegileak sailean, lau personaien biografiak egin dodaz eta geu be, zu, ni eta beste asko bizkaierearen arloan bidegile garala.


4. Irakaskuntzan 20 urte egin zenduzan. Zure ikasle izandako asko hor ibiliko dira gizarteko arlo askotan... Gaur egungo irakaskuntzea, heziketa ereduak, baloreak goitik behera aldatu dira...

Bai, nire ikasle izan dira: Markina-Xemeingo alkatea, Xabier Alberdi; Patxi Juaristi, irakaslea, idazlea eta soziologoa; Marieli Ituarte idazlea; Aitor Zuberogoitia kazetaria... Jente jatorra, benetan eta pozgarria da hori.

Ondo esan dozun legez, 20 urte egin dodaz irakaskuntza arautuan, baina hori baino lehen, euskerazko eskolak emoten, erdal giroan euskerea sartzen be luzaroan ibilitakoa naz. Gaur Veracruz ikastolea dan hori, erdalgunea zan, batxillerreko nesken barnetegia. Juan Vicente Gallastegi euskalzaleak eta beste batzuek bidea zabalduta sartu nintzan ni eta hasieran nahikoa gogorra izan zan, ze sasoi haretan, orain 40 bat urte euskerea bazterreko ikasgaia zan eta, ganera, ez egoan ezelako metodologiarik; geure esku egoan guztia egiten genduan. Geroago etorri zan euskerearen susperraldia, ikastolak, alkartegintzea...


5. Laster 20 urte egingo dozuz hiztegigintzan ‘Bostak bat’ lantaldean sartu zinanetik. Euskaltzaindiarentzat Hiztegi Batua da euskal berben, aldaeren eta horreen guztien erabilerearen zuzentasuna edo egokitasuna erabagiteko erispidea. Edozelan be, alor espezializatuan hutsunea dago oraindino...

Bai, alor teknikoetan ez eze, baita euskalkien arloan be, gure lantaldean gipuazkoarrak dira gehienak. Euskalkien lekukotasuna hiztegira eroaten ahalegintzen gara, baina Hiztegi Batuko lantaldean, bizkaitar bakarra naz eta Iparraldeko Davant baino ez dago; ertzetako euskalkietako ordezkari gehiago behar litzatekez; nik neuk karga handiegia sentiduten dot, sarritan aztertzen doguzan zerrendatan tarteka Bizkaiko markeagaz, baina ezagutzen ez dodan berbaren bat be egoten dalako eta neuk ezagutu ez arren, beste batzuentzat eguneroko berbea izan daitekealako.

Teknika arloko berben gorabeheran, Mikel Zalbide, Andoni Sagarna eta beste batzuk egozan ni sartu nintzanean eta benetako segurantzea emoten deutsue, baina pentsaizu Hiztegi Batua izanik, arlo espezializatuetako berbak ez dirala hor sartzen. Edozelan be, alor espezializatuetarako hemengo jente gehiago behar dala uste dot.

Bestetik, komunikabideek eta eskoletako hiztegiak eta egin behar doguzanok presa eukiten dogu eta zehaztasuna gura izaten dogu, baina berbak finkatzeko prozesua luzea eta geldoa da, amaiera zehatzik bako prozesua, hizkuntza bat gauza bizia dalako.


6. Itzulpengintzan be makinatxu bat lan egin dozu. Deigarrienak, akaso, Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoarena (2003) eta aurten itzulitako ‘Deus Caritas est’, Benedikto XVI.a Aita Santuaren lehen Entziklikearena. Dotrina eta erispideetan, ze barrikuntza dakar Benedikto XVI.ak? Eleiza Katolikoa ez ete doa gizartearen atzetik?

Bueno, maminari ez deutsat larregi erreparau, itzultzen nahikoa lan euki dodalako, danetara, 1500 bat orri izan diralako eta, beraz, holako konparazinoak egitea ez da erraza. Edozelan be, barritasuna baino gehiago, ñabardurea dakarrela esango neuke; lehengo denporetan Elizan, morala azpimarratzen zan, alde iluna, pekatua, bildurra ...; ohitura onak eta sartu gura izaten ebezan. Vatikanoko II. Kontzilioaren ostean, barriz, irudi hori asko aldatu zan eta Benedikto XVI.ak Jaungoikoaren irudia, maitasuna eta Eleizearen karidadea azpimarratu ditu. Aita Santu hau nahiko argia, zientifikoa, teologo bikaina da eta, akaso, Ratzinger zorrotzaren irudia eukiko dau jenteak buruan, baina nik uste dot zintzoa eta maitegarria dala.

Entziklikea korapilatsua bai baina laburra izan da, 30 bat orrikoa, baina Kontzilioarena ikaragarria izan zan; danetara, 1.500 orri, eranskin piloa (gaztelaniazko bersinoan ez datozenak), agiri osogarri danak, 66 orriko aurkibide analitikoa.... Hiru urteko beharra izan zan eta pena handia daukat prentsan oihartzun gitxi euki ebalako; testu erlijiosoak izan arren, euskerearen aldetik ekarpen handia da; teologiako terminologiaren aldetik ekarpen handia dala uste dot.

Azken itaunari erantzunez, bai, Eleizea gizartearen atzetik doa, eta beti izan da holan. Eleiza Katolikoaren hierarkia holan dagoala, arriskua dago: geure buruari begira egoteko arriskua. Gure gizartean gauzak bizkor aldatu dira eta, beharbada, Eleizako jentea segurantza bila, atzera begira, egon daiteke. Ausartago jokatu behar litzatekela uste dot eta balore unibersaletan oinarritu, maitasuna, zintzotasuna, errespetua (Ebanjelioko baloreak dira) jentearen alde onak ikusten jakin...


7. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko idazkari izan zara urteetan eta epaile lana be egin dozu sarritan. Andoni Egañari txapela kenduko deutsona bizkaitarra izango ete da ba?

Leitekeana da bizkaitarra izatea, Iturriaga, Elortza... edo Iparraldekoa; Amets Arzallus oso ondo ikusten dot, originala da. Baina Andoni Egaña gogorra da, jantzia, irudimen handikoa, erraztasun itzela daukana. Esan leiteke bertsolari zaharren etorria daukala eta bertsolari modernoen freskotasuna. Txapela oholtza ganean kentzea ez da erraza izango; beste kontu bat izan daiteke, aspertuta erretiretako erabagia hartzea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu