'Zine Kontari' Bilbon, Euskal Herriko Gidoilari Profesionalen Alkartearen eskutik
2015-11-10 13:04 Zinemea20. urteurrenaren harian, Euskal Gidoigileak Alkarteak hainbat ekitaldi berezi antolatu ditu aurten, horreen artean bat, SGAE Fundazinoagaz abiarazoten dauen Zine Kontari 2015 euskera hutsean idatzi eta egindako zinema erakustaldia, Bilboko Campos Eliseos Antzokian gauzatuko dan era honetako lehenengo agerraldia.
20. urteurrenaren harian, Euskal Gidoigileak Alkarteak hainbat ekitaldi berezi antolatu ditu aurten, horreen artean bat, SGAE Fundazinoagaz abiarazoten dauen Zine Kontari 2015 euskera hutsean idatzi eta egindako zinema erakustaldia, Bilboko Campos Eliseos Antzokian gauzatuko dan era honetako lehenengo agerraldia.
Helburua, berez, euskerazko film labur eta luzeak sustatzea da. Bertendona kalean dan gune kulturalaren Kupula Aretoak hartuko dau erakustaldia (seigarren pisuan), zemendiaren 23tik 26ra. Emonaldi guztiak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira, egunero, 2 euroko salneurri sinbolikoaren truke.
Lau egunetan zehar hainbat genero zein formato desbardin erakutsiko dira Zine Kontari 2015 ekimenean. Estreineko hautaketa honetan ondoko filmak izango dira ikusgai:
Lehenengo egunean, zemendiaren 23an, astelehenean: Kimuak bildumako film labur erakustaldia (8 guztira); Koldo Almandoz, Telmo Esnal, Asier Altuna, Angel Aldanondo, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi euskal zinemagileen lan laburrak proiektauko dira.
Bigarren egunean, zemendiaren 24an, martitzenean: Bypass, Patxo Telleriak idatzi eta oraintsu hildako Aitor Mazok zuzendutako film luzea izango da ikusgai. Bide batez, filmaren zuzendariari omenaldi bat egin nahi izan jako, hain zuzen be, lan luze honen programazinoagaz.
Hirugarren egunean, zemendiaren 25ean, eguaztenean: 80 egunean filmaren txandea izango da, Loreak filmaren arrakastearen ondoren, Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren filmari be aukerea emotea erabagi dabe antolatzaileek. Aurtengo Oskarrak jomugan dituan filma baino ezezagunagoa da, akaso, lan hau, eta horregaitik programatzaileek film hau eskaintzea erabagi dabe, gidoilari eta zuzendari biek aldez aurretik egindakoa be sustatzeko asmoz.
Laugarren egunean, zemendiaren 26an, eguenean: Bertsolari filma izango da protagonista. Hainbat genero eta formato desbardin tartekatzeko jarrereagaz bat eginez, Bertsolari dokumentala proiektauko da azken egunean, Asier Altunak idatzi eta zuzendu dauen dokumentala. Altunak aurtengo Donostiako Zinemaldian Euskal gidoilari onenaren Saria jaso dau, hain zuzen be, Euskal Herriko Gidoilari Profesionalen Alkartearen eskutik, kasu honetan, Amama lan luzeagaitik.
Era berean, Campos Antzokiak hartuko dauen euskera hutsezko lehen zinema erakustaldi honetan nazinoarte mailan proiekzino gehien daben euskal gidoilari eta zuzendarien lanak izango dira ikusgai.
Antolatzaileen asmoa da filmetako protagonistak proiekzino egunetan egotea, filmak ikusi ondoren, ikusleakaz barriketaldia egin ahal izateko. Dana dala, profesional gehienak promozino lanetan edo eta kanpoan diranez, egon daitekezan parte-hartze desbardinak aldez aurretik komunikauko dira, sare sozialen bitartez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!