2008ko azterketearen emoitzen arabera, katalanaren erabilerea jaitsi egin da
2009-07-20 13:43 BertsolaritzeaHainbatetan, gitxiagotutako hizkuntzak indarbarritze kontuetan eredugarritzat hartu ohi da Katalunian herri-aginteek garatzen diharduen jarduna. Askotan hango eta hemengo politiken artean be parekidetzeak egin ohi dira, zer bide jorratu eta zer ez iradokitzeko baliatuz.
Errealidade soziodemografiko, soziopolitiko, soziolinguistiko eta linguistiko oso diferenteak doguzala ahaztu ohi da, izan be, batetik, euskera-gaztelania/euskera-frantsesa eta katalana-gaztelania/katalana-frantsesa hizkuntza bikoteen arteko distantzia linguistikoak ez dira ezelan be parekideak; halanda ze, euskera eta katalan hizkuntzetan gitxieneko mailea eskuratu ahal izateko herritarrek behar daben denporea ezin dira erkatu; eta bestetik, hizkuntza bakotxaren bizi-indarra, dentsidade demolinguistikoa oso bestelakoa da, hizkuntza bakotxean gertatzen dan erabileran eraginez. Halanda be, desbardintasunak desbardintasun badira antzekotasunak be.
Gaurko egunez, Kataluniako lagunek aurreko astean aurkeztu eben katalan hizkuntzearen erabilereari buruzko 2008ko datuak eskuratu deustiez. Datuen mozkorraldia ebitau nahian, ohar jakingarri batzuk laburbiltzen ahaleginduko naz:
a) 2003ko datuakaz konparauta, Katalan hizkuntzearen erabilereak behera egin dau bai kopuru absolutuetan bai erlatiboetan be. Halanda guztiz be, Katalunian etorkinen hazkundeak izan dauen bilakaerea ikusita, aurreikusitako emoitzak baino hobeak dira. Egindako azterketearen arabera, badira era berean bestelako hizkuntzak, erabilera esanguratsua ez eze, goranzko joerea be erakusten dabenak: arabiera da horreetariko bat. Gure kasura etorriz, etorkinen pisua txikia da gure artean, nahiz eta adin-tarte batzuetan (20 eta 40 bitartekoetan) % 10 izatera ailegatzen dan. Etorkinen etorrereak, hemengo biztanleriaren zahartzeak eta jaiotze-tasa urriak euskerearen indarbarritze-joerea apaltzea ekarri dau azken urteotan. Edozelan be, euskerearen bilakaerea katalanaren azken urteotako bilakaerea baino hobea izan da.
b) 2008ko azterlanak agerian itxitako datu positibo bat: hasierako hizkuntza katalana daukien herritarren eta hasierako hizkuntza katalana izan barik identifikazino hizkuntza eta ohiko hizkuntza katalana daukien arteko aldea; izan be, aldea positiboa da. Halanda ze, ikuspegi horretatik ez dago galerarik hazkundea baino.
c) Hizkuntza transmisinoak be ondo funtzionatzen dau katalanaren kasuan. Izan be, persona gehiago dira seme-alabekin berba egiten dabela adierazten dabenak gurasoekin baino. Horrek belaunaldi batetik bestera hazkundea gertatzen ari dala adierazoten dau. Halanda guztiz be, joera horri eustea eta areagotzea erabagigarria subertauko da, besteak beste, etorkin moltzo zabal horren integrazinoa ahalbidetu eta dislokazino demografikoa ez gertatzeko.
d) Edozelan be, biztanleriaren heren batek dauka ohiko hizkuntzatzat katalana. 2003ko datuekin alderatuta jaitsiera nabarmena da, 2003an % 50 izatera ailegatu zan eta. Horri jagokonez, iruzkin batzuk egitea komenidu da. Batetik, 2003 eta 2008 urteetako azterketetan erabilitako metodologiak desbardinak dira; izan be, 2003an sexua eta adina aldagaiak erabili ziran, jaioterria aparte itxita. Horrek, katalan jatorriko persona gehiago kontuan hartu ebazan, katalan hizkuntzearen alde jokatuz (etorkinek adin-tarte batzuetan daukien pisua beste batzuetan daukiena baino askozaz handiagoa da. EAEn, esate baterako, biztanleria osoaren % 4,6 dira -Kataluniarekin alderatuta heren bat-, adin tarte batzuetan, ostera, %10 izatera igarotzen dira (Iturria: INE 2007); bestetik, aurrekoa halan izanda be, jaitsiera esanguratsua da eta ez dago ezkutatzerik. Horren arrazoia, 2001. urtetik Kataluniara hurreratutako miloe bat etorkin (1998-2007 epealdian, % 2 izatetik % 13,5 izatera igaro dira, beraz, sei halakotu baino gehiago egin dira) izan daitekez (biztanleriak tamaina horretarako bilakaera izan ez dauen lekuetan zer gertatu dan be begiratu behar da; halanda be, eremu horreetan bizi diran herritarrak gitxi dira, uriguneen aldean pisu demografiko urria daukie).
e) Gazteen artean gertatzen da, erabilereari jagokonez, gaztelania eta katalana hizkuntzekin identifiketako joera indartsua, helduek erakusten dabena baino indartsuagoa.
f) Badirudi katalan- eta gaztelania-hiztunen egokitzapena noranzko bitan gertatzen dala. Hau da, alkarrizketa bat katalanez hasten danean, katalan hizkuntzearen aldeko joerea indartu egiten da eta gaztelaniaz hasten danean, barriz, gaztelaniarako joera da indartzen dana. Era berean, alkarrizketan zehar, solaskideak darabilen hizkuntzara egokitzeko joera bardinkidea da.
Azterketearen datuak hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!