Arrate Illarogaz eta Itxaso Paiagaz berbetan

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2009-04-23 15:07   Bertsolaritzea

Aspaldi esan genduan bizkaiko bertsolari gazteak gogotsu datozela. Zapatu honetan ikusiko dogu aurrekoaren beste adibide bat. Bertso-saio bi egingo dira: Osinalde sariketea Gabirian eta Hernandorena sariketea Aiherran. Lehengoan, Arrate Illarok kantauko dau eta, bigarrenean, Itxaso Paiak. Bizkaie! protagonistakaz berbetan egon da.

Aspaldi esan genduan bizkaiko bertsolari gazteak gogotsu datozela. Zapatu honetan ikusiko dogu aurrekoaren beste adibide bat. Bertso-saio bi egingo dira: Osinalde sariketea Gabirian eta Hernandorena sariketea Aiherran, eta lau arpegi ezagun izango doguz kantuan bertan. Osinalden, Jone Uria, Miren Amuriza eta azkeneko momentuan Maialen Velarderen ordez parte hartuko dauen Arrate Illaro. Hernandorena sariketan kantetakoa zan Itxaso Paiagaz batera baina ordezko egoan Osinaldekoan. Bizkaie! Arrate eta Itxasogaz egon da sariketa honeen ganean berba egiteko. Gehiago luzatu barik, hona hemen euren berbak:


1.- Ze desbardintasun ikusten dozue Bizkaiko Txapelketaren eta zapatukoaren moduko sariketen artean? Eta horreen eta bertso-saioen artean?

Arrate Illaro: Osinalde eta Hernandorena moduko sariketetan gazteek baino ez dabe parte hartzen eta horrek, askotan, bertsolagun izandakoakaz kantetara garoaz. Zapatuan, berbarako, Jone Uria eta Miren Amurizagaz kantauko dot, eta 14 urtetik hona daroat eurakaz bertsotan. Bizkaiko Txapelketan, barriz, edozeinegaz aritzeko aukerea izaten da. Zeanurin Igor Elortzagaz izan neban kanporaketea, eta nahiz eta ofiziotan ez aritu, gogoz hartu neban saioa. Bestalde, sariketek beti izaten dabe presinoa, epaileak dirala eta, eta ni behintzat gusturago ibilten naz bertso-saioetan. Bertso-afari arruntek askoz gehiago gozetako aukerea emoten dabe.

Itxaso Paia: Zapatuan iparraldeko 3 bertsolari aritu ziran bertsotan; Bizkaikoan, barriz, bizkaitarrak baino ez. Horrezaz aparte, Bizkaiko Txapelketan presinoa handiagoa da, Hernandorena sariketea gazteentzako aukera moduan sortua izan zan. Polita izan zan Maulen kantetea, bidaia gogorra izan bazan be. Bertan, bertso-saio baten moduan gozetan ahalegindu nintzan, puntuak ahaztuta. Bertso-saioetan gozetan ahalegindu naz batez be, eta txapelketetan zein ona izan neintekean erakusten. Zapatuan gauza barri bat ikasi neban: badago modurik zein ona izan neintekean erakusteko eta, aldi berean, gozetako.


2.- Zein da zuon helburua?

Arrate Illaro: Nire helburua gustura aritzea eta ikusleak sentsazino onagaz ixtea da. Saioaren ostean, baten bat hurreratu eta ondo aritu nazela esatea da jaso neikean saririk onena. Segurutik, publikoa pozik ikusten badot ni be pozik geratuko naz.

Itxaso Paia: Saiora gerturatzen dan jentea hunkitu gura dot, nigaz barre edo negar egin daian. Txalo kopurua lortutako puntu kopuruaren hirukotxa izatea be ondo legoke. Eta, azkenik, etxera bueltatean txapel barri bat oparitzea amatxori.


3.- Preparazino berezirik egin al dozue?

Arrate Illaro: Kurtsoan zehar bertso-eskolara joaten naz, baina Aste Santuetan oporrak hartzen doguz eta ez dogu prestaketa berezirik egin.

Itxaso Paia: Bai, estrategia emonkorra, antza. Hilebeteak daroadaz bertso-eskolara joan barik, Hitzetik Hortzera ikusi barik… Bertso-desintoxikazino apur bat eta antzerkia nire lagun minak izan dira.


4.- Sariketa nahiko dagozala uste dozue? Edonork dauka zapatukoaren antzekoetan parte hartzeko aukerea? Horren aldekoak zarie?

Arrate Illaro: Uste dot sariketa nahiko dagozala, arazoa da betikoak kantetan badabe, besteek ez dabela inoz parte hartzeko aukerarik izaten. Ez dot esango nire kasua danik, ni gustora nabil-eta. Halanda be, pentsetan dot gazte bat baino gehiago egongo dala baten batek noz deituko zain. Bestalde, antolatzaileak dira bertsolarien izenak erabagiten dituezanak, eta nik ezin deutsat galdera horri erantzun. Baina pentsetan dot bertsotan aritzen jakiteagaz nahikoa dala sariketa baten kantetako. Jakina da gazteok saio gitxi izaten doguzala eta horrelako aukerak eskertzen doguz.

Itxaso Paia: Edonork ez, baina Eskolarteko Txapelketetan zeresana izan dabenek noski baietz. Badago hainbat sariketatan parte-hartzeko aukerea: Hernandorena, Osinalde, Bertxoko, Abra… Txapelketa Nagusi bakarra egotea olinpikoegia izango litzateke.


5.- BBkn be parte hartu zenduen. Taldean ala bakarka gurago? Zer abantaila eta desabantaila ikusten deutsazue bakotxari?

Arrate Illaro: BBK sariketa taldean lehiatzen garelako gustetan jat. Urtean baten izaten da eta bertso-eskolan sano giro ona izaten dogu garai horretan. Lagunak gara eta gustetan jaku talde-lanean aritzea. Halanda be, bertsolariak bakarrik ibili behar izaten dau normalean eta guk hori txikitatik ikasten dogu. Ohituta gagoz lagunak animetan eta euren animoak jasoten. Bakarka aritzea gustau ezean ez nintzateke bertsotan ibiliko. Beraz, biak gustetan jataz. Taldekako sariketetan norberaren hanka sartzeak guztiek ordaintzen dabez, eta hori presinoa gehitzeko desabantaila izan daiteke. Zorionez, taldekideen babesa be izaten da. Bakarka, barriz, ez dago beste inor inguruan, baina akatsak egin edo ez, norbera da ondorioak jasoten dituan bakarra.

Itxaso Paia: Nire buruan sinisten ahalegintzen naz beti eta askotan nire buruagaz konfiantza handiagoa daukat beste askogaz baino. Bakarka lanean gustura aritu izan naz urteotan zehar, baina taldeko lanak badauka sari berezi bat eta horrek xarma emoten deutso. Ofizio bateko adiskideak zer dinoan entzutea bestean garrantzitsua da taldeko lana. Halanda be, ondo kantetearen ardurea taldekide bakotxeko biderkatzen da eta lehen aitatu dot ez nazala presino handien zalea.

Subertea euki dagiela!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu