Txinatarren sexua

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2006-06-02 02:00   Bidaide

Asia erraldoietik egindako ‘osteratxuan’, besteak beste, txinako gazteek daukiezan jokera sexualak eta azken aldiko eboluzinoa aztertu doguz.

Txinako sexu iraultzeaz berba lar egin da, iraultza legez definidu ete daitekeen, iraultza industrialagaz bat datorren ala ez... Egia esan, bertako 1.300 miloe biztanleen ohiturak egunero aldatzen dira, ekonomia eta anbizinoa handitzen doazen heinean. Hori erakusten dabe jentez ganezka dagozan Mc Donald´s jatetxeek, uri handietako diskoteka erraldoiek eta bideoz betetako bideoklubek. Mendebaleko kutsua hartzen doaz; hori bai, txinatar erara.

Asia erraldoietik egindako ‘osteratxuan’, besteak beste, txinako gazteek daukiezan jokera sexualak eta azken aldiko eboluzinoa aztertu doguz. Pentsetan dozuen moduan, ez da bape erraza Shanghai lako uri batean kamarea eta mikrofonoa hartu eta jokera intimoen ganeko galderak egiten hastea. Baina... ze demontre! Horixe bera egin dogu eta ondo urten dau ideiak. Holan, konklusino bat atara dogu: txinako uri erraldoietan, sexuaz berba egitea ez da tabua, ezta nesken artean be.

Onartu behar dot ez ginala kale gorrian jarri edozeini edozer galdetzen. Shanghaiko Fudan unibersidadera joan ginan eta campus erdian montau genduzan tripodea eta kamerea. Kuriosidadez hurreratzen ziranak atrapetan genduzan, piratak izango bagina legez. Lehenengo minutuetako lotsearen ostean, galdetu geuntsen DANEK erantzun eben ezelako arazorik barik eta ingeles ulergarrian. Hareen berbetatik konklusino gehiago atara doguz.

Lehenengo eta behin, txinatarrek daborduko ez dabe ikusten sexua modu negatiboan eta seme-alabak izateko baino balio ez dauen moduan. Gazteek, 18 urteko Bian Ye psikologia ikasleak legez, sexu hartu-emonen bidez plazerra bilatzea zeozer naturala dala uste dabe. Eta ganerako alkarrizketatuen ideiakaz bat datorren baieztapena ganeratzen dau: ez da ezkonduta egon behar sexu hartu-emonak izateko. Beraren mutil-laguna, 21 urteko Hao Jun Feng medikuntza ikaslea, bat dator, eta sexua amodioagaz bat etorri behar dauela uste dau.

Orain dala urtebete, gitxi gorabehera, Pekineko neskato gazte baten blogak zeresan handia emon eban. Bertan, zehatz-mehatz kontetan ebazan ehun bat gizonegaz izandako hartu-emon sexualak. Ziber-espazio hori berehala egin zan Txinako ezagunena, bisitau dabela gitxi batzuk onartu arren. Fan Fan, 19 urteko informatika ikasleak, bai bisitau dau: ‘Txinan, gero eta neska gehiago dagoz holakoak. Gau bateko hartu-emon sexualak indarra hartzen doaz’. Seguruenik, Fan Fan zuzen dabil. Baina benetako aldaketea honakoa da: orain dala urte batzuk, hori pentsauezina zan eta horretan ibilitako neskea emagaldua dala esango leuke herriak (gizonen kasua desbardina izango litzateke).

Erantzunak konserbadoreagoak dira ezkontzatik kanpoko hartu-emonez berba egiten hasten garanean. Huang Luwen, 19 urteko Kimika ikasleak argi dauka ez dala mutil-lagunagaz biziko ezkondu aurretik, momentu hori baino lehenagoko sexua txarto ikusten ez dauen arren. ‘Desbardina da: sexuak ezkontzeko pausu garrantzitsua emon baino lehenago alkar ezagutzeko balio dau eta hori ontzat joten dot. Baina alkarregaz bizitea... Ganera, nire gurasoek ez leukie sekula onartuko’.

Bitxia da baina Shang Ting Ting, Luwenen edade bereko Ingurune Zientzien ikasleak eta lagun mina danak kontrakoa pentsetan dau: ‘sexua da konpromisorik handiena. Horregaitik, nik ez neuke ezelako arazorik izango mutil bategaz biziteko baina ez neuke beragaz amodioa egingo ezkondu baino lehenago’.

‘Eta homosexualidadea?’. Gorritu egiten dira. Hori bai badala gai tabua, gobernuan behintzat. Gaiaren ganean informazino gitxi daukiela igarten da. ‘Ba... ez dot uste txarto dagoanik; azken batean, amodioa lako zeozer da, ezta?’. Duda barik, ez deutse horren ganeko ezer erakusten sexuaren ganeko ikasgaietan.

Ideia batean danak datoz bat: euren gurasoek eta eurek sexuaz daukien ikuspuntua oso desbardina da. ‘Belaunaldi batean asko aldatu da kontua. Sexuaz eta sentimentuez dagozan ideiak desbardinak dira orain. Daborduko ez dagoz aurretik berbatutako horrenbeste ezkontza eta normala da kalean laztanak eta maitasuna erakusten daben jokerak ikustea’.

Jokeren aldaketen ganean, berba egiten dauen personearen ikuspuntuaren araberako teoriak egin geinkez. Ting Ting-ek mendebaldeko ohituren eragina dala uste dauen bitartean, Bian Ye-k gurago dau pentsau personen arteko hartu-emonak ezelako taburik barik ulertzea aurrera egitea dala. Dana dala, egia da Txina, eta txinatarrak, oso arin aldatzen dirala eta gatx egiten da orainaldia bera ezagutzea. Aztertu dogula pentsetan dogunerako historia bihurtu da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu